Otsailak 10

Guaixe Irratia 2025ko ots. 10a, 10:41

Albisteak,

  • Sakanako Mankomunitateak jakinarazi du Hondakin Zerbitzurako bi lan poltsa sortuko dituela: txofer peoiarena eta bilketa peoiarena. Bi lan poltsa horien bidez ibarreko erakundeak lanpostu hutsak, laneko bajen ondorioz behin behineko ordezkapenak, oporrak eta mankomunitateko zerbitzuak indartzeko unean uneko beste edozein behar bete nahi luke. Peoi gidari lanpostuak euskarazko B1 hizkuntza eskakizuna du, bilketa peoiarenak, berriz, euskarazko ahozko B1 maila. Eskabideak otsailaren 21eko 14:00ak arte aurkez daitezke. Bi deialdiei buruzko informazioa sakana-mank.eus webgunean dago. 
  • Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen elkarteko kideak trebakuntza ikastaro bat jaso zuten joan zen astean. Haren bidez beraien establezimenduetako sare sozialetako argitalpenen kalitatea hobetzeko teknikak ikasi zuten. Esaterako, produktuen argazkiak edo bideo hobeak egiteko zer teknika erabili behar dituzten ikasi zuten. Ikastaroa Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialak antolatu eta MKcomunicacionek eman zuen.
  • Sakanako Autobian (A-10), Altsasu parean, auto bat bidetik atera zen 28,4 kilometroan, Altsasu parean, Gasteizerako noranzkoan, 21:11n. Istripuaren ondorioz, 55 urteko emakume batek polikontusio arinak jasan zituen, eta Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten, ebaluatu eta tratatzeko. Altsasuko suhiltzaileak, osasun etxeko medikua eta erizaina, oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzia bat eta foruzainak joan ziren ezbeharraren tokira. Azken horiek ikertu zuten istripua. 
  • Informazio zehatzik ezean, aurreratu dezakegu Altsasuko ospakizunetan, gutxienez, 20 edukiontzi erre dituzte, haietako bat Otadiako kirol pistaren erdian, garrak zorua ondatuz. 

Kirolak,

  • Areto futbolean, Anaitasunak gotorleku izaten jarraitzen du. Osasuna Magna Xotak Burela taldea hartu zuen otsailaren 7an Anaitasunan, eta nahiz eta partida ona ez izan, 3-2 irabaztea eta puntuak etxean geratzea lortu zuen talde berdeak. Partida hasi eta berehala aurreratu zen Xota, Pachuren erremate bati esker. Gutxika Burela bere indarra erakusten hasi zen, baina Asier Llamasek ongi zaindu zuen atea. Mendivek hiru aukera argi izan zituen, baina Burelako atezaina ere oso fin ibili zen. Atsedenaldirako 6 minuturen faltan Asier Llamasek ezin izan zuen Juninhoren berdinketa ekidin. Bigarren zatian Xota erasora atera zen, eta berehala 2-1 aurreratu zen Korsuni esker. Partida gogortu egin zen. Asier Llamas seguru aritu zen atean, baina atzera ere Juninhok lortu zuen bigarren berdinketaren gola, 37. minutuan, partidaren bukaera gertu zegoela. Miguel Hernandezek hutsartea eskatu zuen eta atezain-jokalaria jarri zuen. Apustua ongi atera zen, Korsun ukraniarrak hirugarren gola sartu baitzuen, 3-2, garaipenarena. Partida bukatzeko geratzen ziren 3 minutuetan defentsa lan bikaina egin zuten berdeek eta hiru puntuak etxean geratu ziren. Bigarren zatian Xota erasora atera zen, eta berehala 2-1 aurreratu zen Korsuni esker. Partida gogortu egin zen. Asier Llamas seguru aritu zen atean, baina atzera ere Juninhok lortu zuen bigarren berdinketaren gola, 37. minutuan, partidaren bukaera gertu zegoela. Miguel Hernandezek hutsartea eskatu zuen eta atezain-jokalaria jarri zuen. Apustua ongi atera zen, Korsun ukraniarrak hirugarren gola sartu baitzuen, 3-2, garaipenarena. Partida bukatzeko geratzen ziren 3 minutuetan defentsa lan bikaina egin zuten berdeek eta hiru puntuak etxean geratu ziren. Xotak sufritu zuen, baina irabaztea lortu zuen. “Ez da gure egunik onena izan, baina taldeak partidari eutsi dio, atezain-jokalariarekin aukera izan dugu eta hiru puntuak lortu ditugu” azaldu zuen Miguel Hernandez entrenatzaileak bukaeran. Lehen mailako sailkapenean Movistar Interrek jarraitzen du lider (38 puntu), Barçari 5 puntu aterata. Osasuna Magna Xota zortzigarren postura igo da (23 puntu). Ligako hamazazpigarren jardunaldian Osasuna Magna Xotak sailkapenean zortzigarren eta puntu berberekin arerio zuzena den Industrias Santa Coloma hartuko du, otsailaren 14an, ostirala, 19:30ean Anaitasunan. Hemezortzigarren jardunaldia otsailaren 18an jokatuko da eta Xotak sailkapenean hamaikagarren den Cordoba izango du aurkari, Andaluzian.
  • Pilotan, Binakako Txapelketako ligaxkako hamahirugarren eta azken aurreko jardunaldiak finalerdietako bigarren bikotea erabaki du. Aurreko astean Lasok eta Iztuetak finalerdietarako txartela lortu bazuten, aste honetan zuzeneko bigarren txartela erabaki da: Ezkurdia eta Rezusta finalerdietarako ligaxkan egongo dira, hain zuzen ere Lasoren ordez jokatu zuen Urrutikoetxeari eta Iztuetari 16-22 irabazi eta sailkapenean 10 punturekin lider jarri eta gero. Ezkurdia-Rezustaren eta Urrutikoetxea-Iztuetaren arteko partida oso gogorra izan zen. Nahiz eta Ezkurdia-Rezusta faborito argiak izan, Urrutikoetxea-Iztueta primeran aritu ziren eta lehia oso estua izan zen. Parekotasuna izan zen partidaren ezaugarri nabarmenena: bederatzi berdinketa izan ziren, azkena 16-16koa. Azkeneko txanpan Ezkurdia-Rezustak pilota abiaduraz mugitu zuten, eta arerioei erritmo falta nabaritu zitzaien. Azkenean, 16-22 irabazita, Aspekoek finalerdietarako txartela lortu zuten, liderrak dira, eta etxeko lanak eginda, finalerdietarako ligaxkarako bi asteburu lasai dituzte aurretik. Peña II.ak eta Albisuk jardunaldiko sorpresa eman zuten, Amorebietan Elordi-Zabaleta 14-22 mendean hartuta play-offetarako azken postuaren borrokan sartu baitziren. Akatsak izan ziren partidako protagonistak. Elordi eta Zabaleta 9-6 aurreratu ziren, baina bi Jon Anderrek markagailuari buelta eman zioten 5 tanto segidan lortu eta gero. Lehen atsedenaldian 10-11, paretsu zegoen markagailua, baina Baikokoek 6 tanto egin zituzten jarraian, Zabaletaren akatsak tarteko, eta 10-17 aurreratu ziren, partida ia erabakita utzita. Azkenean, 14-22, play-offetako borrokan sartu ziren Peña-Albisu. Partidak “finalak bailitzan” jokatzen ari direla aitortu zuten. Zabaleta ez dago oso fin ligaxkako azken txanpa honetan. Bere seigarren txapelagatik borrokatu nahi badu, buelta eman beharra du. Peio Etxeberriak eta Martijak Artola eta Eskiroz izan zituzten aurkari Tafallan, azken honek Mariezkurrenaren tokia beteaz. Partidako onena Eskiroz izan zen, soilik akats bat egin baitzuen. Hasieratik aurrea hartu zuten Artolak eta Eskirozek, 10-3 aurreratu baitziren. Nahiz eta Etxeberria-Martija 10-6 hurbildu, hortik aurrera Baikokoek agintea hartu zuten eta 22-13 gailendu ziren, play-offetako hirugarren postua lortuz. Sailkapenak oso estu jarraitzen du. Asteburuko hamalaugarren eta azken jardunaldian play-offetako azken postua erabakiko da, eta play-offetako ordena. Ezkurdia-Rezusta dira liderrak (10 puntu), Laso-Iztuetaren aurretik (9 puntu). Bi bikoak zuzenean sailkatu dira finalerdietarako. Atzetik Artola-Mariezkurrena (8 puntu), Elordi-Zabaleta (7 puntu) eta Jaka.Imaz (6 puntu) daude, play-off postuetan. Play-offetako azken postua hurrengo bikoteen artean erabakiko dira: Peña-Albisu (5 puntu) eta Altuna-Aranguren (5 puntu). P. Etxeberria-Martijak ixten dute sailkapena (2 puntu), play-offetan sartzeko aukerarik gabe. Elordi-Zabaletak Jaka-Imaz izango dituzte aurkari otsailaren 14an, ostirala, Sestaoko Las Llanasen. Bi bikoek play-offetako laugarren postua lortzeko borrokatuko dute, postu horrek bi bigarren aukera dituelako bere gain. Elordi-Zabaletak 12 tanto egiten badituzte, laugarren postua lortuko dute, eta, bestela, bosgarren postuan sailkatuko dira. Otsailaren 15ean, larunbata, jardunaldi bikoitza izango da. Labritek P.Etxeberria-Martijaren eta Laso-Iztuetaren arteko lehia hartuko du, eta Bizkaiak Ezkurdia-Rezusta Artola-Mariezkurrenaren artekoa. Azkenik, otsailaren 16an, Atano III.ean, play-offak erabakitzeko partida erabakigarriena jokatuko da, Altuna-Arangurenen eta Peña-Albisuren artekoa. Galtzailea txapelketatik kanpo geratuko da. 
  • Pilotan, Irurtzungo Bi Aizpe pilotalekuak Gafek antolatutako Plis Plas Kopako hirugarren jardunaldia hartu zuen otsailaren 7an, ostirala. Lehenik eta behin Ugaitz Elizalde (Nafarroa Sakana) eta David Uribe (Araba) lehiatu ziren buruz buru. Norgehiagoka oso paretsuan partida xehetasunengatik erabaki zen eta, azkenean, Uribek lortu zuen gailentzea, 22-20. Bigarren partidak, binakakoak, ikusmina piztu zuen. Adrian Azpiroz atzelari irurtzundarrak Garfe enpresarekin debutatu zuen, eta gertukoek ez zuten frontoian huts egin. Julen Retegi Bi aurrelari arruazuarrarekin osatu zuen bikoa Azpirozek (Nafarroa Sakana), eta Xabi Iribarren eta Iosu Bergera arruazuarra izan zituzten aurkari (Araba). Hiruko berdinketatik aurrera hartu zuten aldea Retegi Bik eta Azpirozek. Iribarrenek makina bat akats egin zituen, eta, Retegi Bik, aldiz, apenas egin zuen erratarik eta tanto asko egin zituen. Atzeko koadroetan Azpiroz sendo aritu zen bere entrenamendu kide eta lagun Bergeraren aurrean. Azkenean 22-9 gailendu ziren Retegi Bi eta Azpiroz. Datorren astean, otsailaren 15ean, 17:30ean, Soriako La Juventud pilotalekuan jakingo da A multzotik zein talde sailkatuko den Labriten jokatuko den finalerako, Araba (2-2), (68-78), Nafarroa Sakana (1-1), (42-31) edo Bizkaia (1-1), (36-37).  Nafarroa Sakanak (Aaron Arbizu buruz buru eta Aitor Etxeberria eta Javier Cuairan binakakoan) Bizkaia izango du aurkari.