Arakil bere garraio publikoa sortu nahian

Alfredo Alvaro Igoa 2025ko ots. 4a, 09:00

Etxarrendarra errepidea gurutzatzen, markesinarantz. Artxiboa

Nafarroako Gobernuak NBus markaren bidez eskaintzen duena ez ditu inolaz ere ibarreko premiak betetzen. Horregatik udala Arakilerako baliagarria izanen den garraio zerbitzua sortzeko prozesuan dago. Herriz herri aurkezpenak eginen ditu.

Dozena bat herrik osatzen dute Arakilgo udalerria. Baina hamabitik zortzitan ez da autobusik gelditzen. "Ez dugu garraio publikoko zerbitzurik", laburbildu Oihana Olaberria Jaka alkateak. Arakildarren kexak Nafarroako Gobernura eraman izan ditu askotan Arakilgo Udalak. Alferrik. Lortu duten bakarra da eskaera bidez funtzionatzen duen garraioa egunez aldatzea da. "Gobernua enpresarekin hitz egiten ari da orain, aldaketa egiteko", argitu du alkateak. Gaur egun eskaera bidezko zerbitzua astelehen asteazken eta larunbatetan dago. Aldaketarekin astearte, ostegun eta ostiraletan izanen litzateke. "Asteartetan, Irurtzunen azoka dagoelako. Ostegunetan Irurtzungo osasun etxean odola ateratzeko eguna delako. Bi egun horietan goizez eskainiko litzateke zerbitzua. Eta ostiralean arratsaldez, gazteek Irurtzungo gaztetxokora edo liburutegira ikastera joan ahal izateko". Olaberriak argitu duenez, "Nafarroako Gobernukoek ez digute ezer gehiago emanen. Hemengo garraio publikoa emateko garaian sei bidaia eskaini zituzten Arakilerako, eta gobernua ez da hortik mugituko. Bakarrik egunak aldatzea".

Hori erabat eskasa dela iritzita, Arakilgo Udalak "arakildar zaurgarrienak" gogoan, garraio zerbitzu bat antolatzen hasi da eta, gauzak ongi, apirilean martxan nahi luke. "Helburua da behar duten arakildarrak goizetan medikura, erosketak egitera, ile apaindegira edo dena delakora eramatea. Arratsaldeetan, berriz, eskaintza zehatzagoa litzateke: udalak antolatutako ikastaroetan aritzeko, Irurtzungo edo Uharte Arakilgo jubilatu elkarteetara edo Irurtzungo liburutegira ikastera joateko litzateke", argitu du Olaberria. Alkateak gaineratu duenez, "Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin ere koordinatzen ari gara, haiek identifikatu ditzaten zer pertsonak beharko luketen zerbitzua, eta zein premia lituzketen".

Boluntarioak
Alkateak argi utzi du udalak koordinatutako eskaera bidezko garraio zerbitzu bat izanen dela. Baina hura gauzatuko dutenak boluntarioak izanen dira. "Gure asmoa da partekatutako auto elektrikoen KarKarCar kooperatibarekin hitzarmena sinatzea eta urte baterako auto elektriko bat hartzea. Aplikazio moduko bat ere izanen dugu eskaerak jasotzeko. Udalak koordinatuko du eskaera bidezko garraioa, baina autoa gidatu, boluntarioek eginen lukete. Gure nahia da gutxieneko boluntario talde bat izatea da, hala goizero eta arratsaldero pertsona bat autoa gidatzeko prest egon dadin eta jendea lan gehiegirekin ez kargatzeko".

Egitasmoaren berri emateko eta boluntarioak egitasmora batzeko, bilera deitu zuten ilbeltzaren 22an. "Jende gutxi agertu zen. Baina aparte, jendea parte hartzeko prest dagoela esan digu", azaldu du Olaberriak. "Gainera, pandemia garaiko boluntario taldearen esperientzia dugu. Orduan oso ongi funtzionatu zuen. Eta orain ere aterako" dela uste dute udalean. Alkateak ere aurreratu du boluntarioen elkarte bat sortzea izanen litzatekeela asmoa, hura Nafarroako Gobernuaren zerrenda izena ematea eta bide horretatik egitasmorako asegurua ziurtatzea. "Ibar guztiaren auzolana litzateke", esan du alkateak. Horregatik, hamabi herrietan eskaerapeko garraio zerbitzuaren aurkezpenak eginen ditu aurki Arakilgo Udalak. Garraioa eta zaintza uztartzen dituen Arakilgo egitasmo horrek Uharte Arakilgo Udalaren interesa ere piztu du.

Bitartean, bestelakoak ere lotzen hasia da Arakilgo Udala. Izan ere, ibar guztian, oraingoz, ez dago auto elektrikoak kargatzeko gunerik. Badirudi Uharte Arakilgo enpresa batek berea erabiltzeko aukera emanen liokeela. 

Erlazionatuak

Arakil erdia autobusik gabe

Alfredo Alvaro Igoa 2024 urr 28