abenduak 10

Guaixe Irratia 2024ko abe. 10a, 12:24

Albisteak,

  • Irurtzungo Udalak plazako frontoiaren atzean, Ugaldeta eta Larraun kaleen artean dagoen autoendako aparkalekuaren erabilera optimizatu nahi du. Hura hobetzeko, euri urak drainatzeko eta segurtasun eta irisgarritasun arazoak konpontzeko lanak eman nahi ditu. Obrak 103.032,56 euroko (BEZik gabe) aurrekontua dute. Kontratua bere gain hartzen duen enpresak lanak egiteko hiru hilabete izanen ditu. Deialdian interesa duen enpresak eskaintza aurkezteko abenduaren 12ko 12:00ak arteko epea du. Aparkaleku berrituak 1.346,24 metro karratuko azalera izanen du. 
  • Olatzagutiko Udalak eguberritarako Orekan kontziliazio programa prestatu du. Orekan programa 2020tik 2012ra bitartean (biak barne) jaiotako neska-mutilei zuzenduta dago. Guztira hamabost plaza izanen dira. Hala ere, dibertsitate funtzionala duten adingabeak inskribatzen badira, eta dibertsitatearen arabera, plaza kopurua murriztu daiteke. Programaren egoitza Akelarre ludoteka izanen da eta programa horretarako abenduaren 23, 24, 26, 27, 30 eta 31n eta ilbeltzaren 2, 3 eta 7an egonen da zabalik. Udalak bi ordutegi eskaini ditu. 09:00etatik 13:00etara eta 11:00etatik 13:00etara. Udalak gaztigatu duenez, “bigarren aukera martxan jarriko da, aurreneko aukeran plazak osatzen ez badira, txanda hori lehentasunezkoa baita. Izen ematea udaletxean egin dateke hilaren 18ra arte. Informazio gehiago nahi duenak udaletxera jo edo olazti.eus webgunean kontsulta dezake. 
  • Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak 1948ko abenduaren 10ean Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala onartu zuen. Horregatik, gaurko eguna Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna da. Horren harira Nafarroako Gobernuak hainbat jarduera antolatu ditu. Horietako bat izan da Giza Eskubideen aldeko kate-ipuinak. Ipuin horien idazketan herrialdeko 42 ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleek parte hartu dute, tartean Altsasuko Zelandi eskola. Lastaileko eta azaroko egun bakoitzean, zentro bakoitzak hainbat lerro gehitu dizkie ipuinei. Ana Jakak euskarazko ipuina hasi zuen, eta Sandra Iraizozek eta Juan Frommknechtek gaztelaniazko ipuina. Horrela, lankidetzazko sorkuntza kate bat osatu dute, Giza Eskubideak ardatz hartuta.

Kirolak,

  • Pilotan, 2025eko Binakako B Serieko Txapelketako sorpresetako bat izan zen Baikok ez zuela Joanes Bakaikoa Satrustegi aurrelari etxarriarra txapelketa jokatzeko hautatu. B Serieko Lau eta Erdiko txapeldun berria bidean utzi du Bilboko promotoreak, eta etxarriarra ordezko lanetan ariko da. Atzo, abenduaren 9an, Binakako B Serieko bigarren jardunaldiko azken partida jokatu zen Tolosako Beotibarren. Joanes Bakaikoak Larrazabal ordezkatu zuen, baina etxarriarra eta Ruben Salaverri ez ziren batere fin ibili eta 7-22 galdu zuten Beñat Senarren eta Josu Eskirozen kontra. Hastear dagoen hirugarren jardunaldian ere ordezko ariko da Bakaikoa. Atzera ere Larrazabalen hutsunea beteko du, eta Salaverri II.arekin bikotea osatuta, Zubizarreta III.a-Morgaetxebarria izango dituzte aurkari abenduaren 13an, Amorebieta-Etxanon. 
  • Futbolean, Asteburuan Elomendiko Futbol Txapelketako hamargarren jardunaldia jokatu zen. Arakilgo Zalduak Uterga arerio zuzena izan zuen aurkari, eta partida oso borrokatutan, azkenean puntuak Utergaren etxean geratu ziren, 2-1 gailendu baitzen. Zalduak galdu izana sailkapenean eragina izan du. Bar Olmok jarraitzen du lider (25 puntu) puntu batera hain zuzen ere Uterga taldea duela (24 puntu). Zaldua Arakil bosgarren postura jaitsi da (20 puntu). Oso estu dago sailkapena. Asteburuan hamaikagarren jardunaldia jokatuko da. Zalduak sailkapenean bederatzigarren den Apolo taldea hartuko du, Larrabiden. 
  • Futbolean, Azaroaren 30etik abenduaren 1era Emakumezkoen Preferente mailako ligako hamargarren jardunaldia jokatu zen. Altsasuk eta Idoyak jokatu beharreko partida atzeratzea erabaki zuten, eta horrek sailkapenean eragin zuzena izan du, Altsasu liderrak puntuatu ez zuenez, lidergoa galdu zuelako. Gazte Berriak da Emakumezkoen Preferente mailako lider berria (22 puntu) Altsasu bigarrenari 2 puntu aterata (20 puntu). Asteburuan ez dago jardunaldirik, baina Altsasuk eta sailkapenean bosgarren den Idoyak hamargarren jardunaldian atzeratutako partida igandean, abenduaren 15ean jokatuko dute, 17:45ean, Dantzalekun. Ea Altsasuk 3 puntuak lortu eta lidergoa berreskuratzen duen.
  • Futbolean, Asteburuan gizonen erregional mailako hamabigarren jardunaldia jokatu zen eta gure taldeak ederki aritu eta gero, 9 puntu utzi zituen Sakanan. Altsasu liderrak Mendillorri taldea hartu zuen abenduaren 6an Dantzalekun. 16. minutuan Unai Calvok Altsasu aurreratu zuen, baina lehen zatian markagailuan ez zen mugimendu gehiago egon. Bigarren zatia hasi eta berehala partidaren kontrola hartu zuen Altsasuk eta golak bata bestearen atzetik iritsi ziren. Joaquin Angelek, Unai Calvok, Aitor Floresek eta Eneko Verak asmatu zuten kontrako atean, eta 5-0 irabazita, galtzen zer den jakin gabe jarraitzen du Altsasuk. Etxarri Aranatzek Elizondoko Giltxaurdin jokatu zuen abenduaren 6an, Baztan B taldearen kontra. 
    Lehia bizia izan zuten Baztanek eta Etxarri Aranatzek, baina 34. minutuan Jon Erdoziak Baztanen atea zulatzea lortu zuen, eta 47. minutuan Mattin Altzelairen gola iritsi zen. Horrela, abantaila polita lortu zuten Ioseba Bakaikoaren mutilak. Baztan saiatu zen, baina ezin. Aldiz, Aimar Lizarragak Etxarriren hirugarren gola sartu zuen eta 0-3 irabazita itzuli zen Etxarri Elizondotik. Lagun Arteak Rotxapea B taldea hartu zuen abenduaren 6an Zelai Berrin. Sailkapenean gora egiteko partida garrantzitsua zuten lakuntzarrek, eta ez zuten huts egin. 27. minutuan Gaizka Sagarzazuk zulatu zuen Rotxapeakoen atea, eta 38. minutuan Mikel Agirrek bigarrena sartu zuen. Atsedenaldira 2-0ko errentarekin joan ziren lakuntzarrak. Bigarren zatian lehiak jarraitu zuen, baina markagailuan ez zen mugimendu gehiagorik egon eta 3 puntuak Lakuntzan geratu ziren. Altsasu lider sendoa da, jokatutako hamabi partidak irabazi dituelako (36 puntu). Etxarri Aranatz du segika, bigarren, 6 puntura (30 puntu), eta Lagun Artea bosgarren da (22 puntu). Hain zuzen ere Etxarri Aranazko San Donato zelaiak Etxarriren eta Altsasuren derbia hartuko du abenduaren 14an, 15:45ean. Derbiek beti pizten dute interesa, baina Altsasu eta Etxarri sailkapenean lehen bi postuetan daudenez, are gehiago. Bestalde, Lagun Arteak sailkapenean zortzigarren eta arerio zuzena den Amaya izango du aurkari abenduaren 15ean, 19:00etan, Amayan. Abenduaren 3an Kopako hamahirugarren multzoko hirugarren eta azken jardunaldia jokatu zen. Etxarri Aranatzek 4-1 irabazi zion Donezteberi Oinatz Carreñok, Aratz Mariñelarenak, Jon Erdoziak eta Aimar Lizarragak sartutako golei esker. Beraz, kopan aurrera egin du Etxarrik, taldeburu gisa partida guztiak irabazita (9 puntu).