Albisteak,
- Arakilgo Udalak bigarren Jimeno Jurio beka deialdia egin du. Aurkeztu beharreko lanaren xedea honakoa izan beharko da: Arakil ibarrean historikoki egon diren herri lurren kudeatzeko modua aztertzea. Hau da, arakildarrek nola kudeatu dituzten larreak, zura, egurra, simaurra, gaztainak, orbela, iratzea, ikatza, kartea, elurra, eta abar. Alde batetik, erabilera horien ordenamendu juridikoa (ordenantzak) eta, bestetik, praktika horien erabileratik eratorriko gatazkak edo auziak jaso beharko ditu beka jasotzen duenak. Gainera, elkarrekiko lurren edo basoen (fazeria) berezko berezitasunak kontuan hartu beharko ditu. Beka deialdiak 6.000 euroko poltsa du. Baina euskaraz aurkeztutako lanek 1.000 euroko osagaia jasoko dute bekaren 6.000 euroen gainetik. Beka deialdiaren oinarriak arakil.eus/eu webgunean kontsulta daitezke.
- Valentzian Goi Mailetako Depresio Isolatuak (GOIDI) izan zen lastailaren 29an. Horrek 200dik gora hildako eta kalte material ugari sorrarazi zituen. Egoera horren aurrean Irurtzungo Udalak ekarpen ekonomikoa egitea erabaki zuen, baita egin nahi zuen irurtzundarrek ekarpenak egiteko kontu korronte zenbaki bat irekitzea ere. Udalak mila euroko ekarpena egin zuen eta bizilagunen ekarpenak 2.595 eurokoak izan dira. Guztira 3.595 euro dira. Diru hori Irurtzungo Udalak Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari emanen dio, federazioa izanen baita Nafarroako udalerri guztien ekarpenak jaso eta kaltetutako udalerriei helaraziko dizkiena. Irurtzungo Udaletik, atzera ere, “gure elkartasuna eta animoa adierazi nahi diogu Valentziako herri osoari” adierazi diote.
- Lurralde Kohesiorako Departamentuaren Toki Inbertsioen Planaren bidez Arbizuko Udalak Fernando Urkia kalearen zati bat konponduko du heldu den urtean, Beriain Azpi etxetik Joxen izkina arteko tartea hain zuzen ere. Kalearen tarte horretan sareak eta zorua berrituko ditu. Lanek 465.000 euroko aurrekontua dute. Nafarroako Gobernuak bere eginen du aurrekontuaren %85. Arbizuko Udalak uraren inguruko eskumena Sakanako Mankomunitatearen eman zion eta, beraz, ibarreko erakundeak eginen ditu ur hornidura eta hondakin uren sareak egiteko lanak. Udalaren ardura izanen dira lur zorua eta etxeetatik datorren hodiak berritzea. Lanak udaberria baino lehen hastea aurreikusi du udalak.