Abenduak 19

Guaixe Irratia 2024ko abe. 19a, 10:54

Albisteak,

  • Cederna-Garalurrek garatu nahi duen Gazteluen sarea proiektuaren helburua da digitalizazio baliabideetarako sarbidea erraztea, inguruko gaztelu horiei lotutako ondare historikoa sustatzea. Horrek gotorlekuen berreraikuntza digitalak egitea eta haiei bisita birtualak egiteko aukera emateak inguruko ondare historikoari balioa emanen dio. Lanak 66.115,70 euroko (BEZik gabe) aurrekontua du. Deialdian interesa duen enpresak ilbeltzaren 8ko 23:59ra arteko epea du eskaintza aurkezteko. Egitekoa bere gain hartzen duen enpresak urte bat izanen du lana despeditzeko. 
  • Baso aprobetxamendu bat saltzeko, Lakuntzako Udalak, gutun azal itxien bidez, enkante publikoa eginen du. Salduko den lotea 2.531 pagoz osatuta dago. Guztira, 568,3 m³ zur dira, eta 1.705 m³ enbor txiki. Lantegia honako dermioetan dago: Urrizamendi, Usotedieta, Lakuntzako borda eta Soitxiki. Harengatik udalak 51.717,85 euro (BEZik gabe) eskatzen ditu. Aipatutako lantegia aprobetxamenduei eta hobekuntzei buruzko 2024-2025 urteetako planean jasota dago. 
  • Etxarri Aranazko Plazatik Alde Zaharreko ekialdera sartzeko Maiza kalea erabili behar dute ibilgailuek. Hiruzpalau metro zabaleko kalea da eta batzuetan gidariek autoak espaloietan aparkatzen dituzte. Horrek trafikoaren jarioa zailtzen du, are gehiago larrialdietako zerbitzuak edo banaketa kamioiak direnean. Hori dela eta, Etxarri Aranazko Udalak Maiza kaleko hainbat zatitan arrasto horiak margotu ditu lurrean, han ibilgailurik ezin dela aparkatu adierazteko. Udalak, bestalde, jakinarazi du Larrañeta kalean auto elektrikoendako bi karga puntu jarriko dituela. Hori eginda, seinaleztatzeko, zorua urdinez margotuko du ere. Kolore urdinez margotuko dute Malkorramendi auzoan zoru zati bat, baina kasu horretan behar bereziak dituzten auto gidariendako aparkalekua seinaleztatzeko izanen da.  

Kirolak,

  • Saskibaloia, Zelandik emozioz betetako saskibaloi jardunaldia bizi zuen abenduaren 14an. Hasteko eta behin, 16:00etan emakumezkoen lehen senior mailako CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak Sanduzelai hartu zuen etxean. Hasieran parez pare hasi ziren bi taldeak, baina talde altsasuarrak aldea hartu zuen, eta nahiz eta Sanduzelai gertu hurbildu, ongi eutsi zioten eta azkenean 64-53 gailendu ziren. Edurne Ormazabalek 32 puntu lortu zituen. Larraona Claret taldeak jarraitzen du emakumezkoen lehen senior autonomiko lider (18 puntu). CBASK Xabi Gorriz Tattoos ta, 18:00etan, ldeak bosgarren jarraitzen du (14 puntu). Talde altsasuarrak abenduaren 22an sailkapenean bigarren den Avia Zizur Ardoi taldearen kontra jokatuko du, 18:00etan, Zizurren. Ondoren gizonezkoen bigarren maila autonomikoko partida jokatu zen Zelandin. CBASK Narum Fisioterapia taldeak CB Noain lider berria hartu zuen. Azken honek lidergoa zuen jokoan, eta partida oso borrokatua izan zen, emozio handikoa, bi taldeak nor baino nor aritu zirelako. 11 aldiz berdindu zuten, eta batean bata eta bestean bestea aurreratu ziren, baina oso gutxi: abantaila handiena bi saskiratzekoa izan zen. Azken segundo eroetan Noain zegoen aurretik, baina CBASK-ek berdintzea lortu zuen, eta azken segundo eroko saskiratzeari esker, 73-70 irabaztea. Erotzeko modukoa izan zen Zelandin bizitako giroa. Noainek galdu ondoren, sailkapenak lider berria du: Castillo de Gorraiz Valle de Egües (17 puntu), puntu berberak dituzten Nasabi San Ignacioren eta Noainen aurretik. CBASK Narum Fisioterapiak zazpigarren postuan jarraitzen du (14 puntu). Asteburuan hamaikagarren jardunaldia jokatuko da baina CBASK Narum Fisioterapiak eta Navasketek partida aurreratzea eta abenduaren 7an Iruñean jokatzea erabaki zuten. Partida horretan garaipen garrantzitsua lortu zuen talde altsasuarrak, 61-67. Hurrengo jardunaldia ilbeltzaren bigarren asteburuan jokatuko da. 
  • Paleta goma, Azaroaren 30ean hasi zen Gure Pilota Elkarteak Sakanako Mankomunitatearekin eta zenbait entitate eta enpresen babesarekin antolatutako 20. Sakana Neska Pala Txapelketa. Guztira 128 palista lehiatu dira, eliteen mailan sei bikote, lehen mailan hamabi, eta txikien mailan 46. Hasierako ligaxka jokatuta, egunotan finalerdiak daude jokoan, eta saria gozoa da: abenduaren 28an jokatuko diren final handietako txartela lortzea. Palistak, zirkuituko onenak, gogotsu daude aurten 20. urteurrena ospatzen duen txapelketako final handian egoteko. 
  • Pilota, Abenduaren 20an Nafarroako Eskuz Binakako final garrantzitsuenak jokatuko dira Iruñeko Labrit pilotalekuan, 18:00etatik aurrera, eta Irurtzun klubeko pilotariek bi kategoria nagusietan txapelak janzteko aukera dute. Lehenik eta behin hirugarren mailako finala jokatuko dute Lander-Ruiz de Larramendik (San Miguel) eta Tirado-Lizarragak (P.P. San Sebastian). Bigarren mailako finalean Irurtzun klubeko Salcedok eta Lazkozek Ultzama klubeko Sanchezen eta Murilloren kontra jokatuko dute, eta, azkenik, lehen mailako final handian Irurtzun klubeko Igoa eta Arbizu Oberenako Canabalen eta Oskozen kontra lehiatuko dira. Ea jokoan dauden txapelak Sakanara iristen diren. 
  • Xakea, Sakanako Mankomunitateak Zaldi Beltza xake taldearen eta Nafarroako Xake Federazioaren laguntzarekin antolatutako XXIV. Xake Txapelketa abenduaren 21ean jokatuko da, 10:00etatik aurrera, Etxarri Aranazko Larrañeta elkartean. Proba, aldi berean, Nafarroako 1900 ELO puntutik beherako txapelketa izango da. Xakelariek egunean bertan eman beharko dute izena, 9:30etik aurrera, Larrañeta elkartean. Txapelketa azkarra da, 15 minutuko zortzi jardunaldi edo partidatan erabakiko dena.
  • Ziklo krosa, Burunda Txirrindularitza taldeak antolatuta, abenduaren 22an jokatuko da V. Urdiain Ziklo-krosa- V. Benigno Mendia Memoriala. 9:15ean mastersak abiatuko dira, 10:15ean kadeteak, 11:15ean eskolak, 12:00etan jubenilak eta 13:00etan eliteak eta 23 urtez azpikoak. Egunotan ibilbidea prestatzeko lanetan murgilduta daude Burundakoak, eta aurrekoak bezala, Aitziber futbol zelaia eta Urdiaingo kale eta soroak izango dira protagonista.
  • Areto futbola, Ziordia Gabonetako Areto Futboleko Elkartasun Txapelketan joan zen urtean Paris 365 jantoki sozialerako 700 elikagai kilo jaso ziren, eta aurten Duchenne gaixotasuna duten Famili Mugimendua erakundea lagunduko dute. 40 sari baino gehiago zozketatuko dira euro batean salgai jarriko diren txarteletan. Abenduaren 28an 9:00etatik 20:30era jokatuko da txapelketa, eta hamahiru talde lehiatuko dira: Sutegi, Arbizu, Lagun Artea, Haserri, Sallurti, Arbizu T, Ziordia, Lagun Artea, Agurain 2016 A, Sutegi, Agurain 2016 B, Ademar Maristas eta Arbizu Kimuak. 16:45etik 17:30era txokolatea banatuko da Ziordiko frontoian.