Nafarroako Gobernuko ordezkariak (Maria Chivite Navascues presidentea, Mikel Irujo Amezaga eta Carmen Maeztu Villafranca kontseilariak) eta Jordi Hereu Espainiako Industria ministroa BSH taldeko ordezkaritzarekin (Christian Prenzel BSHko Europako zuzendari nagusia eta Joerg Ulrich mundu mailako produkzio burua eta Jose Juste Espainiako BSHko operazio burua). Bileran erabaki zuten Ezkirozko fabrikaren etorkizunaz eztabaidatzeko lantalde bat sortuko dela. Mahai gainean jarriko zituzten ixteko erabakian atzera egiteko aukerak eta industria ahalmenari eta lanpostuei eusteko alternatibak. Talde horren egutegiari buruzko xehetasunik ez zuten eman. Berez, BSHk lantegia garagarrilaren 16an ixteko asmoa du.
Hereuk eta Chivitek BSHk Nafarroan izan duen garrantzia historikoa eta Ezkirozko lantegiak urteetan zehar izan duen eragin sozial eta ekonomiko positiboa aitortu dute. Chivite lehendakariak "bilkura onuragarria" izan zela adierazi zuen akaberan, "ezerezetik hasi gara, eta orain langileendako itxaropenezko aukera baten alde lan egin dezakegu". Gaineratu zuenez, "mahai horretan aukera guztiak aztertuko dira, horrek guztiak beste emaitza bat izan dezan". Ezkirotzen 655 lanpostu zuzen daude, eta zeharka, "beste horrenbeste". Bilkuran Prenzelek eta Ulrichek helarazi diete aurretik ere aztertu dituztela bestelako aukerak. "Esan digute esfortzu hori egin dutela aurrez, baina orain elkarrekin lan egingo dugu bestelako aukerak aztertzeko: bazkideak, inbertitzaileak, berrindustrializatzea, produktu berriak... Guztia, enplegurik ez galtzeko". Presidenteak nabarmendu zuenez, "Nafarroako Gobernuak lanpostu guztien defentsan borroka egingo du, lanpostu bakoitzaren alde". Madrilgo bileraren berri Ezkirozko lantegiko enpresa batzordeari eman zion foru gobernuak hurrengo egunean.
Joan zen urtean BSHren inguruan zantzu txar batzuk ikusirik, azken hilabeteetan Alemaniako zuzendaritzarekin harremanetan jartzen ahalegindu da Irujo, baina ez du lortu. Horregatik, ustekabean harrapatu zuen Nafarroako Gobernua abenduaren 16an BSHk lantokia ixteko asmoaren berri eman zienean langileei. Iragarpenaren ondotik, Chivitek eta Hereuk biltzeko gonbita egin zioten Matthias Metz BSHko buruari.
Langileen kontzentrazioa
Madrilgo bilkura hasi den ordu berean, 12:00etan, elkarretaratzea egin zuten langileek fabrikaren aurrean. Bilkuran BSH ez itxi, Nafarroako industriaren alde leloa zuen pankartaren atzean elkartu ziren. Langileek ilbeltzaren 7an ekin zioten lanari, baina egoerak sortzen duen ezegonkortasunagatik burumakur daude.