abenduak 18

Guaixe Irratia 2024ko abe. 17a, 10:39

Albisteak,

  • Uharte Arakilgo Udalak Ardanzarreta, Irestu, Arzeleta eta Berastegi dermioetan dauden bere larreen erabilera eman nahi du eta, horretarako, enkantea deitu du. Larreen aprobetxamenduko enkantea abenduaren 19an, ostegunean, 12:00etan eginen da Uharte Arakilgo udaletxean. Enkantean parte hartu ahalko dute Uharte Arakilen ustiategiak erroldatuak dituzten eta titularrak bizilagun bezala erroldatuak egon ere, nahiz eta urtean bederatzi hilabetez eta etengabe bertan bizi ez.
  • Unanuko Kontzejuak, 2024-2025 urteetarako Ustiapen eta Hobekuntza Planari jarraituz, lau baso aprobetxamendu enkante bidez salduko ditu. Lantegiek guztira 3.856,5 metro kubiko egiten dute eta  Unanuko Kontzejuak haiengatik 63.616,18 euro (BEZik gabe) eskatzen ditu. Lantegiren bat eskuratzeko interesa duen enpresak bere eskaintza aurkezteko abenduaren 26ko 14:00ak arte du. 
  • Altsasuko Udalak ur biltegiaren eta herriaren arteko ur sarea berritzeko lanak emateko deialdia egin du. Obra egiteko interesa duen enpresak bere eskaintza abenduaren 24ko 23:59ra arte aurkez dezake. Lanak 656.322,54 euroko (BEZik gabe) aurrekontua du. Egitekoa eskuratzen duen enpresak lanak despeditzeko sei hilabete izanen ditu. Hala ere, obrak, beranduenez, 2025eko lastailaren 31n bukatu beharko dira.

Kirolak,

  • Futbola, Elomendiko Futbol Txapelketan asteburuan hamaikagarren jardunaldia jokatu zen. Arakilgo Zaldua taldeak arantza kendu, eta garaipen sendoa lortu zuen, Apolo taldea 7-1 mendean hartuta. Sailkapenean Bar Olmok segitzen du lider (28 puntu) eta Zaldua bosgarren postuan dago (23 puntu), bigarren den Uterga taldetik (24 puntu) puntu bakarrera. Hurrengo egunotan atseden hartuko du Elomendiko Futbol Txapelketak. 
  • Futbola, Emakumezkoen preferente mailan asteburuan ez zen jardunaldirik jokatu, baina Altsasuk eta Idoyak hamargarren jardunaldian atzeratutako partida jokatu zuten abenduaren 15ean Dantzalekun. Idoya izan zen sailkapenean aurreratu zena, eta 0-1 galtzen joan ziren atsedenaldira altsasuarrak, baina bigarren zatian primeran erantzun zuten, hasi eta berehala bana berdindu baitzuen Noelia Morenok. Ane Vegasek (2) jarraian sartutako bi golei esker 3-1 jarri zen aurretik Altsasu, baina Amayak distantziak laburtu zituen 70. minutuan, 3-2 gerturatuz. Bi taldeek lehian jarraitu zuten, eta Maddi Etxeberriak laugarren gola sartu eta gero, 4-2 irabazi zuen Altsasuk. Garaipenari esker, Altsasu lider jarri da (23 puntu) eta lehen postua kendu dio orain bigarren den Gazte Berriak Antsoain taldeari (22 puntu). Abenduaren 22an, igandea, Altsasuk sailkapenean seigarren den Burlades izango du aurkari, 20:00etan, Ripagainan. 
  • Futbola, Asteburuan gizonezkoen erregional mailan hamabosgarren jardunaldia jokatu zen eta hiru puntu Sakanan geratu ziren. Jardunaldian derbi sakandarra jokatu zuten Etxarri Aranatzek eta Altsasuk San Donato futbol zelaian. Sailkapeneko lehen bi taldeen arteko lehia espero bezain gogorra izan zen, bukaerara arte emozioa izan zuena. Mikel Urrestarazuk Etxarri aurreratu zuen 32. minutuan, eta atsedenaldira aldeko markagailuarekin joan ziren etxarrirrak. Bigarren zatia hasi eta berehala, ordea, Altsasuko Mikel Etxaizek bana berdindu zuen. Lehiak bizi-bizi jarraitu zuen, eta 78. minutuan Unai Calvok Altsasu aurreratu zuen: 1-2. Altsasuk alde gehiago atera nahi zuen, baina Etxarrik ez zuen etsitzen, eta partida galduko zuela zirudienean, 94. minutuan bina berdintzea lortu zuen Mattin Karasatorrek, garaipen zaporea izan zuen berdinketa. Bukaera arte emozioa bizi-bizi egon zen San Donaton.  Lagun Artea ere puntu batekin itzuli zen Iruñetik. Amaya izan zuen arerio talde lakuntzarrak. Bi taldeak nor baino nor lehiatu ziren lehen zatian, baina Amaya finago aritu zen eta 2-0 aurreratu zen lehen zatian. Bigarren zatian 2-1 gerturatu zen lagun Artea Mikel Agirreren golarekin, baina handik 10 minutura hirugarren gola sartu zuen Amayak eta 3-1 jarri zen. Lagun Arteak ez zuen etsi; Iker Anduezari esker 3-2 hurbildu ziren lakuntzarrak, eta erremontatzeko ametsean sinisten hasi ziren. Jo eta ke aritu ziren lakuntzarrak, eta partida bukatzear zela, 95. minutuan Javier David Albenizek berdinketaren gola sartu zuen, garaipen zaporea izan zuena eta hiruna berdindu zuen Lagunek. Altsasuk jarraitzen du erregionaleko lider izaten (37 puntu) oraindik partida bat galtzerik ez dakiela. Etxarri Aranatz hirugarren postura jaitsi da (1 puntu) eta SAn Jorge jarri da bigarren (32 puntu). Oso estu dago sailkapena. Lagun Artea seigarren dago (23 puntu). Erregional mailak atseden hartuko du ilbeltzeko lehen asteburura arte. Altsasuk sailkapenean azkena den Alde Zaharreko Kluba taldea hartuko du Dantzalekun, Etxarri Aranatzek hamaikagarren den Universidad de Navarra B taldearen kontra jokatu du Iruñean, eta Lagun Arteak sailkapenean bigarren den San Jorge hartuko du Zelai Berrin. Irabaziz gero fabore handia eginen lioke Etxarri Aranatzi.