Otsailak_4

Guaixe Irratia 2025ko ots. 4a, 11:14

Albisteak,

  • Atzo LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde, HIRU, CGTk "Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gatuzte" lelopean kontzentrazioa egin zuten Altsasuko udaletxe parean, aurreko asteko Arbizuko lan istripua salatu zuten.
  • Altsasu, Olatzagutia eta Ziordiko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateak psikologo lanpostuan dauden beharrak betetzeko oposizio-lehiaketa deitu du. Haren bidez izangaien zerrenda osatu nahi du. Zerrendak 5 urteko indarraldia izango du, edo beste deialdi bat egin arte. Lanaldia %75ekoa da eta A mailako soldata du. Prozesu horretan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea 2025eko otsailaren 6ko 14:00etan bukatuko da. Deialdiari buruzko informazioa altsasu.eus webgunean dago. 

Kirolak,

  • Mank-eko emakumeendako kirol topaketetan Irurtzunen saskibaloian bilduko dira otsailaren 16an
    Kirola emakumeak elkartzeko bide egokia dela jabetuta, 2024an Sakanako Mankomunitateko Kirol, Berdintasun, Euskara eta Kulturartekotasun Zerbitzuek Emakumeak Kirolean Lagun Kirol Topaketak antolatu zituen. Horrela, zenbait kirol topaketa egin dira, erantzun onarekin: padela Arbizun, areto futbola Olaztin, mendi irteera Etxarri Aranatzen, zoru pelbikoa lantzeko ariketak Lakuntzan... 

    Emakumeendako Kirol Topaketak bueltan dira eta otsailaren 16an Irurtzungo kiroldegiak "Emakumeak saskibaloian lagun" ekimena hartuko du. 10:30etik 13:00etara bitartean, izena ematen duten emakumeek saskibaloia ezagutzeaz eta egiteaz gain, elkarren artean ezagutu eta harremanak josi eta saretzeko aukera izango dute. 

    Izena ematea, zabalik
    Ekimena doakoa da baina aurretik izena eman beharra dago, otsailaren 12ra arte, Mank-en (kirolak@sakana-mank.eus, 948 464 866). Behar duenak taxi zerbitzua izan dezake, eta haurrendako zaintza zerbitzua izango da. 

  • Elomendiko Futbol Txapelketako azken jardunaldian Arakilgo Zalduak Uterga taldea hartu zuen. Norgehiagoka estua puntu banaketarekin despeditu zen, bi taldeek bina berdindu baitzuten. Elomendiko Txapelketan aldaketa egon da, Bar Olmok berreskuratu baitu lidergoa (37 puntu), Elomendi bigarrenari eta Salinas hirugarrenari puntu bat aterata. Zaldua seigarren da (27 puntu). Otsailaren 8an Zalduak sailkapenean bosgarren eta arerio zuzena den Unziti hartuko du Larrabiden. Puntu baten arteko aldea dute bi taldeek, eta, hortaz, partida garrantzitsua da, bosgarren postua dago jokoan. 

  • Emakumezkoen Preferente mailan hamabosgarren jardunaldia jokatu zen. Altsasuk Universidad de Navarra taldea hartu zuen, eta bi taldeak nor baino nor lehiatu ziren. Lehen zatia bukatzear zela June Alzelaik Altsasu aurreratu zuen. Bigarren zatian dinamika bera izan zuen partidak. 68. minutuan bigarren gola sartu zuen Altsasuko Ane Vegasek, eta 75.ean iritsi zen hirugarren gola Alicia Elizaldek lortutakoa. Hiru puntu gehiagorekin, Altsasuk lidergoa sendotu du (38 puntu). Bigarrena, Gazte Berriak, 8 puntura dago (30 puntu). Jokatutako hamalau partidetatik hamabi irabazi ditu Altsasuk, eta bi berdindu. Ez daki galtzea zer den. Santa Ageda ospakizunak direla medio, hamaseigarren jardunaldiko partida atzeratu du Altsasuk. Sailkapenean laugarren den Garesen kontrako partida martxoaren 2an jokatuko da, Garesko Osabidean. 
  • Erregional mailako laugarren multzoan hemezortzigarren jardunaldia jokatu zen. 

    Altsasuk Arga Ibaia taldea hartu zuen Dantzalekun. Lehen zatiko 22. minutuan Eneko Verak Altsasu aurreratu zuen, eta alde horrekin joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian lehiak bizi-bizi jarraitu zuen. 69. minutuan Julen Floresek sartutako bigarren gola kolpe latza izan zen Arga Ibaiarendako, eta 82. minutuan Aitor Floresek sartutako hirugarrenarekin Altsasu liderrak guztiz lotuta utzi zuen partida. 

    Etxarri Aranazko San Donato zelaiak Etxarriren eta Lakuntzako Lagun Artearen arteko derbia hartu zuen. Derbi guztiak bezala, partida berezia izan zen, oso borrokatua, bi taldeek dena eman baitzuten. 18. minutuan Mattin Altzelaik Etxarri Aranatz aurreratu zuen. Lakuntzarrak berdintzen saiatu ziren, modu guztietara, baina Etxarrik ongi eutsi zion. Etxarrik zuen abantaila handitzen saiatu zen, baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta 1-0, puntuak Etxarrin geratu ziren. 

    Sailkapena eta datorrena
    Altsasu liderrak galtzea zer den jakin gabe jarraitzen du (52 puntu) eta San Jorgeri 7 puntu ateratzen dizkio (45 puntu). Etxarri Aranatz da hirugarren (42 puntu), eta Lagun Artea zazpigarren postura jaitsi da (29 puntu). 

    Hemeretzigarren jardunaldian, Altsasuk Orkoienen jokatuko du, sailkapenean laugarren den Kirol Sporten kontra, otsailaren 2an. Etxarri Aranatzek, aldiz, Atarrabian jokatuko du, otsailaren 8an, 16:30ean, hamabigarren den Beti Onak B taldearen kontra. Azkenik, Lagun Arteak sailkapenean azkena den Alde Zaharreko kluba hartuko du otsailaren 8an, Zelai Berrin.