Altsasun 57 kinto dira, 29 emakumezko eta 28 gizonezko. 8:30ak inguru Olaia Macia Mendia, Ainhoa Calvo Fuentesenea, Kepa Amillano Santano eta Gorka Diaz Diego kintoen buruzagiak eta boteroak plazan elkartuko dira, txistulariak lagunduta udaletxera joateko. Bertan, Javier Ollo Martinez alkateak herriko makila emanen die, eta orduan hasiko dira ospakizunak herrian. Dena dela, lehenagotik ere kintoak herriko bazterretan diru eskean ariko dira.
Herriko mandoa hartu ondoren, buruzagiek haiek apaindutako lehenengo opilak jasoko dituzte, eta horrela eginen dute goizean zehar, herriko txoko desberdinetan; kintoen opilak jasotzen eta saltzen joanen dira. Berandu joanen dira bazkaltzera, eta 19:00ak aldera Foru plazara joanen dira lehenengo zortzikoak dantzatzera. Otsailaren 9ra arte, egunero eta banan banan, kintoen zortzikoak izanen dira plazan.
Santa Ageda eguna egun berezia da duela 25 urte kintoak izan zirenendako, baita 60 eta 70 urte betetzen dituzten pertsonendako ere. Egun honetan bazkarira elkartzen dira, eta ondoren zortzikoa ere dantzatzen dute plazan. Gure Etxean 25 urteurrena egiten dutenen argazki erakusketa izanen da ere kinto ospakizunak iraun bitartean. Haiek izan ziren lehenengo emakume buruzagia izaten lehenengoak.
Olatzagutia
Aurten hamazazpi kinto izanen dira Olatzagutian. Goiztiarrak izanen dira, eta otsailaren 5ean 7:00ak aldera hasiko dira eskean. La Cigarra txarangak lagunduta eginen dute herriko buelta Olatzagutiko kintoek. Hamaiketakoa hartu ondoren, eskean jarraituko dute eta horrela eginen dute ere bazkaldu ondoren. Egunero hamaiketakoan elkartuko dira eta ondoren herritik eskean ariko dira, txarangaren laguntzarekin. Bazkarian bilduko dira ere kintoak.
Ostiralean, otsailaren 7an, hamalau kintok, zazpi bikotetan banatuta, zortzikoa egiteko asmoa dute. Aurreko urtean egin zuten lehenengo aldiz Olatzagutiko kintoek zortzikoa, eta aurten segida izatea nahi dute.
Otsailaren 7ra arte itxoin beharko dute Bakaikuko, Iturmendiko eta Urdiaingo kintoek; ostiralean hasi eta igandera arte izanen dira haien ospakizunak. Ziordian kinto gazte bakarra dago.