ilbeltzak 10

Eneida Carreño Mundiñano 2025ko urt. 10a, 10:39

Albisteak,

  • Plazaola turismo partzuergoak hiru hamarkada bete izana ospatu zuten Larraungo udaletxeko Gabari Gune Irekian. 80 pertsona inguruk parte hartu zuten ekitaldian, tartean, partzuergoko kide den Irurtzungo Udaleko ordezkaritza. Arkaitz Goikoetxea Arriola partzuergoko lehendakaria eta Lekunberriko alkateak eskerrak eman zizkien lan horretan lagundu duten pertsonei, eta 2022an onartutako erakundearen hainbat ildo estrategiko zehazteko parte hartze prozesuan ibilitakoei ere. Partzuergoaren hastapenak eta 90eko hamarkadan aurre egin beharreko erronkak gogoratzeko tartea ere izan zen. Jose Maria Aierdi Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria, Partzuergoko lehendakari ohia eta partzuergoko sustatzailearen eskutik. Partzuergoaren hainbat garaietan parte duten pertsonen parte hartzea zuen bideo baten emanaldia izan zen. Ikus-entzunezkoan turismo partzuergoaren beharra nabarmendu zuten hizlariek ere. Erakundeko gerente Maitena Ezkutarik gidatutako mahai ingurua izan zen. Interes handiko lan-proposamenak egin ziren bertan. Esate baterako, beste lurralde eta erakunde batzuekin Plazaola bide berdearen inguruan lan mahai bat sortzea, bereziki promozioa bultzatzeko.

    Lekunberriko Turismo Bulegoak 13.000 pertsona inguru artatu zituen 2024an. Bisitarien profil nagusia seme-alabak dituzten bikoteak eta bikoteak dira, 35-50 urte bitartekoak, eta 50 eta 65 urte bitartekoak. Jatorri nagusiak estatukoak dira; Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia, Bartzelona, Madril eta nazioarteko merkatukoak Frantzia, USA, Herbehereak, Alemania. Nabarmentzekoa da Belgikako eta Herbehereetako turista atzerritarren kopuruak gora egin duela, batez ere 40 eta 60 urte bitartekoen artean. Izan ere, Plazaolako bide berdea hartu dute erreferentzia gisa eta lurraldea egituratzeko.

  • Lakuntzako Udalak oposizio mugatuaren bidez barne-sustapenez garbitzaile lanpostu bat betetzeko deialdia egin zuen. Prozesua bukatuta, kalifikazio-epaimahaiaren proposamenarekin bat etorriz, udalak Mª Esther Martiarena Alegria garbitzaile lanposturako lan-kontratuko langile finko gisa hartu du. 
  • Altsasuko, Olatzagutiko eta Ziordiko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak lanpostu huts batzuk bete daitezen merezimendu-lehiaketa deitu zuen. Deialdiaren prozesua bukaturik hiru familia-langile izendatu ditu mankomunitateak: Miren Karmele Zia Zabaleta, Maria Hualde Iglesias eta Maria Larraza Hernandez. Bestetik, Itsaso Larrea Bengoetxea bere langile lan-kontratudun finko izendatu du Altsasuko, Olatzagutiko eta Ziordiko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak. Administrari laguntzailearen lanpostuan ariko da. 

Kirolak,

  • Atletismoa, Ilbeltzaren 12an 10:30ean hasiko da 39. Altsasuko Krosa-Izelai Hotela Sari Nagusia, Dantzaleku Sakana Atletismo klubak Nafarroako Atletismo Federazioarekin eta Nafarroako Kirol Jokoekin elkarlanean antolatutakoa. Izan ere, Altsasuko Krosa Nafarroako Banakako Kros Luzeko Txapelketa izango da, aldi berean, eta kategoria txikietan Nafarroako Kirol Jokoen Banakako Txapelketa. Beraz, Nafarroako atleta onenak bilduko dira Dantzalekun, 250 korrikalaritik gora. Dantzalekuk bi zirkuitu antolatu ditu. Laburragoa, Usolarrainen, kategoria txikienendako (450 m), paraje zoragarrian kokatua dagoen zirkuitua, eta Usolarrainen hasi baino inguruetan luzatzen den zirkuitu luzeagoa (1.700 m), hain zuzen ere Dantzalekuk Altsasuko Udalaren laguntzarekin sortu eta markatu duen zirkuitu permanentea dena, itzela, senior maila eta goiko kategorietarako. Kategoria guztietan lehiatuko direnak Dantzaleku pistatik atera eta sartu beharko dira (200 m) eta zenbait kategorietan Dantzalekuko pistari itzuli bat eman beharko diote (400 m). Hasieran kategoria txikiko probak jokatuko dira. 10:30ean 14 urtez azpikoen txanda izango da (1.900 m); 11:00etan 12 urtez azpikoena (1.100 m); 11:20ean 10 urtez azpikoena (650 m); 11:40ean 16 urtez azpikoena (4.050 m); 12:30ean 18 urtez azpikoena (5.300 m); eta 13:05ean 20 urtez azpikoena (6.050m) eta eliteena eta 23 urtez azpikoena (9.450 m). Aurten ez da kros herrikoirik jokatuko. Kategoria txikietan Dantzaleku Sakana atletismo eskolako korrikalariek hartuko dute parte, eta Nafarroako beste klub askotako korrikalariekin lehiatuko dira. Nafarroako Kirol Jokoen Banakako Txapelketa izango da Altsasukoa, eta, hortaz, lasterketa estuak espero dira. Maila nagusian proba Nafarroako Kros Luzeko Txapelketa izango denez, espezialista guztiak bilduko dira Altsasun, bertatik aterako baitira Nafarroako Federazioak Espainiako Txapelketara eramango dituen korrikalariak. Batzuk aipatzearren, Jaouad Boualame, Kexin Alves, Othmane Amraoiu, Antonio Etxeberria, Vanesa Pacha, Ana Llorens...Sakandarrei dagokienez, izena eman duten artean Ivan Sobredo (Hiru Herri), Israel Arbizu (Hiru Herri), Mikel Astiz (Hiru Herri) eta Izaskun Beunza (Beste Iruña) daude. Dantzaleku eta inguruneak kros lasterketa garrantzitsuen lekukoak izan dira. Bitxikeri gisa, Altsasuko Kroseko karteleko argazkian Mariano Haro, Jose Haro eta Santiago de la Parte azaltzen dira lehen lerroan, antolakuntzak prestatutako oztopoa saltatzen. 1975 urteko argazkia da. 
  • Saskibaloian, Emakumezkoen lehen senior mailako taldeak Universidad de Navarra taldea hartuko du, eta gizonezkoen bigarren maila autonomikoko taldeak Megacalzado Ardoi, ilbeltzaren 11n, Zelandin. Eguberrietako geldialdia 2024/2025 denboraldiko aurkezpena egiteko probestu zuen Altsasuko CBASK Saskibaloi klubak, baina oporrak bukatuta lanera itzultzeko garaia da. CBASK-en bi talde nagusiek, emakumezkoen lehen senior mailako taldeak eta gizonezkoen bigarren mailako taldeak etxean jokatuko dute 2025 urteko lehen partida, Zelandin. Goiztiarrenak emakumezkoen lehen senior mailako CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldekoak izango dira. 16:00etan hasiko dira lehian Universidad de Navarraren kontra. Bi taldeak arerio zuzenak dira, CASK bosgarren baita (16 puntu) eta Universidad de Navarra seigarren (14 puntu). Hortaz, lehia bizia espero da. Gizonezkoen bigarren mailako CBASK Narum Fisioterapiak, aldiz, 17:50ean ekingo dio partidari. Bi taldeak arerio zuzenak dira, CBASK zazpigarren baita (16 puntu) eta Ardoi bederatzigarren (14 puntu). Kasu honetan ere parekotasuna izango da nagusi. 
  • Futbolean, Eguberrietako atsedenaldiaren ondoren, bueltan da Elomendiko Futbol Txapelketa. Hamaika jardunaldi jokatuta, Bar Olmo da liderra (28 puntu) eta Arakilgo Zaldua taldea bosgarren da (23 puntu). Oso estu dago txapelketa. Asteburuan Zalduak sailkapenean bigarren den Salinas taldearen kontra jokatuko du Salinasen. Salinasek 27 puntu ditu, puntu batera du Bar Olmok defendatzen duen lidergoa eta, beraz, partida oso estua aurreikusten da, Zalduak ere 3 puntuak eskuratu nahi dituelako, goiko postuei begira jartzeko.