Albisteak,
- Industria Ministerioak, Nafarroako Gobernuak eta BSHk sortu dute. Erakundeetako ordezkariek enpresari eskatu diote berrindustrializazio aukeretan lan egiteko eta dauden talentua eta azpiegiturak aprobetxa ditzaketen industria proiektuak identifikatzeko. BSHk ez du ezer esan Ezkirozko lantokia ixteko erabakian atzera egiteaz. Nafarroako Gobernuko ordezkariak eta Jordi Hereu Espainiako Industria ministroa BSH taldeko ordezkaritzarekin. Bileran erabaki zuten Ezkirozko fabrikaren etorkizunaz eztabaidatzeko lantalde bat sortuko dela. Mahai gainean jarriko zituzten ixteko erabakian atzera egiteko aukerak eta industria ahalmenari eta lanpostuei eusteko alternatibak. Talde horren egutegiari buruzko xehetasunik ez zuten eman. Berez, BSHk lantegia garagarrilaren 16an ixteko asmoa du. Chivite lehendakariak “bilkura onuragarria” izan zela adierazi zuen akaberan, “ezerezetik hasi gara, eta orain langileendako itxaropenezko aukera baten alde lan egin dezakegu”. Gaineratu zuenez, “mahai horretan aukera guztiak aztertuko dira, horrek guztiak beste emaitza bat izan dezan”. Ezkirotzen 655 lanpostu zuzen daude, eta zeharka, “beste horrenbeste”. Madrilgo bileraren berri Ezkirozko lantegiko enpresa batzordeari eman zion foru gobernuak hurrengo egunean.
- Auto istripua izan eta bertan hil zen 28 urteko gizonezko izurdiagarra ilbeltzaren 10ean, ostiralarekin, 07:24ean. Ezbeharra Asterain eta Irurtzun lotzen dituen NA-7010 errepidean izan zen, 15. kilometro puntuan, Lete herriko bidegurutzetik gertu. Antza, lainoak eraginda, autoa bidetik atera bazterra jo eta su hartu zuen ibilgailuak. Gizonezkoa bakarrik zihoan autoan. Ezbeharraren tokira joandako Orkoiengo mediku taldeak ezin izan zuen ezer egin. Cordovillako suhiltzaileak, anbulantzia bat eta Guardia Civila ere joan ziren. Hildakoa herrian atzo despeditu zuten. Gurasoak, anaia eta bikotea utzi ditu. Zendutakoa ogibidez taxi gidaria zen, eta ezbeharra bere taxiarekin izan zuen, lanera joaten zenean. Gaztea Izurdiagako Kontzejuko kidea zen, bokala.
- Altsasuko parkeko suhiltzaileek su hartu zuen auto baten garrak itzali behar izan zituzten domeka arratsaldean. Ezbeharrean ez zen inor zauritu, gertakariak kalte materialak baino ez zituen eragin. Ibilgailuak Sakanako Autobiaren (A-10) irteeratik NA-2410 errepidera eramaten duen bidean hartu zuen su. Foruzaingoa izan zen ibilgailuaren hondakinak erretiratzen ari ziren bitartean trafikoa erregulatzeaz arduratu zena.
- Enpresako langileen prentsa oharra:
Dakizuen bezala Sunsundegui hartzekodunen konkurtsoan dago azarotik, eta konkurtso-administrazioaren eskuetan abendutik. Langileak ERTE egoeran dude urtarrilaren 19ra arte eta hiru hilabete gehiagoz egongo dira egoera honetan. Datozen asteak funtsezkoak izango dira lantokiaren etorkizunerako, argitu beharko baita bideragarritasuna duen ala ez. Enpresa batzordeak uste dugu proiektu honek Altsasurako, eskualderako eta Nafarroarako duen garrantzia gogorarazteko unea dela. Enpleguaren suntsiketa gure inguruan agertzen hasi den une hauetan. Aspaldian esan dugun bezala, Sunsundegui produktua eta merkatua duen enpresa bat da. Badakigu interesa dagoela eta aurrera egin dezakela industria plan batekin. Horregatik guztiagatik, manifestazio honen bidez inplikatutako eragile guztiei inplikazioa eskatu nahi diegu, Altsasuko lantegiaren etorkizuna eta enplegua bermatu ahal izateko. Proiektatutako autobusak gure lantegian bukatzea nahi dugu, eta urte askoan gure lana egiten jarraitu ahal izatea. Inbertitzaile bat behar dugu, industria-plan bat duena, baita sektore publikoaren laguntza eta kontrola ere. Langileek eta Nafarroako gizarteak egindako ahalegina enplegu eta etorkizun bihurtu behar da guztientzat. Horregatik, dei egiten diegu Sakanako herritar, Erakunde, Alderdi Politiko eta gizarte eragile guztiei enpleguaren aldeko eta Sunsundeguiren etorkizunaren aldeko manifestazio honi babesa ematera.
Kirolak,
- Atletismoan, Altsasuko krosa. Hasieran kategoria txikiko probak jokatu ziren, 10:30etik aurrera, eta Dantzaleku Sakana eskolako n neska-mutilek parte hartu zuten lasterketetan, eta podiumera igo ziren. Sihets Agirre 14 urtez azpiko Nafarroako txapelduna da eta Manex Izagirre hirugarren sailkatu zen 10 urtez azpikoan. 18 urtez azpikoan Victor Fernandez laugarren sailkatu zen eta litekeena da federazioak Espainiako Kross Txapelketarako hautatzea. Izan ere, Altsasuko Krosa, aldi berean, Nafarroako Kros Luzeko Txapelketa izan zen, eta lehen sailkatuek ilbeltzaren 26ean Getafen jokatuko den Espainiako Kros Txapelketarako txartela lortu zuten. Korrikalari guztiek aipatu zuten Altsasuko Kroseko zirkuitura “oso gogorra” zela. “Gaizki ohituta gaude. Altsasukoa, hau da benetako krosa. Bestelakoak beste gauza bat dira” zihoen Izaskun Beunza korrikalari irurtzundarrak. Helduen proba nagusia Abdelkader Al Ghamek (32:22) irabazi zuen, Andoni Acebedoren (32:35) aurretik, baina jatorriz marokoarra den korrikalariak oraindik ez du espainiartasun nazionalitaterik, eta, beraz, ezin izan zuen Nafarroako txapeldunaren titulua jaso. Beraz, Acebedo izan zen Nafarroako txapelduna. Lehen sakandarra Israel Arbizu izan zen, sailkapenean hamargarrena (35:38). Emakumezkoetan Alicia Carrerak agindu zuen (39:43) eta proba irabazteaz gain Nafarroako txapelduna izan zen, Violeta Alonsoren (40:52) eta Ainara Alcuazen (41:04) aurretik. Lehen sakandarra Izaskun Beunza izan zen, sailkapenean bosgarren (41:22). Espainiako Txapelketan egoteko txartela lortu du olaztiarrak.
- Futbolean, Irati Igoa Sesma etxarriarra Altsasun hasi zen futbolari, eta gerora Mulier taldera pasa zen. Bertan zazpi denboraldi egin eta gero, aurten Osasuna B taldera egin zuen salto, hain zuzen ere Gorka Pascua altsasuarrak eta Aritz Maestrek gidatzen duten 2. RFEF mailako taldera. Baina etxarriarraren dohainak ez dira oharkabean pasa eta 1. RFEF mailan jokatzen duen Osasuna lehen taldera igo da etxarriarra. Ilbeltzaren 12an debutatu zuen Osasunan, Huelvako Sporting taldearen kontra, eta garaipenarekin mustu du ibilbidea erdilari etxarriarrak, Elena Valejek sartutako golari esker 1-0 gailendu baitziren gorritxoak. Debutarekin “oso pozik” dago Irati Igoa. “Denboraldiaren bigarren itzulera garaipenarekin hastea oso positiboa da taldearendako eta baita niretako ere. Urteko lehen partida etxean jokatzea, bertan debutatzea eta garaipena lortzea ederra izan da, jende ezaguna hurbildu direlako ni ikustera. Plazera izan da etxean debutatzea, harrotasuna. Ongi sentitzen naiz, eta Josu Dominguezek partida titular hasteko eta 90 minutuak jokatzeko eman didan aukerarekin pozik nago; uste dut minutu horiek ongi aprobetxatu ditudala, ahal nuen hoberen, eta taldea lagundu dudala. Partida serioa izan da, sentsazioak onak dira eta lanean jarraitu beharra dago, dinamika honetan jarraituz. Bestalde, Josu Dominguez entrenatzaileak azaldu zuen taldeko aurpegi berriekin “pozik” dagoela. “Igoak eta Sarrik bigarren itzulian asko eman ahal digutela uste dugu”. Osasuna 1. RFEF ligako sailkapenean zazpigarren da (20 puntu). Deportivo Alaves da liderra (34 puntu). ARETO FUTBOLA
- Areto Futbolean, Osasuna Magna Xotak El Pozo Murcia hartu zuen ilbeltzaren 11n Anaitasunan. Talde irurtzundarrak asko zuen jokoan, Espainiarako Kopa jokatu ahal izatea, hain zuzen. Izan ere, lehen itzulian sailkatzen diren lehen zortzi taldeek lortzen dute aipatu kopa jokatzea, eta Xota mugan zegoen. Osasuna Magna ilusio handiz atera zen kantxara, Anaitasunan bildu ziren 2.408 zaleen aurrera. Denboraldiko sarrerarik onena izan zuen Anaitasunak. Gogotsu aritu ziren, gol aukerak sortuz, baina berdeek ez zuten kontrako atean asmatu. Asier Llamas atezain irurtzundarrak ederki zaindu zuen berdeen atea, eta atsedenaldira golik gabe joan ziren bi taldeak. Bigarren zatian bide beretik segi zuen partidak, baloi galdu bat aprobetxatuta gola sartu eta El Pozo 0-1 aurreratu zenera arte. Berdeek ongi erantzun zuten eta erasoan jarraitu zuten, Ligeirok bana berdindu arte. Partida bukatzeko 8 minutu falta ziren, baina, nahiz eta aukera ederrak izan, ez zen gol gehiagorik egon eta berdinketarekin despeditu zen partida. Lehen mailako sailkapenean Movistar Inter da liderra (32 puntu), Servigroup Peñiscola (30 puntu), Barça (26 puntu), Jaen (26 puntu), Islas Baleares Palma (25 puntu), Jimbee Cartagena (24 puntu), El Pozo Murcia (22 puntu), Industrias Santa Coloma (21 puntu) eta Osasuna Magna Xota (20 puntu) taldeen aurretik. Talde irurtzundarra bederatzigarren da eta Kopara sailkatzeko borrokan jarraitzen du. Islas Baleares Palma Futsal taldearen kontra jokatuko du ligako lehen itzuliko azken partida, Palman, ilbeltzaren 25ean. Hil ala biziko partida izango da, Osasunak irabazi beharra duelako, eta beste partida batzuen emaitzak itxaron. Ea zer gertatzen den.
- Pilotan, Peio Etxeberriak eta Julen Martijak Binakako Txapelketako bederatzi jardunaldi behar izan dituzte euren lehen garaipena lortzeko. Ilbeltzaren 10ean Getarian jokatutako partidan Joseba Ezkurdia eta Beñat Rezusta izan zituzten aurkari, eta partida nahasian 15-22 gailendu ziren Etxeberria eta Martija. Lehen zatian Etxeberria itzali samar aritu zen, baina Martijak ongi eutsi zion Rezustari. Nolanahi ere, aldea atera zuten, baina Ezkurdiak eta Rezustak hamaikana berdindu zuten. Etxeberriak eta Martijak aldea zabaldu zuten, 12-17, baina gorriek ez zuten etsi eta 14-17 hurbildu ziren Ezkurdia eta Rezusta. Hortik aurrera Etxeberriak eta Martijak hartu zuten aginte makila eta Ezkurdiak eta Rezustak, aldiz, akatsak pilatu zituzten bata bestearen atzetik. Martijak ez zuen pilotarik galdu, Rezustak soilik bi galdu zituen eta Ezkurdiak eta Rezustak, aldiz, akatsen zakua bete zuten: sei Ezkurdiak eta zazpi Rezustak. Azkenean, 15-22 irabazi zuten Etxeberriak eta Martijak, eta gogoz ospatu zuten euren lehen garaipena. Arantza bat kendu dute eta airea hartu. Ezkurdiak eta Rezustak, aldiz, euren bigarren porrota izan zuten. Bestalde, Elordik eta Zabaletak euren seigarren puntua lortu zuten, sukarrak jota dauden Altunaren eta Arangurenen ordez jokatu zuten Zabala eta Bikuña 12 tantotan utzi eta gero. Sake-errestoan aldeak irekita lortu zuten garaipena Elordik eta Zabaletak, segurtasun falta sumatu zitzaien Zabalaren eta Bikuñaren kontra. Lehen zatian Zabaleta deseroso ibili zen eta tarte horretan aurreratu ziren Zabala eta Bikuña, baina pilota aldaketarekin gorriek partidari buelta eman zioten, eta 22-12 irabazi. Hasierako ligaxka despeditzeko bost jardunaldiren faltan, Laso-Iztuetak segitzen dute lider (8 puntu), puntu batera Ezkurdia-Rezusta (7 puntu) eta 2 puntura Elordi-Zabaleta (6 puntu) dituztela. Sailkapenean hurrenak Artola-Mariezkurrena (5 puntu), Jaka-Imaz (4 puntu), Altuna-Aranguren (3 puntu), Peña II.-Albisu (2 puntu) eta P. Etxeberria-Martija (puntu 1) dira. Bederatzigarren jardunaldian ilbeltzaren 18an atzelari arakildarren arteko lehia hartuko du Mungiak, Elordik eta Zabaletak Peio Etxeberriaren eta Martijaren kontra jokatuko baitute. Egun berean Ezkurdia-Rezustak Altuna-Aranguren izango dituzte zain Labriten, sukarra gainditzen badute behintzat.
- Txirrindularitzan, 2025 denboraldia hasi da eta sasoi betean egoteko ilbeltzaren 7tik 17ra Alteako Cap Negrethotelean kontzentratuta daude Euskaltel-Euskadi eta Laboral Kutxa-Euskadi taldeak. Hamaika lan egunen helburua denboraldia planifikatzea da, errepidean entrenamendu saioak egitea, kirol zuzendariek zehaztutako hainbat test egin eta, bestalde, biomekanikoak, antropometriak, osteopatia saioak eta taldeko eta banakako bilerak egitea. Gainera, material berrira egokitu beharko dira eta argazki ofizialak eta bestelakoak egin. Iker Mintegi Claverrek bere bigarren urtea du profesional talde laranjarekin. Txirrindulari sakandar bakarra da taldean, Jorge Azanza zuzendari altsasuarraren esanetara. Aurten beste sakandar bat batu da staff-era, Pablo Urtasun kirol zuzendari urdiaindarra. Bera eta Isasi kirol zuzendaria denboraldi honetako “fitxaketa onenak” direla azaldu zu Azanzak behin baino gehiagotan. Denboraldiari ekiteko ilusioz gainezka dago talde laranja, helburu nagusia zen den ahaztu gabe: ahalik eta puntu gehien lortzea, UCI maila ez galtzeko. Laboral Kutxa-Euskadik ilbeltzaren 19an du lehenengo lasterketa, Women Cycling Pro Costa de Almeria. Euskaltel-Euskadik, aldiz, ilbeltzaren bukaeran mustuko du denboraldia, Classica Camp de Morvedren.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!