Otsailak_3

Guaixe Irratia 2025ko ots. 3a, 11:39

Albisteak,

  • Irañetan, larunbatean inauteriak ospatu zituzten. 65 pertsona elkartu ziren bazkaltzera eta gero kalejira egin zuten.
  • Lakuntzako Udalak herriko eskolako inguratzaile termikoa hobetu nahi du, eta obra emateko deialdia egin du. Eskaintza aurkezten interesa duen enpresak martxoaren 14ko 23:30era arteko epea du. Obra bere gain hartzen duen enpresak bost hilabete izanen ditu egitekoak despeditzeko. Lanek 337.408 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute. 
  • Irurtzungo Erabidea industrialdeko enpresa bateko langileak ebakuatu behar izan zituzten larunbatean. Lantegiaren plastikodun edukiontzien gune batean sutea piztu zen 14:49an. Zehazki, urarekin erreakzionatzen duen substantzia batek eragindako kontaktu baten ondorioz piztu zen sutea. Cordovilla eta Altsasuko parkeetako suhiltzaileak joan ziren sua itzaltzera, eta sugarrak aparrez itzali zituzten. Ez zen zauriturik izan. Anbulantzia bat eta Foruzaingoa ere bertaratu ziren.

Kirolak,

  • Pilotan, Binakako Txapelketako hasierako ligaxkako hamabigarren jardunaldian asko zegoen jokoan. Tamalez, emaitzek sortutako ondorioak pilotari sakandarrendako ez dira batere onak izan. 

    Hasteko, Joseba Ezkurdiak eta Beñat Rezustak ustekabeko estropezua izan zuten, Oñatin, Jon Ander Peñaren eta Jon Ander Albisuren kontra. Partida paretsu hasi zen, 9-9ko berdinketara arte. Hortik aurrera Baikokoek zanpagailua atera, eta markagailuan ihesi egin zuten: 9-12, 10-18, 10-20... azkenean 13-22 galdu arte. Partida oso gogorra izan zen, Peñak eta Albisuk euren bertsio onena erakusten zuten bitartean, –Peñak ezin hobe probestu zituen izandako aukera guztiak–, Ezkurdia eta Rezusta ez ziren horren fin ibili eta ezin izan zituzten Peña eta Albisu mendean hartu, lidergoa galduz. 

    Elordik eta Zabaletak 11-22 galdu zuten Lasoren eta Iztuetaren kontra Idiazabalen jokatutako partidan. Bi bikoak galtzetik zetozen eta jokoan zegoen puntua lortu nahi zuten, sailkapeneko lehen bi postuetan sartzeko aukera izateko. Tamalez, Zabaletak ohi baino opari gehiago egin zituzten. Etxarrengo atzelaria oso deseroso aritu zen, Elordik ez zuen pilota askorik hartzen, eta, ia konturatu gabe, 2-10 aurreratu ziren Laso eta Iztueta. Laso txisparekin zegoen, eta Iztueta oso ziur atzeko koadroetan. Lehen atsedenaldira 3-12 joan ziren Baikokoak, eta bigarrenera 7-18. Azkenean, 11-22 irabazita, sailkapenean lider jarri dira Laso-Iztueta. Zabaletarendako, ahazteko eguna izan zen. “Ez dakit zer gertatu den. Fresko sentitu naiz, baina pilota inolako kontrolik gabe ateratzen zitzaidan eskuetatik: gora, behera, kontrakantxara... ez da modurik egon” azaldu zuen, burumakur. Lehen bi postuetan sartzea maldan gora jarri zaie Elordi-Zabaletari. 

    Azkenik, Peio Etxeberriak eta Julen Martijak kolpe latza jaso zuten Labriten, Jakaren eta Imazen kontra 22-18 galdu eta gero. Bikote nafarra play-offetan sailkatzeko aukerarik gabe geratu da txapelketan bizirik jarraitzeko trena galdu eta gero. Partida oso gogorra eta paretsua izan zen, baina Etxeberriak eta Martijak egoerak sortutako urduritasuna ezin izan zuten gainditu, eta Jakaren eta Imazen kontra ezin izan zuten. Azken hauek sendoago ibili ziren jokoan. Etxeberria eta Martijarena kontuan izateko bikotea zen hasieratik, baina ez dute kantxan behar bezala islatu. Partida estu asko xehetasunengatik galdu dituzte, eta eman dutena baino askoz ere gehiago dutela emateko, hori da katedraren sentsazioa. Nolanahi ere, play-offetan sartzeko borrokatik kanpo geratu dira, eta geratzen diren bi jardunaldietan euren itxura onena eman nahi dute, eta taldekideak lagundu. 

    Sailkapena eta datorrena
    Sailkapenean Laso-Iztueta dira lider berriak (9 puntu), Ezkurdia-Rezusta bigarrenekin puntutara berdinduta. Elordi-Zabaletak eta Artola-Mariezkurrenak zazpina puntu dituzte eta Jaka-Imazek eta Altuna III.a-Arangurenek bosna puntu. Beheko postuetan, Peña II.a-Albisuk lau puntu dituzte, eta P.Etxeberria-Martijak bi puntu. 

    Asteburuan hamahirugarren eta ligaxkako azken aurreko jardunaldia dago jokoan. P.Etxeberria-Martijak Artola-Mariezkurrena II.a izango dituzte aurkari otsailaren 7an, ostirala, Tafallako Ereta pilotalekuan, eta egun berean, baina Amorebieta-Etxanon, Elordi-Zabaletak Peña II.a-Albisuren kontra jokatuko dute. Otsailaren 8an, larunbata, Altuna III.a-Arangurenen eta Jaka-Imazen arteko partida erabakiko da Segurako Baratzen. Azkenik, otsailaren 9an, igandea, Eibarko Astelenak Ezkurdia-Rezustaren eta Laso-Iztuetaren arteko lehia hartuko du; hau da, Astelenak liderra erabakiko du. 

  • Futbolean, Irati Igoa Sesma etxarriarrak 1. RFEF mailan jokatzen duen Osasuna talde gorenean debutatu zuen, eta asteburuan Osasunak Barcelona B taldearen kontra jokatu zuen partidan lehen gola sartu zuen. Osasunak Barcelona B taldea hartu zuen Taxoaren. Barcelona B taldekoak aurreratu ziren Aitana Zumarragak ate propioan sartutako golarekin, baina Osasunak bana berdintzea lortu zuen hain zuzen ere Irati Igoak sartutako golari esker. Etxarriarrak baloi bat lapurtu zuen, Aitanari pasea egin zion, honek jaurti, eta Barcelonaren alderatzean Irati prest zegoen baloia jaurti eta barrura sartzeko. Lehen gola sartu izanagatik pozik zegoen etxarriarra, baina, tamalez, azkenean 2-3 galdu zuen Osasunak eta hiru puntuak Bartzelonara joan ziren. Alhama taldea da 1. RFEF mailako liderra (35 puntu). Osasuna zortzigarren da (20 puntu). Otsailaren 9an gorritxoek sailkapenean hirugarren den Dux Logroño izango dute aurkari, 17:00etan, Pradoviejon. 
  • Futbolean, Nesken kadete-infantil mailako lehen fasea despeditu da. Hirugarren multzoko hamalaugarren eta azken jardunaldian Altsasuk Leitzan jokatu zuen, Aurrera taldearen kontra, goitik behera lokaztutako Ardiskil futbol zelaian. Lehia borrokatuan, Altsasuk hiru puntuak lortu zituen, Josune Chuecak 11. minutuan sartutako golari esker. 

    Beraz, Altsasu liderra izan da lehen faseko irabazlea (36 puntu), hamalau jardunaldietatik hamaika partida irabazita eta hiru berdinduta, eta Mutilbera bigarrenari 7 puntu aterata. Aurki bigarren faseari ekingo diote, eta gainontzeko multzoetako talde onenekin batera lehiatuko dira.