AHT ibilbide proiektua

UPNren AHTri buruzko adierazpena ez da onartu

Guaixe 2025ko urt. 14a, 10:55

Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeko bilera. UTZITAKOA

Aralar mendian AHTren laginketa lanetako “sabotajeak eta hertsatze-ekintzak” gaitzestea eskatzen zuen.

Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak ez du onartu UPNk aurkeztutako erakunde adierazpen proposamena. Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Nafarroako korridorea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Y trazadura lotzeko aukerak aztertzen ari dira. Haietako bat Aralar mendian barna pasako litzateke. UPNk Parlamentuan aurkeztutako idatzian jaso zenez,  “trazadura erabakitzeko lanetan gertatzen ari diren sabotajeak eta hertsatze-ekintzak” izaten ari dira eta haiek gaitzestea eskatu zuten. Erakunde adierazpen horren alde egin zuten UPNk, PPk eta Voxek, PSN abstenitu egin zen eta EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroak kontrako botoa eman zuten. 

AHTren kontrako ekintzaile Gorka Ovejero Ganboak Naiz Irratian adierazi duenez, "guk dakigula, Aralarren, ez Nafarroako ezta Gipuzkoako aldean ere, ez da zundaketarik egin. Beraz, gezur hutsa da jendea mehatxuak egitera edo sabotajeak egitera joan dela, Sakanan ez baita inongo zundaketarik egin".