Albisteak,
- Sunsundeguiko langileek gaur kontzentrazioa egingo dute 19:30etan Altsasuko udaletxearen aurrean.
- Altsasuko udalak Zelandi kirolgunean hainbat konponketa eta berritze lanak egin eta gimnasiorako materiala erosiko da.
Kirolak,
- Saskibaloian, Gizonezkoen bigarren maila autonomikoan,azaroaren 29an Zelandin jokatutako partidan Liceo Monjardin R taldea hartu zuen CBASK Narum Fisioterapia taldeak. Egun berezia izan zen, talde altsasuarrak lesio batengatik saskibaloia utzi behar izan duen Jon Otermin taldekideari aitortza egin ziolako. Tamalez, garaipena ez zen Altsasun gelditu, Liceo Monjardinek 56-80 irabazi baitzion CBASK-i. Liceo Monjardinek partida hasieratik hartu zuen aurrea, eta Altsasuk ezer gutxi egin ahal izan zuen. Sailkapenean lider berria dago, CB Noain (16 puntu), Castillo de Gorraiz Valle de Egues atzetik duela (15 puntu). CBASK Narum Fisioterapia zazpigarren postuan dago (12 puntu). Abenduaren 14an, larunbata, CBASK Narum Fisioterapiak CB Noain lider berria hartuko du Zelandin, 17:50ean. Partida lehiatu eta bizia aurreikusten da. Emakumezkoen lehen senior autonomikoan, CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak Larraona Claret liderraren kontra jokatu zuen azaroaren 30ean Larraona kiroldegian. Liderra hasieratik fin ibili zen eta alde nabarmena hartu zuen, bukaerara arte mantendu zuena. Azkenean, 64-47 irabazi zion CBASK taldeari. Larraona Claret taldeak jarraitzen du emakumezkoen lehen senior autonomiko lider (16 puntu). CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldea bosgarren da (12 puntu). Talde altsasuarrak abenduaren 14an, larunbata, 16:00etan Sanduzelai taldea hartuko du Zelandin.
- Areto Futbolean, Lehen maila autonomikoko Futsal Altsasuk 24 orduko areto futbol txapelketa antolatu du Zelandin abenduaren 27tik 28ra. Izena ematea zabalik dagoo 649 019 833 telefonoan. Talde bakoitzak 120 euroko izena ematea egin behar du. Sariei dagokienez, txapeldunak 400 euro, eta txapeldunordeak 120 euro jasoko ditu. Informazio gehiago Futsal Altsasu taldearen Instagramean jaso daiteke: @fs.altsasu.
- Pilotan, Joseba Ezkurdia ez zen fin ibili azkeneko Buruz Burukoan eta Lau eta Erdian. Ongi entrenatu, baina kantxan bere maila emateko arazoak zituen arbizuarrak. Baina bere errautsetatik altxatu, eta Binakako Txapelketa modu ezin ikusgarriagoan hasi du, Rezusta sendoaren laguntzarekin. Jokatutako bi jardunaldietan Altuna-Aranguren eta Peio Etxeberria garaitu dituzte, eta sailkapeneko lider dira. Hirugarren jardunaldian, Elordi-Zabaletaren kontra 3-22 erori eta jota eta minduta dauden Altuna eta Arangurenen kontra jokatuko dute, non eta Vall d´Hebronen. Bartzelonan bolada onean jarraitu eta lidergoari eustea da Ezkurdia-Rezustaren asmoa. Arbizuarra bueltan da, sentsazioak onak dira. Rezustarekin batera, txapelketan kontuan hartzeko bikote sendoa direla erakutsi diote katedrari. Ea beteranoen mailak hala segitzen duen. Zabaleta vs Martija, Labriten. Elordik eta Zabaletak lehen jardunaldiko zalantza guztiak uxatu zituzten –22-12 galdu zuten Ezkurdia-Rezustaren kontra–, eta Altuna-Aranguren 3 tantotan utzi eta gero, txapelketa irabazteko faboritoen zerrendan daudela erakutsi zuten 2023ko txapeldunek Donostiako Atano III.ean. Zabaletaren jotzea ikaragarria izan zen, eta sasoi betean dagoela erakutsi du atzelari etxarrendarrak. Sailkapenean hirugarrenak dira, eta larunbatean, Labriten, punturik gabe sailkapenaren zuloan dauden Peio Etxeberria eta Martija izango dituzte aurkari. Etxeberriak eta Martijak ez dute gaizki jokatu, baina lehen jardunaldian Altunak eta Arangurenek mendean hartu zituzten eta, bigarrenean, Ezkurdia-Rezustaren kontra ongi hasi ziren, baina Ezkurdiak aginte makila hartu, eta ezer gutxi egin ahal zuten. Labriten partida zaila dute aurretik; bi atzelari eta jotzaile arakildarren arteko borrokak ikusmin handia piztu du. Bestalde, gaur Jaka-Imazek Artola-Mariezkurrena dituzte aurkari Urretxun, eta Laso-Iztuetak Peña II.a-Albisu, Amorebietan.
- Saskibaloian, Bigarren maila autonomikoko CBASK Narum Fisioterapiak bere taldekide Jon Otermini aitortza egin zion. Gazteak saskibaloia utzi behar izan du lesio batengatik, eta taldekideek bere esker ona azaldu zioten. Liceo Monjardinen kontra 56-80 galdu zuen CBASK-ek, ligan zazpigarren da, eta bihar Noain liderra hartuko du Zelandin, 17:50ean.
- Powerchair Football, izena du gurpildun aulkian futbolera jokatzen duen kirol inklusibo berriak. Nafarroara iritsi da, eta Olatz Navarro etxarriarra da Iruñean sortu berri den Pamplona Bulls taldeko jokalarietako bat. Aulki berezi batekin jokatzen dute, eta kirola egiteaz eta ongi pasatzeaz gain, jende berria ezagutzeko primerako aukera dute.