Albisteak,
- Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak jakinarazi duenez, “Nafarroako errepide sareko 174 kilometroetan zoruak berritu eta kontserbatu genituen joan zen urtean. Jarduketa horiek, guztira, 20.190.912 euroko inbertsioa dute”. Irurtzungo
kontserbazio integraleko barrutiak diru kopuru horren %4,29 hartu zuen, 868.000 euro zehazki. Diru horrekin Sakanako Autobian (A-10) eta hainbat errepidetan mantentze eta konponketa lanak egin ziren. Esaterako, ibarra zeharkatzen duen errepidean NA-2410 Lakuntza eta Arbizu arteko zatia berritu zen, 2023an Arbizu eta Etxarri Aranaz artekoa berritu ondoren. - Arakilgo Udalak ikasturte honetarako prestatu duen ikastaroetan izena emateko bigarren epea zabaldu du. Lau ikastarok osatzen dute udal eskaintza: Yoga Ihabarren eginen dena, mantentze gimnasia Hiriberri Arakilen, oinarrizko joskintza Errotzen eta sasoitsu bizi ikastaroa Etxarrenen eginen da. Ikastaroak lastailarekin batera hasiko dira, baina izena emate ilbeltzaren 29an despedituko da. Ikastaroen inguruko informazioa nahi duenak arakil.eus/eu webgunean edo 948 500 101 edo 634 584 226 telefono zenbakietan jaso dezake. Aldi berean, udalak gogorarazi du helduek euskara ikasteko aukera dutela AEKrekin. Horretaz aparte, udalak gogorarazi die arakildarrei Orritz dantza taldean edo Zaldua futbol taldean parte hartu dezaketela. Eta Etxarrengo frontoiko giltza nori eskatu dakiokeen ere.
Kirolak,
- Saskibaloian, Emakumezkoen lehen senior mailako taldeak eta gizonezkoen bigarren maila autonomikoko taldeak garaipen itzelak lortu zituzten etxean, Altsasuko Zelandi kiroldegian. 2024/2025 denboraldiko hamabigarren jardunaldia jokatu zuten asteburuan CBASK-eko talde nagusiek Zelandi kiroldegian. Gizonezkoen bigarren maila autonomikoko CBASK Narum Fisioterapiak Megacalzado Ardoi hartu zuen Zelandin. Gustura jokatu zuten altsasuarrek eta nagusitasunez gailendu ziren, 74-49. Berdinketa bat izan ezin, uneoro aurretik joan ziren altsasuarrak, eta garaipen erosoa lortu zuten. Unai Flores izan zen puntu gehien lortu zuen jokalaria, 17 puntu. Sailkapen orokorrean CB Noain da liderra (21 puntu) eta CBASK Narum Fisioterapia seigarren postura igo da (18 puntu). Ilbeltzaren 18an, 17:50ean, talde altsasuarrak sailkapenean hirugarren den eta lidergoagatik borrokatzen ari den Nasabi San Ignacio taldea hartuko du ligako hamahirugarren jardunaldian. Emakumezkoen lehen senior mailan, CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak Universidad de Navarra arerio zuena hartu zuen Zelandin. Lehia bizia espero zen eta hala izan zen, sei aldiz berdindu baitzuten taldeek. Azken txanpan, 39 tantoko azken berdinetaren ondoren, talde sakandarrak takada izugarria egin zuen eta alde handia hartu zuen, azkenean 68-47 gailenduz. Garaipen ederra izan zen, zalantzarik gabe. Larraona Claret da emakumezkoen lehen senior mailako liderra (22 puntu). CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldea bosgarren da (18 puntu). Ilbeltzaren 19an, igandea, talde altsasuarrak Burlata izango du aurkari, 10:15ean, Burlatako Elizgibela kiroldegian.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!