Albisteak,
- Sakanako Mankomunitateak ibarra zeharkatzen duen bizikleta bide sarea aurten egin nahi du. Lanak bost lotetan banatu zituen eta lehen deialdia eginda, bi lan eman ditu. Gainontzeko hiru lanen loteak emateko deialdia egin berri du Mank-ek. Lanek guztira 1.151.369,30 euroko (BEZik gabe) aurrekontua dute. Orain eman nahi dituen hiru loteak honakoak dira: Arbizu eta Iturmendi arteko tartea, 608.350,29 euroko balioa duena; Urdiain eta Ziordia artekoa, 369.397,46 euroko balioa duena eta bidean altzariak eta seinaleztapena jartzeko kontratua, 173.621,55 eurokoa. Eskaintzak aurkezteko epea otsailaren 18ko 10:00etan despedituko da. Lanak bere gain hartzen dituen enpresak irailerako eginak izan beharko ditu.
- Oposizio lehiaketa bidezko hautaproben bidez Etxarri Aranazko Udaleko zerbitzu anitzetarako izendagaien zerrenda osatzeko deialdia egin du. Hautaketa hori gainditzen dutenekin zerrenda osatuko du eta sor daitezkeen kontratazioetarako eta ordezkapenetarako erabiliko da. Zerrenda hori indarrean egongo da beste deialdi bat onartu arte. Lanpostuek D mailako ordainsariak izango dituzte. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak otsailaren 10era arte aurkez daitezke. Deialdiari buruzko informazioa etxarriaranatz.eus webgunean dago.
- Gaur Altsasuko kintoak eskean ibiliko dira eguerdira arte eta 25 urtebetetzen dituztenak, baita 60 urte dituztenek ere euren bazkaria eta ospakizuna izango dute.
Kirolak,
- Euskaltel Euskadi txirrindularitza taldeak Mallorca eta Marseille izan ditu topagune egunotan. Bloke laranja batek bost egun iraun duen Mallorcako Challengean parte hartzen zuen bitartean, beste bloke batek otsailaren 2an jokatutako Grand Prix Cycliste de Marseille La Marseillaise proban parte hartu zuen. Tartean zegoen Iker Mintegi, Paul Hennequin, Xabier Isasa, Gotzon Martin, Jokin Murgialdai, Louis Sutton eta Unai Zubeldia taldekideekin. La Marseillaise 164,2 kilometroko proba gogorra da, ia 2.660 m desnibel positibokoa. 20 taldek parte hartu zuten, sei World Tour mailakoak eta bederatzi Pro Team mailakoak. Probaren gogortasunak berehala txirrindularien hautaketa egin zuen, eta aurrean geratu ziren 30 txirrindularien artean Iker Mintegi, Gotzon Martin eta Xabier Isasa sartu ziren, Paul Hennequinek bere taldekideak aurrean kokatzeko egindako lan ikusgarriaren ondoren. Azkenean, Valentin Ferron gailendu zen esprintean, Gotzon Martin seigarren sailkatu zen, eta Iker Mintegi hamalaugarren, UCI sailkapenerako puntu baliotsuak lortuta. Talde laranjaren balorazioa positiboa da.
- Hirugarren mailako areto futboleko kopan, bigarren multzoko ligaxkan murgilduta dago Aralar Mendi. Asteburuan laugarren jardunaldia jokatu zen eta Uharte Arakilgo taldeak bigarren garaipena lortu zuen, Betelu Futbol Taldea Grupo Wisco liderrari 5-6 irabazi eta gero. Betelu gailentzen hasi zen, 4-1 aurreratuta egon zen, baina Jon Iribarren, Ibai Martiarenak eta Youssef El Akkarik launa berdindu eta gero, lehia gehiago estutu zen. Betelu 5-4 aurreratu zen, baina Eneko Cruzek hasieran berdintzea, eta gero seigarren eta garaipenaren gola sartzea lortu zuen. Azkenean, 5-6 Aralar Mendirendako, puntu gozoa. Galdu arren, Beteluk jarraitzen du Kopako bigarren multzoko lider (9 puntu), Kirol Sporten (9 puntu) eta Aralar Mendiren (6 puntu) aurretik. Universidad de Navarra da azkena, punturik gabe. Kopako ligaxkako bosgarren jardunaldian, Aralar Mendik Universidad de Navarra taldea hartuko du otsailaren 8an, larunbata, 18:00etan, Uharte Arakilgo Larrebieta kiroldegian.
- Areto futbolean, Asteburuan lehen maila autonomikoko hamaseigarren jardunaldia jokatu zen. Arbizu Kirol Taldeak Los Sauces hartu zuen Arbizuko kiroldegian eta liderrak ez zuen huts egin: 6-2 irabazi zion Eskirozko taldeari. Lehen zatian parez pare ibili ziren bi taldeak. Beñat Jakak Arbizu aurreratu zuen, baina berehala berdindu zuen Los Saucesek. Hortik aurrera Arbizu nagusitu zen. 6-1 aurreratu ziren Urtzi Nazabal (2), Iosu Reparaz, Jokin Urzelai eta Gorka Ansari esker. Bukaera aldera Los Saucesek bigarrena sartu zuen eta Arbizuk 6-2 irabazita bukatu zen partida. Altsasuk Tuteran jokatu zuen, Ribera de Navarraren aurka. Partida oso borrokatuan, Xabier Aiestaranek Altsasu aurreratu zuen, baina Ribera de Navarrak 45. minutuan berdindu zuen. Bi taldeak berdinketa apurtzen saiatu ziren, eta Mohamed Benlamquaddemek Altsasuren bigarren gola sartu zuen 47. minutuan. 1-2 irabazita, 3 puntu gehiagorekin itzuli zen Altsasu. Arbizu Kirol Taldeak jarraitzen du lider (40 puntu), 3 puntura Altsasu duela (37 puntu). Hamazazpigarren jardunaldian sailkapenean hirugarren den Mendialdearen kontra jokatuko du Arbizu Kirol Taldeak otsailaren 7an, ostirala, 19:30ean, Berriozarren. Altsasuk, aldiz, hamabigarren den Mutilvera taldea hartuko du otsailaren 6an, osteguna, 20:30ean Zelandin.
- Areto futbolean, Lehen senior mailako bigarren faseko igoera faseko bigarren jardunaldia jokatu zen asteburuan. Caparroson jokatu zuen Xotak, Azkarrenaren kontra, eta punturik gabe itzuli ziren irurtzundarrak, Caparrosokoek kontrolatutako partidan Azkarrenak 3-0 hartu baitzituen mendean. Lacturale Orvina A da liderra (6 puntu) eta Xota zortzigarrena da, azkena, punturik gabe. Hurrengo jardunaldian hain zuzen ere Xotak Lacturale Orvina A liderra hartuko du, ilbeltzaren 9an, igandea, 12:30ean Irurtzungo Atakondoa kiroldegian.