Teknoadinekok jarraipena izanen du

Guaixe 2024ko abe. 10a, 13:54

Silbia Sesmak, Juanjo Goikoetxeak eta Unai Razkinek eman dituzte azalpenak.

Heldu den urterako finantzazioa lotu da.

Irurtzun, Etxarri Aranatz eta Altsasuko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak elkarrekin lantzen ari dira Teknoadineko egitasmoa. Proiektuak 65 urtetik gorakoen nahi gabeko bakardadeari eta ondorioei aurre egin nahi die. Egitasmoa martxan jartzeko finantzazioa Europako funtsetatik jaso zuten sustatzaileek. Baina hura lastailean despeditu zen. Orain arduradunek jakinarazi dute Nafarroako Gobernuak 69.000 euro bideratuko dituela. Beraz, mankomunitateek egitasmoarekin aurrera jarraituko dute 2025ean. Horretarako beraien funtsek gehituko dituzte, eta dirulaguntzak lortzen ahaleginduko dira. 

Egitasmoa epe luzekoa dela iritzita, ibarreko hiru mankomunitateetako ordezkariek Carmen Maeztu Villafranca Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariarekin eta Felix Taberna Monzon Lehen Lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasun kontseilariarekin bilerak eskatu dituzte.