Udaz geroztik erabilgarri dago GR 323 Bernoako galtzada ibilbidea ibilbide luzea. Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi eta Urdiaingo udalek elkarlanean sustatu dute ibilbidea joan den ostegunean mustu zuten. GR323 lau udalek 2019an hasitako elkarlanaren fruitua da. Sakanako Garapen Agentziako (SGA) turismo teknikari Paki Urbitarte Cabrerak gogorarazi zuenez, "galtzada Erdi Arokoa da eta mandazainek lehengaiak garraiatzeko erabiltzen zuten barruko aldetik kostaldera eta alderantziz. Mandazain haien figurarik gabe gaur (atzo) ez ginateke hemen egonen. Mandazainen urrezko aroa XVIII. mendea izan zen. Errepideen sorrerarekin, XIX. Mendean, erabiltzez utzi zen". Ekitaldia bera mandazainei omenaldi bihurtu zen.
Urbitartek azaldu zuenez, "azken urtetan Sakanako zenbait udal, eragile eta herritarrek galtzada berreskuratzeko lan egin dute". De Amicitia erakundearekin batera 2015etik auzolandegietara atzerriko boluntarioak etorri direla gogorarazi zuen. Baita herritarrek auzolana egin zutela ere.
Teknikariak argitu zuenez, "ibilbidea sortuz, berreskuratutako galtzada zatietatik pasaz, gure ondarearen eta historiaren parte garrantzitsu hau ezagutzera eman dugu. Beti ere, gure natur ondarea zainduz". Horregatik, Urbitartek ibilbidea ezagutzeko gonbidapena egin zuen.
Etxarri Aranazko alkate Silvia Marañon Chascok aitortu zuen aurretik galtzadaren inguruan lan handia zegoela, eta ibilbidea osatuz balioa eman zaiola. Marañonek lau udalen arteko elkarlana nabarmendu zuen, baita kudeaketaren ardura hartu zuen Bakaikuko Udalaren egitekoa ere. Horietaz aparte herritarrak, SGA, Cederna-Garalur lanean aritu direla azaldu zuen. Azken horren dirulaguntzak proiektua posible egin duela ere azaldu zuen. "Orain disfrutatzea eta mantentzea tokatzen zaigu".
Ibilbideaz
Proiektua egin duen Lur Geroa enpresako Igor Erbiti Saizarrek nabarmendu zuen egitasmoan parte hartu zuen jendea "oso inplikatuta" egon dela, "horregatik aldaketa batzuk egon dira, Esaterako, Hiru Haitzetarako edo San Adrian ermitetarako deribazioak". "Errazena eginda dago, orain zailena mantentzea eta jarraipena orain heldu da, eta jendea gogotsu ikusten dut". Erbitiren iritziz, "ibilbide oso berezia da, gure arbasoekin harremanetan jartzen gaitu, ibilbidea polita da, jendea oso inplikatuta dago, historia gertaera bat dago. Gero eta galtzada zati gehiago berreskuratuko dira eta proiektu bizia izanen da. Hazi eginen da".
Nafarroako Mendi Federazioko ibilbide batzordeko Nicolas Jara Andiak ibilbidearen homologazioan lan egin zuen. "Denetarik du, mendia, basoa, tarteka agertzen den galtzada. Oso polita da". Ibilbidea baino, bide sare gisa definitu zuen, eta hartan ibiltzeko modu asko daudela azaldu zuen: perimetralki edo herri bakoitzean hasten eta bukatzen diren ibilbideak.
Jarak homologatutako ibilbide batek eskaintzen dituen baldintzak nabarmendu zituen. Batetik, ibiltariendako segurtasuna, "egoki balizatuta daudelako, eta oinezkoak ez du ibilbideari buruzko dudarik". Bestetik, "dispertsioa saihestu eta jendea edozein tokitatik joatea eragozten du, ibiltariak bidea trazatutako tokietatik joatea laguntzen du. Gainera, trazadura eremu seguru eta erakargarriena da". Azkenik, "eskualdea ezagunagoa izateko balio du. Baita herriak eta haiek dituzten zerbitzuak dinamizatzeko balio du", azaldu zuen mendi federazioko arduradunak.
GR 323 Bernoako galtzada
Sakanan barna badaude beste GR edo ibilbide luze batzuk, baina atzo mustutakoaren berezitasuna da ibarraren hondoan dagoela, ez mendi gainean. Guztira 64 km balizatu dira, ibiltariak ibilbidea egoki osa dezaten. Ibilbide nagusia, zirkulua, bi etapetan banatzen da: Etxarri Aranatz eta Urdiain artekoa basoan barna (18 km) eta Urdiain eta Etxarri artekoa Urbasara igota (14). Horretaz aparte, Bernoako ibilbideak 11 aldaera eta 4 desbideratze ditu. Gainera, herri bakoitzean hasi eta bukatzen den zirkulu ibilbide bana dago. Etxarri Aranazkoak 12,3 km-ko luzera du, Bakaikukoak 8,82 km-koa, Iturmendikoak 11,5ekoa eta Urdiaingoak 12,1 km-koa. Gainera, Urdiaingo igerilekutatik abiatzen den zirkulu ibilbidea dago, 6,79 km dituenak.
Beraz, GR 323 Bernoak aukera bat baino gehiago eskaintzen duen ibilbidea da, esate baterako, familia txangoak, mendi ibilaldia edota mendi lasterketak. Gainera, ibilbidearen iparraldean GR 12rekin bat egiten du, Nafarroako GR sarearekin lotuz.
Ibiltariak herri bakoitzean informazio panel bana opatuko du. Eta bidean zehar interpretazio panelak eta posteetan jarritako QR kodeak ere opatuko ditu. Azken horiek www.sakana.eus webgunean dagoen informazio guztia eskura jarriko dio. Paneletan, berriz, galtzaden eta mandazainen berri ematen da batetik eta, bestetik, Iturmendin 1822an izandako fusilamendu odoltsuaren berri ematen du beste batek. Galtzada bere osotasunean berreskuratua duen herria Urdiain da. Gainontzeko herrietan zatiak azaleratu dituzte. Lan hori, neurri handi batean, boluntarioek egin dute, herrietakoek eta atzerrikoek.