Albisteak,
- Aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziari jarraikiz, Irurtzungo Udal Musika Eskolari dagozkion lanpostu huts batzuk betetzeko deialdia egin zuen Irurtzungo Udalak, merezimendu lehiaketa zehazki. Prozesua despedituta, eta kalifikazio epaimahaiaren ebazpenari jarraituz, musika irakasle lanpostuaz jabetzea lortu dute Eunate Dorai Salak, Peio Berasategi Zabalzak, Rakel Rivera Silanesek eta Idoia Arizaleta Rosek. Etxarri Aranatz / Altsasu / Sakana
- Pentsamendu konputazionalaren arloan Ikasnova Hezkuntza Digitalizazio Plana aurkeztu zuen Hezkuntza Departamentuak 2024ko maiatzean. Horren barruan dago STREAM-AI sarea. Hura zabaltzeko departamentuak bigarren deialdia ebatzi zuen lastailean eta beste 36 ikastetxe sartu dira orain. Haien artean dago Etxarri Aranazko San Donato eskola publikoa. Lehen ediziotik sareko kide da Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutua. Guztira Nafarroako 59 ikastetxek osatzen dute STREAM-AI sarea. Aipatu sareko kide diren ikastetxeek hainbat arlotan baliabideak eta prestakuntza jasoko dituzte. Izan ere, ikasturte honetan, ikasNOVAren Pentsamendu Konputazionalaren arloak pentsamendu logiko eta konputazional, pentsamendu konputazional deskonektatua, programazioa, robotika, errealitate hedatuak, adimen artifiziala eta STEAM eremuak garatzeko ekimenak eginen ditu. Ekimenetako bat STREAM-AI sarea garatzea da.
- Ahots-roboten bidez, kudeaketa hori modu eroso, azkar eta eraginkorrean artatzen da herritarrendako. Nafarroako Gobernuak Europako MRR funtsen bidez sustatutako toki-erakundeak digitalizatzeko proiektu bati esker. Altsasuarrek eta olaztiarrek dagoeneko eska dezakete udalerrian erroldatuta egotearen ziurtagiria modu automatizatuan, edozein unetan, joan-etorririk, itxaronaldirik, aurretiko hitzordurik eta dokumentazio-entregarik gabe. Horretarako 012 zerbitzura telefono dei bat besterik ez da egin behar. Ahots automatizatu batek bideratuko du izapidearen eskatzailea. Kudeaketan zehar arazoren bat balego, 012 lantaldeko profesionalek, astelehenetik ostiralera 08:00etatik 18:00etara, deia harrapatu eta gorabehera konponduko lukete.
Kirolak,
- Areto futbolean, Osasuna Magna Xotako bi jokalari deitu ditu Espainiako areto futbol selekzioko hautatzaile Jesus Velascok: Asier llamas atezain irurtzundarra eta Pablo Garcia “Pachu” jokalaria. Biak ala biak sekulako denboraldia egiten ari dira. Otsailaren 4an Espainiako selekzioak Ingalaterra izango du aurkari 2026ko Lituaniako Europako Txapelketako sailkapen fasearen barruan. Asier Llamasek 31 urte ditu eta lehen aldiz jaso du selekzioan aritzeko deia. Llamasek duen mailaren inguruan ez dago zalantzarik. Sasoi betean dago, eta bere parte-hartzeak ezinbestekoak dira Osasuna Magna Xotaren partida guztietan. Bi aldeek berriki adostasunera iritsi ziren eta jokalari irurtzundarrak beste bi urtez luzatu du talde berdearekin duen kontratua, 2027ra arte. Deialdia “ilusioz” hartu du Llamasek. “2025 indartsu hasi da, sorpresa ederra izan da. Lehen aldia izango denez, oso polita izango da hor egotea” azaldu du atezainak. Hautatzaileak, irurtzundarraz gain, Chemi (jimbee Cartagena), Jesus Herrero (Movistar Inter) eta Antonio Navarro (Quesos El Hidalgo Manzanares) atezainak deitu ditu, euren lana ikusi eta baloratzeko. Velascok guztira 30 jokalari deitu ditu aurre zerrendan, eta horietatik Ingalaterraren kontrako partidarako 14 aukeratuko ditu. Ilbeltzaren 22an jakingo dira nortzuk diren. Dani Saldise irurtzundarra izan zen selekzioan aritu zen azken nafarra.
- Areto futbolean, Hirugarren mailako areto futbol ligak atsedenaldia egin du eta bitartean Kopan murgilduko dira hirugarren mailako taldeak. Uharte Arakilgo Aralar Mendi bigarren multzoan dago eta primerako hasiera eman dio kopari, lehen jardunaldian 2-10 gailendu baitzitzaion Universidad de Navarrari, Mikel Martiarenak, Jon Iribarrenek (5) eta Eneko Cruzek (4) sartutako golei esker. Kopako bigarren multzoko lider da Aralar Mendi. Hurrengo jardunaldian Aralar Mendik Beteluren kontra galtzetik datorren Kirol Sport hartuko du ilbeltzaren 18an, 18:00etan, Uharte Arakilen.
- Areto futboleko lehen maila autonomikoan talde sakandarren agintea ezarri da. Arbizu Kirol Taldea liderrak 7-3 hartu zuen mendean Vulcanizados Ruiz Tafa. Tafallako taldea aurreratu zen, baina Julen Mayok eta Jokin Urzelaik 2-1 aurreratu zuten taldea. Tafak bina berdindu zuen, baina hortik aurrera Arbizu izan zen jaun eta jabe eta Julen Mayok (beste bi gol), Gorka Ansak eta Andoni Goikoetxeak (2)) sartutako golei esker 7-3 gailendu zen Arbizu. Altsasuk, bestalde, Erriberan jokatu zuen, Cascanteko Canteraren kontra. Partidak ez zuen kolorerik izan, Altsasu gailendu baitzen hasieratik. 0-5 irabazita itzuli ziren altsasuarrak, Joel Jarauta, Asier Salgado, Xabier Aiestaran, Denis Ordoñez eta Aritz Sevillaren golekin. Arbizu Kirol taldeak jarraitzen du lehen autonomikoko lider (31 puntu), 3 puntura hirugarren postutik bigarren postura igo den Altsasu duela (28 puntu). Hamalaugarren jardunaldian Altsasuk Eskiroz kiroldegian Subiza Cendea de Galar izango du aurkari ilbeltzaren 18an, 18:00etan. Arbizu Kirol Taldeak, aldiz, Gazte Berriak Antsoainen kontra jokatuko du baina partida atzeratu dute. Ilbeltzaren 29an, 19:30ean, Arbizun jokatuko da.
- Areto futbolean, Emakumezkoen lehen senior mailan hamahirugarren jardunaldia jokatu zen. Xotak Caparroson jokatu zuen sailkapenean bigarren den Azkarrenaren kontra, eta partida oso lehiatu eta borrokatua eskaini zuten bi taldeek. 23. minutuan etxeko taldea aurreratu zen, baina Eider Goikoak bana berdintzea lortu zuen. Hortik aurrera are gehiago estutu zen lehia. Azkarrenak bigarren gola sartu zuen, eta nahiz eta Xotak ahalegin guztia egin, ezin izan zuen berdindu eta berdeak punturik gabe itzuli ziren Irurtzunera. Lacturale Orvinak jarraitzen du lehen senior mailakoi lider (39 puntu), Azkarrena taldea 8 puntura duela (31 puntu). Xota laugarren da (17 puntu). Xotak sailkapenean azkena den Municipal Ribaforada taldea hartuko du ilbeltzaren 19an, 12:45ean, Irurtzungo Atakondoan.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!