"TOKIKOMen aspalditik gabiltza oso kezkatuta sare sozial korporatiboek hartu duten bidearekin: desinformazioa, eskuin muturreko interesen defentsa eta erabiltzaileen osasun mental eta fisikoaren gaineko kalteak gero eta nabarmenagoak dira, eta gaiztotze prozesu hori asko bizkortu da azken urtebetean. Iruditu zaigu badela garaia aurrerapauso bat egiteko, gure zein gure irakurle, ikus-entzule eta erabiltzaileen onerako". Azaldu du Joxe Rojasek, TOKIKOMeko Komunikazio eta IKT zuzendariak.
Erresuma Batuko BBC irrati-telebista publikoaren ereduari jarraiki, tkm.eus-en TOKIKOMeko komunikabideak eta profesional zein kolaboratzaileak baino ezingo dira erregistratu, eta 10 puntuko araudi zorrotz bati jarraitu beharko diote, besteak beste, informazioa eta iritzia ondo bereizita. "Euskarazko zero kilometroko informazio iturri fidagarria eskaini nahi dugu, Mastodonetik erraz jarraitzeko moduan".
TOKIKOMeko presidenteak, Iban Arantzabalek, sakonago azaldu ditu pauso hau emateko arrazoiak: "Amerikako Estatu Batuetako multinazionalek kontrolatutako sare sozialak plaza publiko gisa aurkeztu zaizkigu urteetan, baina ez dira, eta gero eta lerratuago daude euren jabeen interesen alde, erabiltzaileen kaltetan bada ere. Oraindik jende asko erakartzen dute, eta beharbada haietan presente jarraitu beharko dugu denbora batez, baina, hedabide gisa, gero eta beharrezkoagoa iruditzen zaigu gure jarduera soziala gure kontrolpeko plataformen bidez egin ahal izatea, ildo editoriala geuk markatuta, eta ez Amerikako Estatu Batuetako eskuin muturreko milioidun kapritxoso batek".
Aranzabalek gaineratu duenez, "Europara ere hedatu dituzte beraien eginahalak eta aurpegia aldatu barik esan dute ez dutela notizia faltsuak detektatzeko baliabiderik jarriko. Emakumeei etxetresna tratamendua ematea ez dute eragotziko, transak gauzatzat jotzea baimenduko dute. Eta gu gora begira? Ez gara gu izango kakatza horren menpe jardungo dugunak, ezta gure informazioa hor dagoelako euskaldunak plataforma horietan ibiltzera "gonbidatzen" dugunak ere". Horregatik, "animatzen ditugu euskarazko edukien zaleak gure webgunetan, aplikazioetan zein Mastodonetik jarraitzera gure edukiak".
Aldaketa ez da nolanahikoa, eta prestakuntza zein gogoeta prozesu zabala eskatzen ari da TOKIKOMeko hedabideen artean. Gogoeta hori zabaltzen den bitartean, TOKIKOM Talaios Koopekin dabil elkarlanean tkm.eus alde teknikotik abiatzeko, eta momentuz 34 kontu sortu dituzte TKM.EUS-en, toki komunikabideen edukia automatikoki ekarriko dutenak.
Nola jarraitu kontu hauei?
TOKIKOMetik dei argia egin diete toki komunikabideen jarraitzaileei: "Egin zuk ere zero kilometroko edukiaren aldeko apustua. Jarraitu gertuko informazioa algoritmo gaiztoetatik urrun". Kontu hauetako bati, edo gehiagori, jarraitzeko, errazena Mastodon sareko kontu batetik egitea da. Dagoeneko Mastodon kontu bat baldin baduzu, Mastodoneko bilaketa kutxan interesatzen zaizun kontua sartu, eta berehala jarraitu ahalko duzu. Baina oraindik ez baduzu Mastodon konturik, euskaraz funtzionatzen duten bi zerbitzari daude aukeran, eta haietan kontu berria irekitzea oso erraza da: https://mastodon.eus eta https://mastodon.jalgi.com.
'Goazen lagunok!'
TOKIKOMen nabarmendu dutenez, "tkm.eus, Mastodon sareko zerbitzari guztiak bezalaxe, autokudeatua da. Algoritmoetatik eta Amerikako Estatu Batuetako aberatsen eragin eremutik kanpo dago, eta, horregatik soilik, merezi du probatzea. Sare horren helburua benetan da erabiltzaileei komunikatzeko tresna bat eskaintzea, eta ez inoren poltsikoa edota eragin politikorako ahalmena handitzea. TOKIKOM osatzen dugun hedabideok ere kooperazioaren, autonomiaren, jasangarritasunaren eta komunitate digital libreekiko errespetuaren balioekin identifikatzen gara eta bat egiten dugu ‘Goazen lagunok’ egitasmoarekin. : https://goazenlagunok.eus/
Une honetan aktibatuta dauden kontuak
@28kanala@tkm.eus 28 Kanala, Tolosaldeko Telebista
@aiurri@tkm.eus Aiurri, Beterri-Buruntzako komunikabidea
@anboto@tkm.eus Anboto, Durangaldeko komunikabidea
@antxetairratia@tkm.eus Antxeta Irratia. Bidasoaldeko Irratia
@antzuolagoiena@tkm.eus Antzuolako albisteak
@arabakoalea@tkm.eus Arabako Alea, Arabako komunikabidea
@aramaiogoiena@tkm.eus Aramaioko albisteak
@aretxagoiena@tkm.eus Aretxabaletako albisteak
@arrasategoiena@tkm.eus Arrasateko albisteak
@azkoitiaguka@tkm.eus Azkoitia Guka
@azpeitiaguka@tkm.eus Azpeitia Guka
@barren@tkm.eus Barren, Elgoibar eta Mendaroko komunikabidea
@bergaragoiena@tkm.eus Bergarako albisteak
@berriketan@tkm.eus Berriketan, Debako komunikabidea
@bilbokouriola@tkm.eus Bilboko Uriola
@drogetenitturri@tkm.eus Drogetenitturri, Ermuko komunikabidea
@elgetagoiena@tkm.eus Elgetako albisteak
@eskogoiena@tkm.eus Eskoriatzako albisteak
@euskalerriairratia@tkm.eus Euskalerria irratia, Iruñerria
@gatzagagoiena@tkm.eus Gatzagako albisteak
@geuria@tkm.eus Geuria, Hego Uribeko komunikabidea*
@gitb@tkm.eus Goierriko Irrati Telebista
@goiena@tkm.eus Debagoieneko komunikazio taldea
@guaixe@tkm.eus Guaixe, Sakanako komunikabidea
@guka@tkm.eus Urola-Kostako komunikabidea
@hirukaeus@tkm.eus Uribe Kostako komunikabidea
@kulturagoiena@tkm.eus Debagoieneko kultur albisteak
@oinatigoiena@tkm.eus Oinatiko albisteak
@orioguka@tkm.eus Orio Guka
@plaentxia@tkm.eus Plaentxia, Soraluzeko komunikabidea
@tokikom@tkm.eus TOKIKOM, Toki komunikabideen bateragunea
@ttipittapa_erran@tkm.eus Ttipi-Ttapa, Baztan-Bidasoako komunikabidea
@zarautzguka@tkm.eus Zarautz Guka
@zumaiaguka@tkm.eus Zumaia Guka