Albisteak,
- Ibarreko erakundeak komunikazio arduraduna kontratatu nahi dute. Sakanako Mankomunitatearen eta Sakanako Garapen Agentziaren komunikazio estrategiaz eta sareetan hedapen estrategiaz arduratu beharko du. Sakanako Mankomunitateak bere komunikazio estrategia zehaztua du. Eta Sakanako Garapen Agentziak horretaz aparte sareetan hedapen estrategia ere prest du. Lan horiek eraginkorrak izateko, bi erakundeek beharrezkoa jo dute Sakanako Garapen Agentziak komunikazio arduradun bat kontratatzea, eta, aldi berean, Sakanako Mankomunitateari zerbitzua ematea. Komunikazio korporatiboaren kudeaketan esperientzia duen profesional proaktiboa nahi dute. Utzugane garapen zentroan lanpostua izanen du, diziplina anitzeko talde bateko kide izango da, eta komunikazio kanalen kudeaketaren erantzukizun osoa hartuko du bere gain, arlo bakoitzeko arduradunekin lankidetzan. Gainera, zuzendaritzari laguntza emango dio komunikazio estrategia egokitzeko eta eguneratzeko, eta haren ezarpen eraginkorra bermatuko du. Curriculum vitaea eta interes adierazpena info@sakanagaratzen.com e-posta helbidera bidali dezake deialdian interesa duenak. Deialdiari buruzko informazio gehiago Sakanako Garapen Agentziaren sareetan dago.
- Lakuntzako Udalak jakinarazi duenez, Sansaastin festetan garbiketa lanak egiteko pertsona behar ditu. Kontratatutako langileak ilbeltzaren 18, 19 eta 20an egin beharko lukete lan. Deialdian interesa duenak udaletxeko bulegoan eman dezakete izena ilbeltzaren 15eko 14:00ak baino lehen. Informazio gehiago nahi duenak 948 576 015 telefono zenbakira edo info@lakuntza.eus e-posta helbidera idatzi dezake.
- Altsasuk baditu kinto buruzagiak. Aurtengo kintada, 2006an jaiotakoa, 57 gaztek osatzen dute, 29 emakumezkok eta 28 gizonezkok. Ohiturari jarraituz, ilbeltzaren 6ko eguerdian urteko kintoen zozketa egin zen. Eguraldiak lagundu ez zuenez, Gure Etxea eraikinaren beheko partean egin zen zozketa. Javier Ollo Martinez alkateak txanpona airera botaz erabaki zen karta banaketa norekin hasi, emakumezkoak izan zen lehenak. Lehen erregea Olaia Macia Mendiaren eskuan agertu zen, bigarrena, berriz, Ainhoa Calvo Fuentesenean. Ondoren, gizonezkoen txanda izan zen. Eta zoriak nahi izan zuen aurtengo buruzagiak Kepa Amilllano Santano eta Gorka Diaz Diego izatea. Gazteek kinto ospakizunak Santa Ageda egunean hasiko dituzte, otsailaren 5ean. Egun horretan herrian barna eskean ibiliko dira, eta jasotzen dutenarekin ospakizuneko gastuak ordainduko dituzte. Santa Ageda eguna asteazkena denez, domekara bitarteko bost egunak jarraian izanen dituzte ospatzeko. Bost egunetan, iluntzean, zortzikoak dantzatuko dituzte kinto guztiek. Horietan trebatzeko entseguak gaur hasiko dituzte Burunda frontoian. Aitziber Etxaiz Soria, Edurne Somocurcio Gonzalez eta Nerea Mazkiaran Lopez de Muniain izanen dira irakasleak.
Kirolak,
- Pilotan, Ezkurdiak eta Rezustak estropezuari berehala eman diote buelta. Laso-Iztuetarekin batera zazpina puntu dituzte eta sailkapenaren lehen bi postuetan daude. Elordi-Zabaleta dira hirugarrenak (5 puntu), eta Etxeberriak eta Martijak ez dute oraindik garaipenik lortu. Binakako Pilota Txapelketako hasierako ligaxkak ekuadorea gainditu du, zortzi jardunaldi jokatu baitira. Zortzi jardunaldi horietatik zazpi irabazi dituzte Ezkurdiak eta Rezustak. Zazpigarren jardunaldian huts egin eta porrot mingarria hartu zuten, 6-22 galdu baitzuten Lasoren eta Iztuetaren kontra ilbeltzaren 2an Azkoitian jokatutako partidan. Baina berehala buelta eman zioten egoerari eta ilbeltzaren 4an 22-16 hartu zituzten mendean Elordi eta Zabaleta, Bilboko Deportivon jokatutako partida gogor eta ikusgarrian. Lehen zatian izugarri sufritu zuten Ezkurdiak eta Rezustak, 2-8 aurreratu ziren Elordi eta Zabaleta. Atzeko koadroetan Etxarrengo atzelaria nabarmendu zen. Baina bigarren zatian asko jokatu zuten Ezkurdiak eta Rezustak, partida orekatuz. Ezkurdia ikusgarri aritu zen, eta Rezusta partidan sartzen hasi zen, markagailuari buelta emanez, eta merezitako garaipena lortuaz, 22-16. Gogortasunean, hobeki moldatu ziren Ezkurdia eta Rezusta. Bestalde, Peio Etxeberriak eta Martijak burua altxatu gabe jarraitzen dute. Ez dute oraindik garaipenik lortu. Azken jardunaldian 22-12 galdu zuten Altunaren eta Arangurenen kontra, partida lehiatuan. Bi bikoteek ezinbestekoa zuten jokoan zegoen puntua, baina azkenean gipuzkoarrendako izan zen. Etxeberriak eta Martijak ezinean jarraitzen dute. Sailkapena: Binakako Txapelketan Laso-Iztueta jarri dira lider (8 puntu), Ezkurdia-Rezusta puntu berdinekin bigarren direla. Elordi-Zabaleta dira hirugarren (5 puntu), Artola-Mariezkurrena laugarrenekin puntutara berdinduta. Jaka-Imaz bosgarrenek 4 puntu dituzte, eta Altuna III.a-Arangurenek 3 puntu. Behealdean, Peña II.a-Albisu dira zazpigarrenak (puntu 1), eta Peio Etxeberriak eta Martijak ixten dute sailkapena, punturik gabe. Bederatzigarren jardunaldiak dakarrena: Ilbeltzaren 10ean, ostirala, Ezkurdiak eta Rezustak Peio Etxeberria eta Martija izango dituzte aurkari Getariako Sahatsaga pilotalekuan. Lehenek ez dute sailkapenaren goiko postuetatik jaitsi nahi, eta bigarrenek, aldiz, euren lehen puntua lortu nahi dute. Beraz, lehia latza espero da. Ilbeltzaren 11n jardunaldi bikoitza jokatuko da. Artola-Mariezkurrenak Peña II.a-Albisuren kontra jokatuko dute Etxeberrin, eta Jaka-Imazek Laso-Iztuetaren kontra Iruñeko Labriten. Azkenik, ilbeltzaren 12an Elordik eta Zabaletak Altuna-III.a-Aranguren dituzte aurkari Gasteizko Ogetan.
- Pilotan, Miguel Berazak gidatzen duen Irurtzun pilota klubak Gabon zoriontsuak pasa dituela ez dago zalantzarik. Abenduaren 20an Nafarroako Binakako Pilota Txapelketako bi final garrantzitsuenak jokatu zituzten Irurtzungo klubeko pilotariek: lehen mailako finala, eta bigarren mailakoa. Lehen mailan txapelketa bikaina eginda iritsi ziren finalera Irurtzun klubeko Josu Igoa eta Aaron Arbizu etxarriarrak. Finalean bikote indartsua izan zuten aurkari, Oberenako Oihan Canabal eta Peio Oskoz. Finala aurreikusi bezain parekatua, borrokatua eta gogorra izan zen, azken tantoan erabaki zena. Berdintasuna, hori izan zen ezaugarri nagusiena. Igoak eta Arbizuk ederki izerditu behar izan zuten partida osoan zehar, Canabalek eta Oskozek finala oso zail jarri baitzieten. 20-18 aurreratu ziren Igoa eta Arbizu, baina Oberenakoek ez zuten etsi eta 21era berdindu zuten. Azken tantoan, Oskozek ezin izan zuen sakandarren bolea bat ongi erantzun eta Aaron Arbizuk eta Josu Igoak jantzi zuten Nafarroako Binakako txapela, merezitasun osoz. Hamabost urte beranduago Binakako Txapela Irurtzun klubera itzuli da. Lehen mailakoak ez ziren Irurtzun klubak lortutako txapel bakarrak izan. Nafarroako Binakako bigarren mailan Haritz Salcedok eta Jon Lazkozek (Irurtzun) Ultzama-Buruzgain klubeko Dani Sanchez eta Javi Murillo izan zituzten aurkari, baina kasu honetan ez zen lehen mailako parekotasuna egon. Salcedo eta Lazkoz erraz gailendu ziren, 22-9, batere fin ibili ez ziren Sanchezen eta Murilloren kontra.
- Areto Futbolean, Xotak Barça du aurkari Errege Kopan. Partida ilbeltzaren 7an jokatuko da, Anaitasunan, eta talde irurtzundarrak aurrera egiteko itxaropena du. Osasuna Magna Xotak Barça hartuko du bigarrenez epe laburrean. Aurrekoa ligako partida izan zen, talde irurtzundarraren alde erori zena (4-3), baina gaur, ilbeltzaren 7an, asteartea, 19:30ean Anaitasunan jokatuko den partida Errege Kopako kanporaketa izango da. Talde berdearen helburua garaipena lortzea da, txapelketan aurrera egin ahal izateko. “Barçari irabaztea zaila da, baina lor daiteke. Partida final handi bat izango balitz bezala planteatu dugu, eta garen bezala jokatu nahi dugu, horrek gauden tokian egotera eraman digulako. Ilusio handiarekin eta anbizioarekin iritsi gara Kopako partidara” azaldu du Miguel Hernandez entrenatzaileak. Barçak ligako azken hiru partidak galdu ditu, tartean, Xotaren kontrakoa, eta minduta iritsiko da Anaitasunara. Beraz, oraindik ere arerio latzagoa izango da. “Talde indartsua da. Ongi ezagutzen dugu elkar, eta partida xehetasun txikietan erabakiko da. Ea partida irabazi eta Kopan jarraitzeko aukera dugun” gaineratu du teknikariak. Lehen Mailako areto futbol ligari dagokionez, bi jardunaldi geratzen dira lehen itzulia despeditzeko. Lehen zortzi postuetan sailkatzen diren zortzi taldeek 2025eko Espainiako Kopa jokatuko dute. Egun, Osasuna Magna zortzigarren postuan dago (19 puntu), bederatzigarren postuan dagoen Industrias Santa Coloma puntu batera duela (18 puntu). Hortaz, datozen bi jardunaldiak oso erabakigarriak dira Xotarendako Espainiako Koparako sailkatu nahi badu. Osasuna Magna Xotak El Pozo Murcia hartuko du ilbeltzaren 11n, larunbata, 19:00etan, Anaitasunan. El Pozo egun zazpigarrena da sailkapenean, eta, beraz, bi taldeen arteko lehia hil ala bizikoa izango da. Talde berdeak dei berezia egin die zaleei, guztien animoa eta laguntza behar baitu partida aurrera atera ahal izateko.
- San Silvestre arrakastatsuak. Ehunka korrikalarik parte hartu zuten Sakanan antolatutako probetan. Urtea korrika despeditu zuten ehunka sakandarrek. Irurtzun, Uharte Arakil, Altsasu eta Olaztin antolatutako San Silvestreak oso parte hartzaileak izan ziren, eta giro ederrean jokatu ziren. Proba goiztiarrenak Uharte Arakilgo San Silvestre Traila eta Irurtzungo VIII. Pikubestrea izan ziren. Uharte Arakilgo traila Itxesi parkean izan zen, eta haurrendako bi proba eta kadete eta helduendako San Vicenteko Bira (5 km) jokatu ziren. Irurtzungo Pikubestrean haurren mailako bi lasterketa eta helduen mailako (4,2 km) proba herrikoia jokatu ziren. Olaztin ordutegia aurreratzea erabaki zuten eta 16:30ean jokatu ziren txikitxoen probak eta 18:00etan helduen proba (5 km). Giro ederra izan zen, eta sari politak. Altsasun aurten 46. San Silvestrea jokatu zen, Mario Lopezen Oroimenezkoa, Dantzaleku Sakana klubak eta Sakana Triatloi Taldeak elkarlanean antolatutakoa. Altsasukoa Nafarroako proba beteranoetakoa da, eta aurten aldaketak izan ziren. Haurren lasterketak 16:30ean hasi ziren eta 150 neska-mutilek hartu zuten parte, eta helduen proba nagusia (5 km) ordubete lehenago jokatu zen, 18:00etan. Helduen proban 350 korrikalarik hartu zuten parte, giro apartan. Israel Arbizu etxarriarra gailendu zen (15:32), Axi Estarriaga etxarriarraren (15:39) eta Aritz Etxebarria altsasuarraren (15:48) aurretik. Emakumezkoetan Izaskun Beunza olaztiarra gailendu zen atzera ere (17:58), Paula Diazen (18:52) eta Olatz Azazeta altsasuarraren (20:01) aurretik.
- Mendian, Sakanako mendi taldeek urtea despeditu eta urteari ongi etorria emateko mendi irteerek arrakasta handia izan dute. Abenduaren 31n Iratxo mendi taldeak antolatuta irurtzundar asko igo ziren Ergako Trinitatera, bertan hamaiketakoa egitera. Lakuntzan egun berean Zabalartek Lakuntzeskoarrira egindako irteeran jende askok parte hartu zuen. Errege Egunean Sakanako Mendizaleak taldeak Beriainera igotzeko ekimenak ere jarraitzaile ugari izan zituen.