Teknoadineko egitasmoa 2023ko apirilean hasi zen. Bi arlotan lan egin da. Alde batetik, gizarte langileen ordenagailuetan Informazio Sistema Integrala jarri da. Horrek aukera ematen die langileei begi kolpean nahi gabeko bakardade egoeran dauden adineko pertsonak identifikatzeko. Bestetik, auzozainak lortzen aritu dira. Pertsona horiek adinekoen komunitateko pertsonak dira, profesionalak, zerbitzu eta saltokietakoak edo bizilagunak, laguntza lanak egin ditzaketenak. Silbia Sesma Nazabal, Juanjo Goikoetxea San Roman eta Unai Razkin Iriarte Gizarte zerbitzuetako mankomunitateetako buruek aurkeztu dute.
Zertan datza teknoadineko?
Unai. Bakardade ez hautatuaren inguruko proiektu pilotu bat da. 65 urteko urtetik gorako pertsonei zuzendutako proiektua da, eta Sakanako hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek (OGZ) hartu dute proiektu pilotu hori Nafarroan garatzeko ardura. Proiektu berritzailea da. Alde batetik, teknologia berriak eta betiko zaintza sareen arteko uztartzea egiten delako. Hori guztia OGZen baitan eta herritarren mesederako. Zerbitzuetan erabiltzeko teknologia tresna bat sortu da. Horrekin eta auzozain gisa parte hartzen dutenekin sareak sortzen dira, eta OGZekin batera lankidetza programa garatzen da. Horregatik da programa berritzailea, pasatzen garelako eremu publikotik lankidetza publiko komunitariora. Lan egiteko moldean ere aldaketa egiten da, lankidetzarako norabidea hartzen da. Eta hori oso garrantzitsua iruditzen zaigu zerbitzu publiko komunitario bat sortzeko bidea ahalbidetzen digulako. Horrela bakardade ez hautatuan dauden pertsonen zaintza sarea zabalagoa eta eraginkorragoa izanen da. Posible izanen da gizarte zerbitzuek pertsona horiei arreta lehenago eskaintzea eta, orokorrean, pertsona horien guztien bizi kalitatea hobetzea.
Zer bide egin duzue?
Juanjo. Zailtasunak ere izan dira, tresna teknologikoa egiteko udalen eta Sakanako gainontzeko erakundeen kolaborazioa behar zelako datuen trukaketak egiteko eta abar. Konplexua izan zen. Lanak hasiak daude, diagnosietatik gauza oso interesgarriak atera dira eta, neurri batean, zuzeneko harremana izan da pertsonekin. Baina programaren martxan eten bat egon da segitzeko finantziazioa lortzeko, egitasmoa erdi kolokan egon da azken bi hilabeteetan.
Etena, zer gertatu zen?
Silbia. Proiektuaren finantziazioa lastailean bukatzen zen eta itxi behar zuten. Segitzeko finantzazioa lortzeko mugitzen hasi ginen. Egia da eten bat egon dela, ezin da egitasmoarekin segi jarraikortasun bat bermatzen ez bada. 2025erako finantzaketa lortu dugu: Nafarroako Gobernuaren aurrekontuetan 60.000 euroko partida bat aurreikusi da, eta zuzenketa bidez beste 9.000 euro gehituko dira. Egitasmorako 140.000 euro inguru behar dira.
Juanjo. Egitasmoa finantzatzeko guk propio ahalegina eginen dugu. Eta beste diru iturri batzuk bilatzen ari gara ere.
Ez zarete geldi egon.
Unai. Proiektua berez ez zen lastailean bukatzen, oraindik proiektu pilotua izaten jarraitzen du. Ziurrenik heldu den urteak ez du emango proiektua bukatzeko. Arnas luzeko proiektuak dira eta garatzeko denbora behar dute. Lastailaren hasierarako finantzazioa bukatu zen, Europako funtsarena, proiektuaren hastapenari ateak ireki zizkiona. Orain finantzazioa lortu dugu eta jarraikortasuna izanen du. Gu saiatuko gara egitasmoa egonkortzen, arnas luzeko proiektu bihurtzeko.
Juanjo. Gure asmoa, gure nahia, gure borroka da proiektua iraunkorra izatea. Ikuspegi horrekin ariko gara Nafarroako Gobernuarekin ditugun bileretan. Behar horren inguruan adostasuna dago. Premia den heinean, eremu publikoetik eta herritarrekin batera egitea izugarrizko balio soziala eta estrategikoa du. Guretako funtsezkoa da programa betiko izatea, hori da gure asmoa.
Hobe hainbat urterako finantziazioa?
Silbia. Jakina. Hori borrokatuko dugu. Sozialki oso interesgarria delako eta jendeak erakutsi duelako proiektu pilotua arrakastatsua izan dela. Carmen Maeztu Villafranca Eskubide Sozialetako kontseilariarekin ilbeltzaren 8an bilera dugu. Eta Felix Taberna Monzon Lehen Lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasun kontseilariari ere bilera eskatu diogu. Bilera horietan haiekin partekatuko dugu proiektuaren balorazio positiboa eta finantzaketaz ere ariko gara. Egitasmoa ez da Sakanan bakarrik gelditu behar, guk interesgarri jotzen dugu Nafarroa osora zabaltzea. Gu horretarako prest gaude, informazioa emateko edo gure esperientzia partekatzeko.
Zer pauso emanen dituzue 2025ean?
Unai. Orain arte egindakoan sakonduko dugu: auzozain diren herritarren eta dendarien prestakuntza handitu, boluntario gehiago lortzen ahaleginduko gara, oinarrizko mailan dagoen sare hori sendotu nahi dugu, eta bakardade ez hautatua duten pertsona gehiagorengana iritsi nahi dugu. Izan ere, ez gara 65 urtetik gorako sakandar guztiengana iritsi oraindik. Pare bat baheketa egin ditugu baina denbora faltagatik ez gara 65 urtetik gorako guztiengana iritsi.
Juanjo. Eta, bestetik, bakardade horri aurre egiteko ezarri beharreko neurriak diseinatzen hastea funtsezkoa izanen da.