ilbeltzak 29

Guaixe Irratia 2025ko urt. 29a, 10:51

Albisteak,

  • Etxarri Aranazko Udaleko Abeltzaintza Batzordeak jakinarazi duenez, hainbat lursailekin partzela generiko bat osatu da, aurreko urteetan bezala”. Izan ere, Europar Batasuneko Nekazaritza Politika Bateratuko dirulaguntza deialdia irekita dago eta eskaerak aurkezteko lur sail kopuru bat behar da. Udalaren ekimen horrekin “premia duten abeltzainen artean lurra” banatzen da. Udalak jakinarazi duenez, lur sail generikoan izena emateko epea otsailaren 1etik 21era izanen da. Eskaera orria betetzearekin batera, eskatzailea nekazaritza ustiategiko titularra dela jotzen duen lehentasunezko abeltzain ziurtagiria aurkeztu beharko da. Baina aprobetxamendua esleitzeko Legeak eskatzen dituen gainontzeko agiriak ere. 
  • Aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barruan, Altsasuko Udalak zerbitzu anitzetako enplegatuaren hiru lanpostu huts betetzeko merezimendu lehiaketa deitu zuen. Behin hautaketa prozesua despedituta udalak Ana Rut Perez Mendozaren eta Jose Manuel Dos Anjos Maria lanpostu horietarako izendatu ditu. Biak ere lan-kontratudun finko gisa ariko dira Altsasuko Udalarendako, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostuan. Lanaldi osoan ariko dira eta D mailako soldata kobratuko dute. 
  • Herritar talde batek deituta, Altsasuko frontoi txikiko lanak gelditzeko batzarra egin zen estalpean. 50 bat altsasuar elkartu ziren. Deialdiaren asmoaren berri Manola Arregi Saez de Armañanzasek eman du.

Kirolak,

  • Areto Futbola, Hirugarren mailako Kopako bigarren multzoan, hirugarren jardunaldia jokatu zen eta Aralar Mendik Betelu Grupo Wisco liderra hartu zuen Uharte Arakilgo Larrebieta kiroldegian. Liderra hasieratik gailentzen hasi zen, eta ia konturatu gabe 0-3 aurreratu zen. Xabier Cruzek 1-3 hurbildu zuen Aralar Mendi, baina irudipen hutsa izan zen, Betelukoen laugarrena berehala iritsi zelako. Joanes Rekaldek 2-4koa ezarri zuen, baina Beteluk atzera ere aginte makila hartu eta, azkenean, 2-6 irabazi zion Aralar Mendiri. Kopako bigarren multzoko sailkapenean Betelu Futbol taldeak jarraitzen du lider (9 puntu) eta Aralar Mendi hirugaren da (3 puntu). Laugarren jardunaldian Aralar Mendik eta Betelu Futbol Taldeak itzulerako partida jokatuko dute, ilbeltzaren 31n, 20:30ean Beteluko frontoian.
  • Areto Futbola, Lehen maila autonomikoan bi talde sakandarrak, Arbizu eta Altsasu, dira jaun eta jabe. Arbizuk Iruñean jokatu zuen, Anaitasunaren kontra, eta lehia borrokatuan 3-4 gailendu zen Arbizu, Urtzi Nazabal (2) eta Julen Luis (2) jokalarien golei esker. Altsasuk Universidad de Navarra hartu zuen eta hasieratik nagusi izan ziren altsasuarrak. 4-1 gailendu ziren Javier Ordoñezek, Xabier Aiestaranek (29) eta Aritz Sevillak sartutako golei esker. Lehen autonomikoan Arbizu Kirol taldea da liderra (34 puntu) partida bat gutxiagorekin. Altsasu bigarrenak puntu berberak ditu, 34 puntu. Arbizuk jardunaldi bikoitza du egunotan. Ilbeltzaren 29an, asteazkena, 19:30ean, sailkapenean bosgarren den Gazte Berriak taldea hartuko du Arbizun, hamalaugarren jardunaldiko atzeratutako partida. Eta hamaseigarren jardunaldian, ilbeltzaren 31n, ostirala, Arbizuk bederatzigarren den Los Sauces hartuko du Arbizun 19:30ean. Altsasuri dagokionez, otsailaren 1ean Tuteran jokatuko du sailkapenean laugarren den Ribera de Navarra taldearen kontra, 12:30ean.
  • Areto Futbola, Lehen senior mailako bigarren faseko igoera fasean lehen jardunaldia jokatu zen. Xotak Berriozarko Mendialdea A taldea hartu zuen Irurtzunen. Partida hasi eta berehala 0-2 aurreratu ziren Berriozarkoak, eta nahiz eta Maite Medinak Xota 1-2 gerturatu, berehala hirugarrena sartu zuen Mendialdeak. Xotak ekinean jarraitu zuen eta bigarren gola lortu zuen, Mendialdeako Cristina Reyerok ate propioan sartutakoa. Hortik aurrera Mendialdeak ez zuen akatsik egin eta, azkenean, 2-5 gailendu ziren. Bigarren faseko igoera faseko lider Lacturale Orvina A taldea da (3 puntu). Xota zazpigarren da, punturik gabe. Bigarren jardunaldian Caparroson jokatuko du Xotak, otsailaren 2an, 11:00etan, Azkarrenaren kontra. 

 

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!