ilbeltzak 9

Guaixe Irratia 2025ko urt. 9a, 10:47

Albisteak,

  • Irañetako Udalak Gatzarrieta, Soraregi eta Zabal dermioen arteko lur sail baten erabilera uzteko desafekzio espedientea onartu du. Bargaren azpian dagoen lur sail horrek 21.494 m² ditu. Han motokrosaren zirkuitu iraunkor gisa erabiltzeko baimena eman du, zehazki enduroa praktikatzeko. Aipatutako lursaila onura publikoko mendia da, 500 kodearekin katalogatuta dago eta Urbasa-Andia Kontserbazio Bereziko Eremuaren barruan dago. Espedientea jendaurrean ilbeltzaren 25era arte izanen da, interesdunek egoki iritzitako alegazioak aurkez ditzaten.
  • Lakuntzako plazan estalpea eraikitzeko lanak aurki hasiko dira. Hori jakinaraztearekin batera, Lakuntzako Udalak zenbait ohar zabaldu ditu. Estalpeko lanak egiten diren bitartean plaza inguruko kaleak trafikora zabalik egonen dira. Bakarrik Sansaastin festetarako itxiko da herri erdigunea trafikora. Bestetik, udalak jakinarazi du lanengatik autobusak ez dira markesina parean geldituko, udaletxe parean baizik. Azkenik, Lakuntzako Udalak jakinarazi du festetan plaza ez dela erabilgarri egonen, eta, beraz, egitarauari ongi erreparatzeko eskatu du. 
  • Etxarri Aranazko Udalaren administrari-ofizialaren lanpostu bat betetzeko oposizio-lehiaketako probetan puntuazio handiena lortu duen izangaia  Aitziber Zubieta Gainza da. Kalifikazio epaimahaiak eginiko proposamenari jarraikiz, Etxarri Aranazko Udalak berari eman dio aipatu lanpostua. 
  • Aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, Aita Barandiaran zahar etxearen patronatuak lanpostu huts batzuk bete daitezen merezimendu-lehiaketa deitu zuen. Deialdiaren prozesua bukaturik, kalifikazio-epaimahaiak bederatzi zaintzaile lanpostu betetzeko izendapen-proposamenei oniritzia eman die patronatuak. Honakoek beteko dituzte lanpostu horiek: Maria Elena Lizarraga Lazkoz, Maria Hualde Iglesias, Ana Maria Ruiz de Egino Zabaleta, Mirari Marcos Mugarza, Maria Teresa Altzelai Iriarte, Aintzira Goikoetxea Aldasoro, Oihane Pereira Pinho, Lucia Navarro Azpiroz eta Ane Insausti Gomez. Patronatu berak jakinarazi duenez, deitutako gainerako lanpostuak bete gabe gelditu direla deklaratu ditu. Baita mantentze-lanetako lanpostua ere. 

Kirolak,

  • Areto futbolean, Ziordiko Running taldeak antolatutako Ziordiko Gabonetako Areto Futboleko Elkartasun Torneoa abenduaren 27an jokatu zen eta aurten Duchenne FM Familiak Mugimenduan elkartea lagundu zuen. Hamahiru taldek hartu zuten parte areto futbol torneoan, 150 neska-mutil guztira. Goizean 2014 eta 2015 urteetan jaiotako sei talde lehiatu ziren: Arbizuko bi talde, Lakuntzako Lagun Artea, Olaztiko Sutegi eta Aguraingo bi talde. Arratsaldean, 2016an eta 20217an jaiotakoen txanda izan zen. Ziordia, Sutegi, Ademar maristak, Aguraingo bi talde, Lagun Artea eta Arbizu taldeek hartu zuten parte. Goizez eta arratsaldez, guztiek txokolate beroa hartzeko aukera izan zuten. Torneoa jokatzen zen bitartean, Duchenne gaitza duten gaixoen senitartekoen elkartearen aldeko zozketa txartelak saldu ziren. 45 sari zozketatu ziren, bildutakoen gozamenerako. Sari ederrak zeuden, Barcelona edo Xotaren kamisetak tarteko, eta inguruko komertzio eta enpresek eskainitako sari asko. Egunean bertan 623 euro jaso ziren, eta horri online saldutako txartelen 1.400 euro gehitu ziren, baita Sakana Group kooperatibak emandako 1.000 euroak eta beste. Horrela, Duchenne FM Familiak Mugimenduan elkartearen alde 3.030 euro bildu ziren. Lortutako dirua Duchenne FM Familiak Mugimenduan elkarteko kide Veronica Reyes Garciak jaso zuen. Bere seme Irenek jatorri genetikoa duen Duchenne gaitz degeneratiboa du, muskulu-distrofia progresiboa, eta Ziordian izan zen. Veronica Reyesek azaldu zuenez, udan Loiolan antolatuko duten kanpaldira bideratuko dute Ziordian jasotakoa. Ekimenak izandako erantzunarekin pozik azaldu zen Ziordiko Running taldeko Jose Ramon Ramirez, eta hasi berri den 2025ean ekimen solidario gehiago antolatzeko asmoa azaldu zuen, “beti dagoelako laguntza behar duen talde edo erakunderen bat”.
  • Palan, 20. Sakanako Nesken Pala Txapelketako finalek Euskalerriari pilotalekua bete zuten. Lehen mailako finala Maialen Larrazak irabazi zuen, eta pottoken mailakoa Nahia Goikoetxeak. Kategoria txikietan sakandarrak izan ziren nagusi. Azaroaren 30ean hasi zen Gure Pilota Elkarteak Sakanako Mankomunitatearekin eta zenbait entitate eta enpresen babesarekin antolatutako 20. Sakana Neska Pala Txapelketa eta abenduaren 28an despeditu zen, Etxarri Aranazko Euskalerriari pilotalekuan jokatutako final ikusgarriekin. Guztira 128 palista lehiatu dira aipatu txapelketan, zirkuituko palista onenak. Eliteen mailan sei bikotek parte hartu zuten, lehen mailan hamabik, eta kategoria txikietan 46 bikotek. Finalak espero bezain ikusgarri eta borrokatuak izan ziren eta beste behin Euskalerriari pilotalekua txiki geratu zen. Ikaragarrizko giroa zegoen. Kategoria txikietan sei final jokatu ziren eta gehienetan palista sakandarrak gailendu ziren. Pottoken mailan jubenilak lehiatu ziren, eta Nahia Goikoetxeak eta Ariane Olzak lortu zuten txapela, Arai Guerrari eta Eva Astraini 10-25 irabazita. Lehen mailako txapela Sakanan geratu zen, Maialen Larraza etxarriarrak eta Purroyk 16-25 hartu baitzituzten mendean Inunziaga eta Garziarena. Bukatzeko, elite mailako txapela Murillok eta Ruiz de Azuak jantzi zuten, final borrokatuan Salanueva eta Eizmendiri 17-25 irabazi eta gero. Gure Pilotako Miguel Aristorena txapelketa hasieran ez zen faboritorik edo pronostiko garbirik ematera ausartu, baina “Murillo dagoen tokian, kontuz”, azaldu zuen, eta, azkenean, asmatu. Aurten 20. urteurrena ospatzen zuen Sakanako txapelketak, eta antolakuntzak merezitako omenaldia eskaini zion Maite Ruiz de Larramendi palista eta pilotari handiari. Sari ematean parte hartzeaz gain, oroigarria eta merezitako jaso zuen Eulateko munduko txapeldun handiak. 20. Sakana Neska Pala Txapelketa. Finalak:

          Txitoak: Sanchez-Apalategi 18 / Mosqueira-Goikoetxea 3
          Tximeletak: Marroyo-Goyenaga 18 / Urtasun-Resano 15 
          Kattagorriak: Azanza-Moro 15 / Razkin-Garziandia 18
          Usoak: Beraza-Garmendia 20 / Aldasoro-Campos 25
          Beltxargak: Larreta-Jiménez 25 / Lacunza-Iribarren  23
          Pottokak: Guerra-Astrain 10 / Olza-Goikoetxea 25
          Lehen maila: Inunziaga-Garziarena 16 / Purroy-Larraza 25
          Elite maila: Salanueva-Eizmendi 17 / Murillo-Ruiz de Azua 25

  • Atletismoan, Sakanako Mankomunitateak XVIII. Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Sari Nagusia antolatu zuen 2024an. Lau probek puntuatzen zuten: maiatzaren 19an Urdiainen jokatutako XVIII. Aitzkibil elkartasun krosak; ekainaren 15eko Ziordiko XI. Lasterketa solidarioak; irailaren 21eko Ergoienako XVIII. Birak, eta abenduaren 8an Altsasun jokatutako Zubeztia Elkartearen XLIII. Lasterketak. Sakanako Koparekin korrikalari sakandarrek ibarreko lasterketetan parte hartzera bulkatu nahi ditu Mank-ek. Horrela, Sakanako Kopan lasterketa hauetan parte hartzen duten Sakanako hamar korrikalari onenek puntuatzen zuten, 10 emakumezkok eta 10 gizonezkok. Bestalde, Kopako azken sailkapenean puntuatzeko aipatu lau probetatik gutxienez hirutan parte hartu behar zuten korrikalariek. Mank-eko Kirol Zerbitzutik azaldu dutenez, emakumezkoetan Erkuden San Martin Gonzalez etxarriarra izan da Kopako txapelduna, Noemi Cordero Diazen eta Maite Zabaleta Gomezen aurretik. Gizonezkoetan beste etxarriar batek irabazi du Kopa, Ekhi Congil Mendiolak hain zuzen ere. Bigarren Aritz Etxeberria Bengoetxea izan da, eta hirugarren Ivan Sobredo. Ildo honetan, hirugarren posturako Ivan Sobredoren eta Imanol Guerrero Zelaiaren artean berdinketa egon zen, baina arautegia jarraituz zozketa egin da eta Ivan Sobredo izan da irabazle. Sailkapen osoa www.sakana-mank.eus webgunean dago kontsultagai. Txapeldunek 80na euro lortuko dituzte Lasa Kirolak-eko kirol materialean, bigarrenek 60na euro, eta hirugarrenek 40na euro. Bestalde, lau lasterketak osatzen dituzten korrikalarien artean sari bat zozketatuko du antolakuntzak. Oraindik ez da zehaztu noiz izango den sari ematea.
  • Pilotan, Ilbeltzaren 4an Ogi Berri Torneoa-Miguel Soroa Oroimenezkoaren finalak jokatu ziren Tolosako Beotibar pilotalekuan. Jubenilen binakako finalean Irurtzun klubeko Salaberria anaiek Etxaniz (Azkoitia) eta Figueroa (Lapke) izan zituzten aurkari, eta emozio handiko final estuan Etxaniz eta Figueroa 18-15 gailendu ziren Salaberria anaien aurrean. Nolanahi ere, itxura ederra eman zuten Irurtzun klubekoek.  
  • Areto Futbolean, Gizonezkoen hirugarren mailako ligak atsedenaldia hartuko du martxoaren 1era arte. Aralar Mendi taldeak Burlata Futbol Eskola hartuko du hamabigarren jardunaldi horretan. Bitartean, Uharte Arakilgo taldea Hirugarren mailako Areto Futbol Kopan murgilduko da. Aralar Mendi bigarren multzoan lehiatuko da, Universidad de Navarra, Kirol Sport eta Betelu Futbol Taldea taldeekin. Ilbeltzaren 11n, 16:30ean Aralar Mendik Universidad de Navarra izango du arerio Iruñean. 
  • Areto futbolean, Eguberrietako geldialdiaren ondoren bueltan da gizonezkoen lehen maila autonomikoa. Hamahirugarren jardunaldian Arbizu Kirol Taldea liderrak sailkapenean seigarren den Vulcanizados Ruiz Tafa hartuko du ilbeltzaren 10ean, ostirala, 19:30ean Arbizuko kiroldegian. Bestalde, sailkapenean hirugarren den Altsasu hamaikagarrena den Cantera taldearen kontra lehiatuko da egun eta ordu berean, Cascanten. 
  • Areto futbolean, Gabonetako atsedenaldia atzean utzita, Xotak Azkarrena taldea izango du aurkari ilbeltzaren 12an 12:00etan Caparroson hasiko den partidan. Emakumezkoen lehen senior mailan bigarren da Azkarrena (28 puntu), Lacturale Orvina liderretik 8 puntura (36 puntu), eta, beraz, garaipena lortzen saiatuko da. Baina Xota laugarren da (17 puntu) eta ez dizkio gauzak batere erraztuko.