ilbeltzak 22

Guaixe Irratia 2025ko urt. 22a, 11:52

Albisteak,

  • Gas naturala garraiatzeko, banatzeko, merkaturatzeko eta haren hornidura egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurari jarraituz, Nedgia Navarra SAk aurretiazko administrazio baimena eskatu du gas naturala kanalizazio bidez banatzeko dauden sareak hedatzeko 2025ean. Gas sarea zabalduko duen udalerrien artean Sakanako dozena bat daude: Arakil, Irurtzun, Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordia. Espedientea jendaurrean jarriko da, Alegazioak, iradokizunak edo oharrak idatziz aurkeztu beharko dira 20 egun balioduneko epean.
  • Irurtzungo Udalak bere Garbiketa Zerbitzuko lanpostu bat aldi baterako bete nahi du. Horretarako, oposizio lehiaketa deitu du. Lanpostua lanaldi partzialekoa da, zehazki, lanaldiaren %62,5a du. Lanpostuaz jabetzen den pertsonak gehienbat arratsaldez lan egin beharko du. Lana aldizkakoa da, eskola egutegiaren araberakoa. Soldatari dagokionez, E mailari dagozkion oinarrizko ordainsariak ditu, gehi %15eko maila osagarria eta %17ko lanpostu osagarria. Hizkuntza eskakizunari dagokionez, hautagaiek euskarazko A2 maila izan beharko dute. 
  • Tren azpiegituren mantentzeaz arduratzen den Adif enpresak konponketa lanak egin ditu Altsasuko tren geralekuan. Aparkalekuan lur gerriatua gertatu zen, lurra hegoalderantz eta behera egin zuen. Ondorioz autoarekin tren geralekura joaten zirenak aparkalekuko zoruan 20 bat cm-ko desnibelarekin egiten zuten topo. Adifek egindako lanekin zorua berdinduta gelditu da. Tren geralekuko aparkalekuak hamalau autorendako tokia du. Haietako bat behar bereziak dituzten pertsonendako dago erreserbatuta. 

Kirolak,

  • Txirrindularitzan, Ilbeltzaren 20an Kern Pharma profesionalen taldeak 2025eko aurkezpena egin zuen Iruñeko Tres Reyes hotelean. UCI Pro Team taldean ez dago txirrindulari sakandarrik ezta kirol zuzendaririk ere, Pablo Urtasunek talde berdea utzi eta Euskaltel Euskadira egin baitu salto kirol zuzendari gisa. Talde nagusiarekin batera harrobiko taldea aurkeztu zuten, Finisher talde amateurra, eta bertan egingo du salto afizionatuetara Iker Gomez Lopez de Goikoetxea altsasuarrak. Joan zen urtean Finisher taldean aritu zen Aimar Tadeo lakuntzarra, baina taldea utzi eta Euskadi Fundazioarekin ariko da aurten. Iker Gomezek erronka ederra du aurretik, eta gogotsu dago. Ander Altuna kirol zuzendariaren esanetara ariko da. Finisherrek hogei txirrindulariz osatutako plantilla du. “Uste dut azken urteetan izan dugun talderik onena dela aurtengoa. Lehen urteko hamaika txirrindulari eta bigarren urteko sei txirrindularik osatzen dute taldea, txirrindularitzan denbora gehiago daramatenekin batera. Nahiz eta bloke gaztea izan, jubenilen mailan maila bikaina eman duten txirrindulariak dira, espektatiba handiak dituztenak. Orain arte egindako kontzentrazioetan oso gogotsu ikusi ditugu” azaldu zuen Altunak aurkezpenean. Taldeak denboraldia otsailaren 1ean hasiko du Iparraldeko Essor Basque-ko bost probatan.
  • Rural Kutxa-Seguros RGA UCI Pro Team talde profesionalak eta bere harrobiak, afizionatuen mailako Rural Kutxa-Alea taldeak ilbeltzaren 21ean aurkeztu zuten 2025eko denboraldia, El Toro hotelean Juan Mari Guajardok gidatutako ekitaldian. Talde profesionalean aurten ez da sakandarrik egongo. Josu Etxeberria iturmendiarra baja da, entrenatzen ari zela izandako istripu larritik osatu baita, baina ez profesional izaten jarraitzeko moduan, eta joan zen urtean Etxarri Aranatzen bizi zen Mulu Hailemichael-ek ez du taldean jarraituko. Afizionatuen mailako Rural Kutxa-Alea talde sakandarrean Mikel Uncilla da sakandar bakarra. Etxarri Aranazko txirrindulariak afizionatuetan bere bigarren urtea beteko du etxeko taldean. Martxel Etxeberria iturmendiarra baja da. Eneko Iparragirrek Aritz Bagüesen lekukoa hartu du taldeko kirol zuzendari gisa, eta 28 txirrindulari izanen ditu bere esanetara, tartean Mikel Uncilla. Talde sakandarreko gainontzeko txirrindulariak Sergio Geerlings, Alberto Fernanez, Diego Ruiz de Arkaute, Aimar Erostarbe, Beñat Carbayeda, Antonio Gonzalez, Lucas Towers, Juan Pedro Lozano, Aimar Madina, Daniel Cepa, Marc Rubirola, Estanislao Calabuig, Iker Perez, Iñaki Navarro, Xabier Zabala, Nil Aguilera, Gorka Corres, Pablo Jaray, Pablo Lospitao, Rafa Martinez, Adria Regada, Emilio Reinoso, Dario Giuliano, Iker Diaz, Finlay Hawker, Ellande Larronde eta Iker Villar dira.  
  • Hirugarren mailako kopako bigarren multzoan Aralar Mendik Kirol Sport hartu zuen. Hasieran lehia oso borrokatua izan zen. Kirol Sport aurreratu zen, baina Aimar Igoak bana berdintzea lortu zuen. Hortik aurrera Kirol Sport nabarmendu zen, ia konturatu gabe eta maisuki 1-5 aurretik jartzea lortu baitzuen. Ibai Martiarenak eta Jon Iribarrenek 3-5 gerturatzea lortu zuten, baina ezin izan zuten erremontada gauzatu. Multzoko bi jardunaldi jokatuta, Betelu Futbol Taldea da liderra (6 puntu) eta Aralar Mendi bigarrena (3 puntu). Hain zuzen ere, ilbeltzaren 25ean, 18:00etan, Aralar Mendik Betelu Futbol Taldea hartuko du Uharte Arakilen. Egunotan gizonezkoen lehen maila autonomikoko hamalaugarren jardunaldia jokatzen ari da. Altsasuk Subiza Cendea de Galar izan zuen aurkari Eskiroz kiroldegian eta uzta ezin hobea lortu zuten altsasuarrek, 1-7 hartu baitzuten mendean Subiza. Hasieran etxekoak aurreratu ziren, eta 18 minutu behar izan ziren Altsasuren erantzuna heltzeko, baina hortik aurrera Altsasuk ez zuen gupidarik izan eta Jon Lopez de Goikoetxea (2), Jonathan Medina (2), Alvaro Garcia eta Denis Javier Ordoñez (2) jokalariei esker 1-7 gailendu zen. Arbizu Kirol Taldeak hamalaugarren jardunaldiko partida ilbeltzaren 29ra atzeratu du. Egun horretan, 19:30ean, sailkapenean laugarren den Gazte Berriak Antsoain taldea hartuko du Arbizuko kiroldegian. Arbizu liderraren partida horren emaitzaren faltan, Arbizuk segitzen du lider (31 puntu) eta Altsasu bigarren da, puntu berberekin. Hamabosgarren jardunaldiari dagokienez, Arbizu Kirol Taldeak seigarren den Anaitasunaren kontra jokatuko du ilbeltzaren 24an, 20:30ean, Anaitasunan. Altsasu Futsal taldeak, aldiz, ilbeltzaren 23an zazpigarren den Universidad de Navarra hartuko du Zelandin, 20:30ean. 
  • Emakumezkoen areto futboleko lehen senior mailan hamalaugarren eta azken jardunaldia jokatu zen asteburuan. Xotak Municipal Ribaforada taldea hartu zuen. Partida borrokatuan Nahia Moranek Ribaforadako atea zulatzea lortu zuen 23. minutuan, eta segidan Leire Oiartzunen eta Nahia Moran beraren golak iritsi ziren. 3-0 irabazita despeditu zuten irurtzundarrek emakumezkoen lehen senior mailako lehen fasea. Lacturale Orvina A izan da lehen faseko liderra alde handiz (42 puntu), Mendialdearen (33 puntu), Azkarrenaren (31 puntu) eta Xotaren (20 puntu) aurretik. Orain lehen senior mailako bigarren fasean murgilduko da Xota, igoera faseko multzoan. Lehen jardunaldian Xotak Mendialdea taldea hartuko du, ilbeltzaren 25ean, 12:30ean, Irurtzungo Atakondoa pabilioian.