Teknoadineko programak hitzarmen bat izanen du

Guaixe 2025ko urt. 22a, 09:00

Juanjo Goikoetxea Sn Roman, Silbia Sesma Nazabal eta UnaiRazkin Iriarte. UTZITAKOA

Gizarte Zerbitzuek eta Nafarroako Gobernuak sinatuko dute. "Eremu publikotik bakardade ez hautatuari erantzun behar diogu, egoerak eskatzen duen larritasunaren eta premiaren araberako politikekin, bizitza duina izateko eskubidea bermatzeko".

Ibarreko hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateetako lehendakariek, Unai Razkin Iriartek, Silbia Sesma Nazabalek eta Juanjo Goikoetxea San Romanek,  Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubide, Gizarte Ekonomia eta Enpleguko kontseilari Carmen Maeztu Villafrancarekin bilera izan zuten ilbeltzaren 8an. Sakanako ordezkariek kontseilariari bakardade ez hautatuari aurre egiteko martxan duten Teknoadineko proiektu pilotuari buruzko azalpenak eman zizkioten. "Bilera horretan orain arte egindako lanaren balorazioa eta 2025erako helburuen balorazioa eta etorkizunera begirako ibilbide orria jorratu genituen. Bai departamentuko ordezkariek bai guk positiboki baloratu dugu proiektua. Gainera, proiektua garatzen segitzeko, erakundeen artean lankidetzan aritzeko beharra ikusi dugu".

Razkinek azaldu duenez, "bileratik pozik atera ginen. Balorazio positiboa egiten dugu. Bi aldeak modu aktiboagoan elkarlanean aritzeko eta sakontzeko prest gaudela ikusi dugu". Gizarte Zerbitzuetako ordezkarien eta kontseilariaren sintonia onaren adierazle da bi aldeek sinatuko duten hitzarmena. "Momentuz 2025 urterako besterik ez da", zehaztu du Iriartek. 

Sakanako ordezkaritza osatu zuen hirukoak nabarmendu duenez, "bakardade ez hautatua eta horren ondorioak egunez egun larritzen ari den gizarte arazoetako bat da. Gizarte premia baten aurrean gaude". Sakanan horri aurre egin nahi zaio Teknoadineko programaren bidez. "2025erako lortutako finantzazioak aukera ematen digu diagnostikoarekin eta bakarrik dauden pertsonen identifikazioarekin jarraitzeko, baita boluntarioen kopurua eta prestakuntza zabaltzeko eta sakontzeko ere", argitu dute. Abiapuntu horrekin, "etorkizuneko erronka da egoera horiei aurre egiteko eta pertsona horien bizitzak duintzeko beharrezkoak diren ekintzak eta dinamikak definitzea. Horretarako, erakundeen arteko lankidetzan sakondu behar dugu, eta dinamika horiek beste gune batzuetara zabaldu".