Abiadura Handiko Trenaren (AHT) ibilbidea zehazteko zundaketa lanak egiten hasi ziren ilbeltzaren 16an, ostegunean, Izurdiagako San Joan auzoko sarreraren ondoan. Cemosa enpresako langileek Sustapen Ministerioaren eta Nafarroako Gobernuaren Errepide Zuzendaritzaren baimenak zituzten, baina ez udalarena. Eta Arakilgo Udalak Cemosa enpresari lanak berehala gelditzeko agindua eman zion ilbeltzaren 17an, ostiralean.
Arakilgo Udalak jakinarazi duenez, "lanak dagokion udal baimenik gabe egiten" ari zirela argudiatzen du udalak. Arakilgo Udala enpresarekin eta Foruzaingoarekin harremanetan izan da. Jakinarazi duenez, "Foruzaingoak eman digun informazioaren arabera, enpresak, momentuz, ez du lanekin jarraituko, dagozkion baimen guztiak izan arte". Kasu honetan, Arakilgo Udala administrazio prozedura arrunta jarraitzen ari da. Beraz, enpresak hamabost eguneko epea izanen du baimen eskaera aurkezteko.
Bilkura, eta batzarra
Bestalde, Stop AHT Zundaketak ekimeneko kideak Izurdiagako kontzeju etxearen aurrean osorako kontzentrazio iraunkorra deitu dute gaurko, AHT egitasmoaren kontra daudela adierazteko. Foruzaingoak zainduta ari dira elkarretaratzea egiten. Bertako parte hartzaile batek azaldu duenez, "zundaketak AHT egiteko lanen lehen pausoa da. Haien bidez AHTren behin betiko ibilbidea zehaztuko dute. Hala erabakiko dute Nafarroako AHT korridorea eta Euskal Y Ezkion edo Gasteizen lotzea". Nabarmendu duenez, "bai Otxobin, bai Izurdiagan zundaketak trenbidearen ondoan egiten ari dira. Ekimeneko kideak azaldu duenez, "AHT eraiki beharrean, zero alternatiba kontuan hartu beharko lukete. Hau da, AHTrik ez eraikitzea eta gaur egun dagoen trenbidea hobetzea".
Azkenik, Stop AHT Zundaketak ekimenak batzarrera deitu du. Ilbeltzaren 20, astelehena 15:00etan, Izurdiagako kontzeju etxearen pareko aparkalekuan. Han bertan ari dira elkarretaratze iraunkorra egiten goizean goizetik.