Ataun Bernoako galtzada azaleratzen hasi da

Guaixe 2025eko otsailaren 11

Bakaikuarrak galtzada azalarazteko lanean. ARTXIBOA

Auzolandegi baten bidez egin dute hasiera. Intxusbururaino azaleratu nahi dute.

Bernoako galtzada GR 323 ibilbide luzea 2021eko udaz geroztik erabilgarri dago. Galtzada bera, Urdiainen guztiz azaleratu zuten, iturmendiarrak horretan ari dira eta etxarriarrek zati bat azaleratu zuten. Mendiaren beste aldean du segida Bernoako galtzadak, Ataunen. Eta bertako udala Bernoako galtzada berreskuratzeko pausoak ematen hasi da. Udan antolatutako auzolandegian, hemeretzi gazte bi astez galtzadan lanean aritu ziren eta 53 metro azaleratu zituzten. 

Martin Aramendia Arana alkateak azaldu duenez, "auzolandegia antolatu genuen iaz nolabait galtzada berreskuratzen hasteko. Kontua da auzolandegiaren bidez dena egiteko urte asko eta asko beharko genituzkeela, eta beste bide batzuk jorratzen hasi gara". Horietako bat da "Gipuzkoako Foru Aldundiaren natur ondarea berreskuratzeko dirulaguntza lerro bat, eta une honetan hori argitaratu zain gaude". Aramendiak gaineratu duenez, "dirulaguntza eskatzeko aurrez beharrezkoa da topografia azterketa egitea, eta aurrekontuak eskatzen ari gara azterketa hori martxan jarri ahal izateko". Ataungo alkateak zehaztu duenez, haien nahia da Bernoako galtzada Intxusbururaino berreskuratzea heldu den urteetan. "Topografia azterketa ere haraino egingo dugu". 

Erlazionatuak