abenduak 9

Guaixe Irratia 2024ko abe. 9a, 10:55

Albisteak,

  • Valentzian Goi Mailetako Depresio Isolatuak (GOIDI) izan zen lastailaren 29an. Horrek 200dik gora hildako eta kalte material ugari sorrarazi zituen. Egoera horren aurrean Irurtzungo Udalak ekarpen ekonomikoa egitea erabaki zuen, baita egin nahi zuen irurtzundarrek ekarpenak egiteko kontu korronte zenbaki bat irekitzea ere. Udalak mila euroko ekarpena egin zuen eta bizilagunen ekarpenak 2.595 eurokoak izan dira. Guztira 3.595 euro dira. Diru hori Irurtzungo Udalak Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari emanen dio, federazioa izanen baita Nafarroako udalerri guztien ekarpenak jaso eta kaltetutako udalerriei helaraziko dizkiena. Irurtzungo Udaletik, atzera ere, “gure elkartasuna eta animoa adierazi nahi diogu Valentziako herri osoari” adierazi diote.
  • Euskaltzaindiak Ageriko bilkura egin zuen azaroaren 30ean eta aukera baliatu zuen maiatzean izendatutako urgazle eta ohorezko berriei diplomak banatzeko. Hogeita bat ohorezko euskaltzainen ikurra jaso zutenen artean Pello Mariñelarena Martinez etxarriarra dago, besteak beste, urtetan Nafarroako Ikastolen Federazioan lan egin duena. Diploma jaso zuten bederatzi euskaltzain urgazleren artean Ekaitz Santazilia Salvador dago, Iruñean sortutako lakuntzarra. Bera, besteak beste, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea eta Jose Mari Satrustegi Zubeldiak sortutako Fontes Lingua Vasconum aldizkariko zuzendaria da. 
  • Euskaraldiaren laugarren edizioak badu kanta: Gure bihotzaren taupadak. Bulego taldeak egin du abestia eta Durangoko Azokan aurkeztu zuten, bideokliparekin batera. Euskaraldiko koordinatzaile Goiatz Urkijok esan duenez, “Euskaraldiaren izaera anitzarekin bat egiten duen kanta sortu dute, edonork entzuteko moduko abesti herrikoia”. 

Kirolak,

  • Pilotan, Binakako Txapelketa hasi berria da. Hasierako ligaxkako bi jardunaldi jokatu dira oraindik, eta beste hamabi daude jokatzeko, baina hasierak oso garrantzitsuak dira; galde diezaiotela Joseba Ezkurdiari. Beñat Rezustarekin bikote oso sendoa osatu du aurrelari arbizuarrak, eta jokatutako bi partidak irabazi ditu. Gaur, abenduaren 9an Tolosako Beotibarrek bigarren jardunaldiko azken partida hartuko du, Peña-Albisuk eta Larrazabal-Mariezkurrenak jokatuko dutena. Momentuz, sailkapenean Laso-Iztueta eta Ezkurdia-Rezusta daude buruan, bina punturekin, eta Elordi-Zabaleta, Jaka-Imaz eta Altuna II.a-Aranguren dira hurrenak, puntu banarekin. Peña-Albisuk, Artola-Mariezkurrenak eta Etxeberria-Martijak ez dute punturik.Hirugarren jardunaldia indartsu dator. Abenduaren 13an, ostirala, bi partida jokatuko dira. Urretxuko Ederrenan Jakak eta Imazek Artola eta Mariezkurrena izango dituzte aurkari, eta Amorebieta-Etxanon Lasok eta Iztuetak Peña II.a eta Albisu. Abenduaren 14an Labriteak Elordi-Zabaletaren eta Peio Etxeberria-Martijaren arteko partida hartuko du, eta abenduaren 15ean txapelketa Bartzelonara mugituko da, Vall d´Hebronen Altuna III.a-Arangurenen eta Ezkurdia-Rezustaren arteko lehia erabakiko baita.
  • Atletismoan, Abenduak 8, korrikalarien hitzordua Altsasun. Aurten XLIII. Zubeztia Elkartea-III. Candi Arnanz Memoriala jokatu zen. Ez zegoen giro, baina euriari, hotzari eta haizeari aurre eginez, izena emanda zeuden 122 korrikalarietatik 85ek hartu zuten irteera, horietatik 20 emakumezkok, Altsasuko herri gunean prestatutako zirkuituari lau itzuli eginez 10 km osatzeko. Eguraldi txarrari aurpegi ona jarriz, maila handiko lasterketa izan zen, giro onekoa eta animatua. Korrikalariak bizi-bizi atera ziren, 400 metrotan sari berezi bat baitzegoen jokoan, Iñigo Lopez gasteiztarrak lortu zuena. Erritmo azkarrean jarraitu zuen probak, eta taldetxo bat jarri zen aurretik. Lasterketa bukatzeko kilometro baten faltan hasi ziren erasoak eta garaipena Xabier Sanchez idiazabaldarraren eta Asier Estarriaga etxarriarraren arteko esprintak erabaki zuen. Sanchez izan zen txapelduna (32:46), Asier Estarriagaren (32:47) eta Juanjo Igarzabalen (Zumarraga, 32:50) aurretik. Emakumezkoetan Diana Vecillas gasteiztarra gailendu zen (37:03), Izaskun Beunza olaztiarraren (37:46) eta Ines Moreno altsasuarraren (39:08) aurretik. Zubeztia lasterketan bosgarren aldiz aritu zen Vecillas eta aurretik bitan igo zen podiumera, baina ez zuen irabaztea espero, baina “oso ongi sentitu zela”, eta merezitako garaipena lortu zuen. Bukaeran auzate ederra eskaini zien Zubeztia Elkarteak korrikalariei eta sari ematea izan zen.  Antolakuntzak eskerrik beroenak eman dizkie korrikalariei eta kolaboratzaileei. Lehen altsasuarren sariak Ekhi Congilek (laugarren, 33:14) eta Ines Morenok (hirugarren, 39:08) jaso zituzten, eta Zubeztia elkarteko lehen bazkidearen saria, aldiz, Ivan Sobredok (hamabigarren, 34:49). 
  • Areto Futbola, Osasuna Magna Xotak Jaen Paraiso Interior hartu zuen Anaitasunan. Partida maldan gora jarri zitzaion talde irurtzundarrari, talde andaluziarra 0-3 aurreratu baitzen, baina partidari buelta ematea lortu zuen Miguel Hernandezen taldeak, eta bosnar berdintzea lortu zuen. Dani Saldise (2), Geraghty, Pachu eta Ligeiro izan ziren golegileak. Movistar Inter da lehen mailako liderra (24 puntu), Barçarekin puntutara berdinduta. Osasuna Magna Xota kopako postuetan dago, zortzigarren baita (14 puntu). Asteburuan atseden hartuko du ligak eta hamaikagarren jardunaldia abenduaren 21ean jokatuko da. Osasuna Magna Xotak Viña Albali Valdepeñasen kontra jokatuko du, Ciudad Realen.