Larrazak ardura berria hartuko du NUPen

Alfredo Alvaro Igoa 2025ko urt. 31a, 09:00

Martin Larraza Kintana. NUP

Nafarroako Unibertsitate Publikoan beste errektoreorde kargu bat hartuko du. Otsailaren 3an Unibertsitatean eginen den ekitaldi instituzional batean jabetuko da karguaz

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) errektore Ramon Gonzalo Garciak lau errektoreordetzaren buruak berritu ditu. Unibertsitateko zuzendaritza taldean jarraituko du Martin Larraza Kintanak. NUPeko Kalitateko, Ekonomiako eta Estrategiako errektoreordea izan da 2019az geroztik. Eta otsailaren 3tik aurrera Ikerketako errektoreordea izanen da, Francisco Javier Arregi San Martini lekukoa hartuta. Errektorea Gizarte Kontseiluarekin ados jarrita, kudeatzaile berri bat izendatu du: Mar Gonzalez Paredes. Unibertsitatean bertan otsailaren 3an eginen den erakunde ekitaldi batean jabetuko dira nor bere karguaz.

Larraza
Enpresen Antolaketako katedraduna da Larraza NUPen eta INARBEko ikertzailea. Enpresen Administrazioan eta Zuzendaritzan lizentziaduna eta Enpresa Zientzietan diplomaduna da, biak NUPen, eta Ekonomian doktorea Madrilgo Carlos III Unibertsitatean. Eskolak eman ditu Enpresen Antolaketaren arloan graduko, masterreko eta doktoretzako zenbait titulaziotan.

Haren ikerketak aztergai du pertsonek erabakiak hartzerakoan duten jokabidea eta, batik bat, jarduera profesionala enpresen barrenean garatzen duten pertsonena. Oinarri horrekin, 20 urtetik gorako ikerlanari esker, ekarpenak egin dizkio arlo horretako nazioarteko zientzia eztabaidari, hau da, giza baliabideen kudeaketaren, zuzendaritza estrategikoaren, familia enpresaren eta ekintzailetzaren gaineko eztabaidari. Lan horren emaitza izan dira 50 artikulu akademiko baino gehiago eta liburuko 4 kapitulu, eta 6 doktoretza-tesi ere zuzendu ditu, eta mintegiak egin ditu Espainiako eta atzerriko zenbait unibertsitatetan. Bestalde, 80 ekarpenetik gora eginak ditu Espainiako eta nazioarteko biltzarretan.

Kudeaketaren arloan, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko idazkaria eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Sarbideko koordinatzaile nagusia izan da. NUPeko Kalitateko, Ekonomiako eta Estrategiako errektoreordea izan da 2019az geroztik.

Erlazionatuak