Albisteak,
- Arbizuko Udalak Fernando Urkia kalearen mendebaldeko zatia berritu nahi du, Nagusia kalearen bidegurutzeraino. Hau da, 200 metro inguruko luzeran eta 2.500 metro karratuko azaleran eginen dira lanak. Orain dauden zoladura eta ur hornidura, saneamendu eta euri urak jasotzeko sareak eta elektrizitate, argiteria publikoko eta telekomunikazio kanalizazioak berrituko dira. Lanen aurrekontua 537.049,49 eurokoa (BEZik gabe) da. Obra bere gain hartu nahi duten enpresek eskaintzak otsailaren 7ko 13:00ak arte aurkez ditzakete. Lana eskuratzen duen enpresak obra egiteko sei hilabete izanen ditu.
- Etxarri Aranazko Udalak bere kirol-jarduerak kudeatzeko eta garatzeko zerbitzua kontratatzeko deialdia egin du. Ikastaro horiek eman nahi dituztenek ilbeltzaren 18ra arte aurkez ditzakete beraien eskaintzak. Kontratua 2025eko otsailetik garagarrilera arte izanen da, baina, gehienez ere, lau urtera arte luza daiteke, beti ere, ikasturte hasiera lastailean izanik. Urte bategatik udalak 15.200 euro (BEZik gabe) ordainduko du, eta luzapen guztiak betez gero, kontratuaren balioa 60.800 eurokoa (BEZik gabe) izanen da.
- Enplegu Publikoan dagoen Behin-behinekotasuna Murrizteko Premiazko Neurriei buruzko Legeari jarraituz, Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak gizarte-hezitzaile lanpostu hutsa betetzeko deialdia egin zuen. Prozesua despedituta, eta kalifikazio epaimahaiaren ebazpena bere eginez, mankomunitateko lehendakariak erabaki du Nerea Navarro Lizarraga kontratatzea. Lan-kontratudun finko gisa ariko da lanean.
- Asteburuan Olaztin txorien erakusketa eta trukaketa ospatu zen, Gabi Ormazabalen Aralar Mendi ornitologia Elkarteko ordezkariaren adierazenak jaso ditugu.
Kirolak,
- Taekwondoa, Ilbeltzaren 11n I. Bizkaiko Konbate Kopa jokatu zen Miribilla frontoian. Nafarroako selekzioaz gain hainbat klub lehiatu ziren bertan, tartean Sakanako Bargagain Taekwondo Kluba, Lezkairu Taekwondo klubarekin lehiatu zena. Nafarroako selekzioarekin lehiatu zen Erkuden Moreno Muñoz altsasuarra, maila absolutuko 46 kg azpiko kategorian. Altsasuarra ikusgarri aritu zen eta urrea lortu zuen. Guztira 10 podium lortu zituen Nafarroako selekzioak, horietako bost urrezko dominak, tartean Morenorena. Bestalde, Bargagaingo taekwondo borrokalariek lan ederra egin zuten Lezkairurekin. Lezkairukoek zazpi urre, bost zilar eta hamabi zilarrezko domina lortu zituzten, eta kluben podiumean bigarrenak izan ziren.
- Elomendiko Futbol Txapelketan Salinas izan zuen aurkari Arakilgo Zalduak. Salinas Bar Olmo liderretik oso gertu dagoenez garaipena lortzera atera zen hasieratik. Zalduak ongi eutsi zion, eta borroka lehiatua izan zuten biek. Azkenean, Salinasek 5-2 irabazi zion Zalduari eta 3 puntu gozo lortu zituen, Bar Olmo liderretik (31 puntu) puntu batera kokatuz (30 puntu). Zaldua bosgarren postuan dago sailkapenean (23 puntu). Datorren jardunaldian Zalduak zazpigarren den Txaparros taldea hartuko du ilbeltzaren 18an, 15:30ean, Larrabiden.
- Emakumezkoen Preferente Mailan Altsasuk lider sendoa izaten jarraitzen du. Hamabigarren jardunaldian Berriozarren kontra jokatu zuen Altsasuk. Hasieran parez pare ibili ziren bi taldeak, baina 25. minutuan Maddi Mariñelarenak Berriozarren atea zulatu zuen eta atsedenaldia baino lehen bigarren gola sartu zuen Leire Estarriagak. Bigarren zatian 1-2 gerturatu zen Berriozar, baina irudipen hutsa izan zen, Altsasuk beste bi gol sartu zituelako, Leire Estarriagari eta Nerea Arellanori esker. Preferente mailan Altsasu liderrak 29 puntu ditu eta 6 puntu ateratzen dizkio GazteBerriak Antsoaini (23 puntu). Ilbeltzaren 19an, 13:00etan, Altsasuk sailkapenean zortzigarren den Castejon taldea hartuko du, 13:00etan, Dantzalekun.
- Futbola, Erregional mailan gauzak berdin jarraitzen dute Altsasurendako. Liderrak Elizondon jokatu zuen, Baztan B taldearen kontra, eta partida hasi eta berehala, 13. minuturako 0-2 aurreratu zen Asier San Romanen eta Unai Calvoren golei esker. Atsedenaldia baino lehen Imanol Lobok ate propioan gola sartu zuen eta 1-2 gerturatu zen Baztan, baina bigarren zatian Altsasuren aginteak jarraitu zuen. Julen Floresek, Gorka Martinezek eta Iokin Lobok, azken honek penaltiz, sartutako golekin, azkenean 1-5 irabazita itzuli ziren Sakanara liderrak. Etxarri Aranatzek ere ez du garaipenaren xenda utzi. Ilbeltzaren 12an Arga Ibaia taldea hartu zuten etxarriarrek eta 4-1 gailendu ziren hasieratik kontrolatu zuten partidan. Mattin Karasatorrek bi gol sartu zituen 10 minututan, eta 29. minutuan Xabier Igoaren gola batu zitzaion. Atsedenaldia baino lehen 3-1 hurbildu zen Arga Ibaia, baina bigarren zatian Etxarrik partida kontrolatzen jarraitu zuen eta 85. minutuan Mattin Altzelaik hat tricka lortu eta garaipen sendoarekin bukatu zuten partida Joseba Bakaikoaren mutilak. Aurretik, ilbeltzaren 8an jokatutako hamahirugarren jardunaldian 1-3 gailendu zen Etxarri Aranatz Universidad de Navarra B-ren kontra, Joanes Mikeo, Javier Fernandez de Garaialde Lazkano eta Oihan Karasatorreren golekin. Lagun Arteak Berriozarren jokatu zuen. Lakuntzarrak irabazten hasi ziren, Mikel Agirrek sartutako golari esker, baina atsedenaldirako berdintzea eta 2-1 aurreratzea lortu zuen Berirozarrek. Bigarren zatia ere oso borrokatua izan zen, baina gutxika Berriozar gailendu eta 5-1 aurreratu zen. Partida bukatzear zela, deskontuan, Gorka Egurzak Lagunen bigarrena sartu eta 5-2 bukatu zen lehia. Altsasu liderrak 43 puntu ditu eta 5 puntu ateratzen dizkio San Jorgeri (38 puntu). Etxarri Aranatz hirugarren da (37 puntu), eta Lagun Artea zortzigarren (23 puntu). Hamaseigarren jardunaldian Leitzan jokatuko du Altsasuk, sailkapenean hamargarren den Aurrera taldearen kontra, ilbeltzaren 18an, 16:30ean Ardiskilen. Etxarri Aranatzek Orkoienen du hitzordua sailkapenean bosgarren den Kirol Sportekin, ilbeltzaren 18an, 18:15ean. Azkenik, Lagun Arteak bere partida ilbeltzaren 17an jokatuko du, ostiralarekin, asteburuan sansastiñak baitira. Sailkapenean azkena den Asdefor taldea hartuko du 19:00etan Zelai Berrin.