abenduak 18

Guaixe Irratia 2024ko abe. 18a, 11:16

Albisteak,

  • Aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barruan, Irurtzungo Udalak Garbiketa Zerbitzuk lanpostuak betetzeko merezimendu lehiaketa deitu zuen. Zehazki, lanaldi partzialeko 6 lanpostu huts bete nahi zituen. Prozesua bukatuta, deialdiko kalifikazio-epaimahaiak igorritako proposamenarekin bat etorriz, alkateak ebatzi du lanpostu horiek honakoek betetzea: Ainhoa Alonso Gallego, Anita Krebs, Silvia Benito Chasco, Arantza Bernal Iriarte, Esther Etxeberria Sastre, Maite Etxetxikia Ziganda eta Idoia Lertxundi Alkain. Lan kontratudun finkoak izanen dira. 
  • Arbizuko Udalak jakinarazi duenez, kiroldegiko klimatizagailua aldatzeko garaia iritsi da. Lanak eguberritan eginen dira, kiroldegiko ikastaroetan izaten den etena baliatuz. Udalak ohartarazi duenez, “lanen ondorioz, baliteke egunen batean igerilekuko eremua itxita egotea”. Egun dagoen klimatizagailua zaharra da. Gainera, eraikina txikiagoa zenean jarri zen. Kiroldegia handitu zuten eta makinak ez du bere funtzioa ongi bete. Makina aldatuz, igerilekuen guneko egungo baldintza termikoak hobetu nahi ditu udalak, ez baitira lortzen horrelako espazioetarako behar diren tenperatura eta hezetasun balioak eta sistemaren energia eraginkortasuna hobetzeko. EH Bilduk Nafarroako Gobernuaren 2024ko aurrekontuari aurkeztutako zuzenketa baten bidez udalak lan horretarako 120.000 euro jasoko ditu.
  • Altsasuko Udalak jakinarazi du kamioiendako aparkalekuen 2024ko kuota borondatez ordaintzeko epea ilbeltzaren 24an despedituko dela. Udal ordainagiriak helbideratuta dituztenei kontu korrontean abenduaren 23an kargatuko diete zenbatekoa. Helbideratu gabeko ordainagiriak La Caixako edozein bulegotan ordain daitezke, ordainagiria aurkeztuta. Borondatez ordaintzeko epe hori pasa ondoren Diru-bilketaren gaineko Erregelamendu Orokorrean ezarritako errekarguak ezarriko dira eta tramiteak eginen dira premiamendu bidez kobratzeko.

Kirolak,

  • Areto futbola, Hirugarren mailan Aralar Mendik Ibararte taldea hartu zuen, baina gauzak berehala gaizki jarri zitzaizkion talde uharte arakildarrari, berehala Ibararte aurreratu eta 26. minuturako 0-3 aurretik jarri baitzen. Jon Iribarrenek etxekoen markagailua mustu eta 1-3 gerturatu zen Aralar Mendi, baina ilusioak gutxi iraun zuen, Ibartek laugarrena sartu eta Uharte Arakilgo taldeak 1-4 galdu baitzuen. Garbayo Chivite Cintruenigo Taldeak jarraitzen du hirugarren mailako lider (22 puntu). Aralar Mendi hamargarren postura jaitsi da (8 puntu). Txapelketak atseden hartuko du ilbeltzeko lehen asteburura arte. Orduan Aralar Mendik sailkapenean azkena eta arerio zuzena den Burlata Futbol Eskola hartuko du, Uharte Arakilen. 
  • Areto Futbola, Areto futboleko lehen maila autonomikoan Arbizu Kirol Taldeak Altsasu Futsal taldea hartu zuen Arbizuko kiroldegian. Derbiak ikusmin handia piztu zuen, bi taldeak bolada oso onean baitaude, eta bi taldeek lehia estu eta borrokatua eskaini zuten. Lehen zatian bi taldeek aukerak izan zituzten, baina markagailua ez zen mugitu. Azkenean, 28. minutuan Altsasuko Xabier Aiestaranek mustu zuen markagailua, baina altsasuarren pozak gutxi iraun zuen, minutu bat beranduago Andoni Goikoetxeak bana berdindu baitzuen eta segidan Urtzi Nazabalek Arbizu 2-1 aurreratu zuelako. Emozio handiko partidan, lehiak bizi-bizi jarraitu zuen. Azken txanpan, 40. minutuan Iosu Reparazek Arbizuren hirugarren gola sartu zuen eta Andoni Goikoetxeak, 3 minutuan laugarrena. Xabier Aiestaranek Altsasu 4-2 gerturatu zuen 44. minutuan, baina ez zen tarte gehiago egon eta horrela despeditu zen partida. Arbizu Kirol Taldeak eusten dio lidergoari (28 puntu), bi puntura Mendialdea duela (26 puntu). Altsasu hirugarren postuan dago (22 puntu). Lehen maila autonomikoan, hamabigarren jardunaldian Altsasuk Olite hartuko du abenduaren 19an, osteguna, 20:30ean Zelandin. Arbizuk, aldiz, atseden jardunaldia du. Ondoren atseden hartuko du ligak ilbeltzaren bigarren asteburura arte. 
  • Areto fubola, Asteburuan emakumezkoen lehen senior mailako hamaikagarren jardunaldia jokatu zen eta Xota taldeak Tafallan jokatu zuen, Mugica Informatica Tafa taldearen kontra. Talde irurtzundarra irabaztetik zetorren, konfiantza alde, eta nabaritu zen, 7. minuturako Naia Lizarragak eta Maite Medinak Xota 0-2 aurreratu zutelako. Gol festak aurrera jarraitu zuen Nahia Moranen ((3) eta Alazne Garcesen (2) golekin, eta partida bukaerara aldera Tafak ohorezko gola sartu zuen. 1-7 irabazita itzuli ziren etxera irurtzundarrak. Lacturale Orvina A taldeak jarraitzen du lider (33 puntu9 eta Xota laugarren da (16  puntu). Asteburuan emakumeen lehen senior mailako hamabigarren jardunaldia dago jokoan. Xotak 12 punturekin sailkapenean bosgarren eta arerio zuzena den Gazte Berriak Antsoain taldea hartuko du abenduaren 22an, 12:00etan, Atakondoan.