Kirolak,
- Etxarri Aranazko Euskalerriari pilotalekua herri kirolzaleen topaleku izan zen igandean, Urrezko Aizkolarien Txapelketako jardunaldia bertan jokatu baitzen. XXV. Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa-Eusko Label Sariko jardunaldian ez zen sorpresarik egon. Julen Alberdi "Txikia IV.a" eta Jon Rekondo erraz gailendu ziren Ugaitz Mugertza II.aren eta Ibai Soroaren aurrean. Bost lan egin behar izan zituzten eta bostetan nagusitu ziren Txikia eta Rekondo. Guztira 17:12 minutu behar izan zituzten, eta Mugertza II.ak eta Soroak, aldiz, 19:03 minutu. Harri jasotzaileak:Banakako Harri jasotze Txapelketan Udane Ostolaza Emakumezkoen Txapelketan aritu zen eta Gorka Etxeberria, aldiz, Harri Handien Txapelketan. Ostolazak 63 kiloko zilindroari hamabost jasoaldi egin zizkion, 63 kiloko kubikoari hamar eta 50 kiloko bolari hamabost, guztira 40 jasoaldi eginez (2.325 kilo). Etxeberriak 175 kiloko laukizuzena hirutan jaso zuen, 138 kiloko kubikoa seitan eta 125 kiloko bola zazpitan, guztira hamasei jasoaldi (2.228 kilo). Sakandarrak, ederki: 19 urtez azpiko Banakako Aizkolari Gazteen Txapelketan Oier Mitxelena altsasuarra eta Joan Goikoetxea etxarriarra lehiatu ziren elkarren kontra. Hasiera batean Amets Aristizabal urdiaindarra ariko zela iragarri zuen antolakuntzak, baina, azkenean, Oier Mitxelenak hartu zuen bere tokia. 45 ontzako bi enbor erdibitu behar zituzten, eta Mitxelena izan zen azkarrena (3:01). Jaialdia berandutu zela eta telebistarako denborarik ez zegoela argudiatuta, bigarren sailkatu ziren aizkolari gazteei ez zieten lana bukatzen utzi, katedran oso kritikatua izan zen erabakia, aizkolarienganako errespetu falta zela entzuten baitzen. Goikoetxeari aizkorakada gutxi geratzen zitzaizkion bukatzeko, eta epaileek 3:01-eko denbora jarri zioten. 23 urtez azpiko Banakako Txapelketan 45 ontzakoa eta 60 ontzakoa erdibitu behar ziren. Jon Erdoziak (4:14) ez zuen Kimetz Oñederra "Aittola"-ren aurrean (4:50) gailentzeko arazorik izan, nahiz eta etxarriarrak aitortu Donostian bizi dela eta ezin duela behar bezala entrenatu. Bukatzeko, Aritz Oiarbide haren lehengusu etxarriarra bizkor aritu zen (4:19) eta Isidro Velascoren kontra gailendu zen (4:48).
- Afizionatuen tropela martxan da. Asteburuan 50. Essor Basque lasterketa abiatu zen Iparraldean, urtero amateur egutegia mustutzen duen proba. Essor Basquek bost etapa ditu guztira, eta asteburuan bi jokatu ziren: larunbatean Bokale eta Tarnosen artekoa, eta igandean Kanbon hasiera eta amaiera izan zuen etapa. Iker Gomez altsasuarrak (Finisher) afizionatuetan debut polita egin zuen, bi lasterketetan aritu zelako, ihesaldietan sartuz. Tarnosen 85. postuan iritsi zen, Gari Lagnet (AC Bisontine) irabazlearen denbora berean (2:25:05), tropel nagusia batera iritsi zelako. Aldiz, Mikel Uncilla etxarriarrak (Rural Kutxa-Alea) ezin izan zuen proba bukatu. Kanboko bigarren etapa Titouan Margueritatek (Team Atria) irabazi zuen (2:23:58). Aimar Tadeo lakuntzarrak (Euskadi Fundazioa) talde berriaren maillot gorria mustu zuen eta lehiakor eta erasokor aritu zen, ihesaldian sartuz. 61. postuan iritsi zen helmugara (2:24:14), eta Iker Gomez 124. postuan, denbora berean. Sailkapen orokorrean Gari Lagnet doa buruan, Titouan Margueritaten aurretik. Asteburuan Essor Basqueko gainontzeko hiru etapak jokatuko dira: ostiralean Donapaleukoa, larunbatean Donibane Garazikoa, eta igandean Maulekoa.
- Binakako hamabigarren jardunaldian kolpe latza jaso zuten gure pilotariek; ahazteko moduko jardunaldia izan zen. Peio Etxeberriak eta Martijak 22-18 galdu zuten Jakaren eta Imazen kontra, eta play-offetan sartzeko aukerarik gabe geratu dira, jota. Nolanahi ere, ligaxka despeditzeko geratzen diren bi jardunaldietan euren itxura onena eman dute, eta enpresari lagundu. Gaur, ostirala, Artola eta Mariezkurrenaren ordez jokatuko duen Eskiroz izango dituzte aurkari Tafallan. Zabaletak Idiazabalen ez zuen egun ona izan. Elordirekin batera, 11-22 galdu zuten Lasoren eta Iztuetaren kontra. "Ez dakit zer gertatu den. Pilota inolako kontrolik gabe ateratzen zitzaidan eskuetatik. Ez da modurik egon" azaldu zuen kantxan deseroso eta burumakur aritu zen etxarrendarrak. Lehen bi postuetan sartu eta zuzenean finalerdietara sailkatzeko aukerarik gabe geratu dira, eta play-offak jokatu beharko dituzte. Ahalik eta hobekien iritsi nahi dute hitzordura. Gaur, ostirala, Peña II.a-Albisuren kontra jokatuko dute Amorebieta-Etxanon. Ezkurdiak eta Rezustak estropezu egin zuten Oñatin, eta ustekabean 13-22 galdu zuten Peñaren eta Albisuren kontra. Bigarrenak dira sailkapenean, eta ligaxka despeditzeko geratzen diren bi partidetako bat irabazi beharko dute, gutxienez, lehen bi postuetan mantendu eta zuzenean finalerdietara sailkatzeko. Hamahirugarren jardunaldian, azkenaurrekoa, Laso ordezkatuko duen Urrutikoetxearen eta Iztuetaren kontra jokatuko dute igandean, Astelenan.
- Irurtzungo Udalak eta Garfek Plis Plas Kopa Profesionaleko multzoen faseko pilota jaialdia ekarri dute Irurtzunera gaur, ostirala, 19:00etan. Lehen partidan Elizalde eta Uribe lehiatuko dira, eta bigarren partidan Azpirozek Garfe enpresan debutatuko du, Retegi Bi biko duela. Iribarren eta Bergera izango dituzte aurkari.
- Lagun Artea Kirol Elkarteak futbol talde inklusiboa sortu du aurten. Taldea hamar futbolari ingururekin hasi da martxan, baina animatu nahi dutenek ateak zabalik dituzte. Lagun Arteako futbol koordinatzaile Aitor Goikoetxea, eta atezainen entrenatzaile Unai Otermin dira entrenatzaileak, eta juntako Miren Iriarte da taldearen arduraduna. Zelai Berri futbol zelaiaren ondoan dagoen Sakana frontoian entrenatzen du taldeak. "Taldekideen artean sortzen den harremana ikusgarria da. Oso ongi pasatzen dugu" aipatzen du beti Aitor Goikoetxeak. Hain zuzen ere asteburu honetan abiatuko da Nafarroako Futbol Federazioak antolatutako "Nire gaitasuna kirola ere bada" futbol liga. Lagun Artea taldeak etxean hasiko du denboraldia, bihar, larunbata, 12:00etan, Aspace A Navarra taldearen kontra, Sakana frontoian. Bigarren multzo honetako beste taldeak Aspace Navarra B, Ardoi, Bidezarra eta Iruntxiki dira. Partida hasi baino lehen, 11:30ak aldera, Lakuntza futbol talde inklusiboaren aurkezpen ekitaldia izango da. "Gogotsu daude, liga hasteko irrikaz" azaldu du Ainhoa Soto idazkariak.