Egun On Sakana

Otsailak 11

Guaixe Irratia 2025eko otsailaren 11

Albisteak,

  • Irurtzungo Udalak herriko  balorazio txostena berrikusteko prozedura hastea erabaki zuen abenduaren 22an. Agiri horren bidez udalerriko ondasun higiezin bakoitzari balio bat ematen zaio. Txosten proiektua jendaurrean egonen da martxoaren 6ra arte, hala nahi duenak bidezko iruditzen zaizkien iradokizunak eta alegazioak aurkez ditzan. Aipatu agiria irurtzun.eus webgunean kontsulta daiteke. 
  • Arbizuko Udalak jakinarazi du martxoaren batean eginen den ihote bazkarirako txartelak salgai daudela. Haiek eskuratu nahi dituztenek liburutegitik, Juanito, Aralar edo Kiroldegi tabernetatik pasa daitezke. Otsailaren 19ra arte, ostirala, egonen dira bazkarirako txartelak salgai. 
  • 2025 eta 2026 urteetako Ustiapen eta Hobekuntza Planaren barruan, Lizarragako Kontzejuak Bargan eta beheko basoan dagoe baso aprobetxamendu bat saldu nahi du. Lintxurdiko bidea, Katea, Ustia eta Aitaberasko dermioetan dauden pagoek osatzen dute lotea. Guztira 2.877,2 m3 bolumena du, 2.262,2 m3 egur eta 615 m3 zur. Baso aprobetxamenduaren balioa 64.483,62 eurokoa (BEZik gabe) da. Eskaintzak aurkezteko epea martxoaren 7ko 14:00etan despedituko da. 

Kirolak,

  • Areto futbola, Emakumezkoen Nafarroako 19 urtez azpiko selekzioak lagunarteko partida jokatuko du gaur, otsailak 11, asteartea, 19:15ean Ezkaba kiroldegian Lacturale Orvinaren kontra. Leandro Fernandezek hautatutako hamalau jokalarien artean Xotako lau daude: Naia Lizarraga, Nahia Moran, Ekiñe Aguirre eta Eider Goikoa. Partida otsailaren 19tik 23ra Madrilen jokatuko den Espainiako Areto Futboleko Txapelketa prestatzeko antolatu den hirugarren lagunarteko partida da. Nafarroako selekzioak A multzoan jokatuko du, Madril, Cantabria eta Aragoiko selekzioekin batera. Soilik multzo bakoitzeko lehena pasako da hurrengo fasera. 14 urtez azpikoen selekzioak lagunarteko partida jokatu zuen atzo, otsailaren 10ean Larrabiden, Orvina taldearen kontra. Leandro Fernandezek prestatutako hamabostekoan Xotako lau jokalari zeuden: Olaia Zabaleta, Leire Fernandez, Omayma Morad eta Amina Hambid. Martxoaren 5etik 9ra Cadizen jokatuko diren Espainiako Txapelketak prestatzen ari da selekzioa. Bitartean, Nafarroako 16 urtez azpiko selekzioak otsailaren 19tik 23ra bitartean Espainiako Areto Futboleko Txapelketan parte hartuko du, eta egunotan entrenamendu saioak gidatuko ditu Leandro Fernandezek. Hain zuzen ere otsailaren 12an, asteazkenarekin izango da hurrena, 18:45ean, Larrabiden. Hamasei jokalari hautatu ditu Fernandezek, tartean Xotako Nahiara Lamarca eta Leire Fernandez. Gizonen 14 urtez azpiko Nafarroako selekzioak otsailaren 11n, asteartea, entrenamendua du Larrabiden, 17:45ean. Javier Viedma hautatzaileak aukeratutako hemezortzi jokalarien artean Xotako Aitor Macho eta Mohamed Saada daude. Apirilaren 2tik 6ra Katalunian jokatuko den Espainiako Txapelketa prestatuko du taldeak. 
  • Futbola, Elomendiko Futbol Txapelketan Arakilgo Zaldua taldeak Unziti arerio zuzena zuen aurkari. Partida oso lehiatuan, azkenean Unzitik irabazi zuen, 2-4. Bar Olmok jarraitzen du lider (40 puntu), Salinas taldea puntu batera duela (39 puntu). Zaldua seigarren postuan dago (27 puntu). Asteburuan sailkapenean hamabigarren den Basati taldearen kontra jokatuko du Arakilgo taldeak, Garesen. 
  • Futbola, Asteburuan Emakumezkoen Preferente Mailako hamaseigarren jardunaldia jokatu zen. Altsasu liderrak Gares zuen aurkari Osabidean, baina Santa Ageda ospakizunak direla eta partida martxoaren 2ra atzeratzea adostu zuten bi taldeek. Hala ere, lider segitzen du Altsasuk (38 puntu), 5 puntura Antsoaingo Gazte Berriak taldea duela (33 puntu). Otsailaren 16an, igandea, Altsasuk sailkapenean hamargarren den Valle de Egües taldea hartuko du Dantzalekun, 15:30ean. 

  • Futbola, Erregional mailako hemeretzigarren jardunaldiak 9 puntu gozo utzi ditu Sakanan.

    Altsasu liderrak galtzea zer den jakin gabe jarraitzen du hemeretzi partida jokatuta. Otsailaren 8an Kirol Sporten kontra jokatu zuen Orkoienen, eta hasi eta berehala Joaquin Angel Lladok Altsasu aurreratu zen. 7. minutua zen. Partidak bizi jarraitu zuen, eta atsedenaldia baino lehen Unai Calvok Altsasuren bigarrena sartu zuen. Bigarren zatian Kirol Sportek ekinean jarraitu zuen, eta, azkenean, 1-2 gerturatu zen 52. minutuan. Altsasuk ongi eutsi zuen eta, azkenean, 1-2 irabazita beste garaipen bat ospatu zuen Santa Ageda festan. 

    Etxarri Aranatzek bide onean jarraitzen du. Atarrabian Beti Onak B taldea izan zuen aurkari. Etxeko taldea izan zen aurreratu zena, baina berehala bana berdindu zuen Etxarrik, Aimar Lizarragari esker. Aldageletatik pasa ondoren lehiak oso estu jarraitu zuen. Aimar Lizarragak bigarrena sartu zuen, baina bina berdindu zuen Beti Onak-ek, partida oso borrokatuan. Orduan hasi zen etxarriarren errezitaldia. Oihen Karasatorrek hirugarren gola sartu zuen, eta Adrian Jakak laugarrena eta azkena. 2-4 irabazita, sentsazioak oso onak dira Etxarri Aranatzen. 

    Lagun Arteak Alde Zaharreko Kluba taldea hartu zuen Zelai Berrin. Lagun Artea izan zen nagusi hasieratik. Lehen zatian 3-1 aurreratu ziren lakuntzarrak Sael Ozoria, Yonatan Davila eta Alvaro Codoni esker. Bigarren zatian ildo beretik jarraitu zuen partidak. Alvaro Codonek Lagun Artearen laugarrena sartu zuen, eta Alde Zaharreko kluba 4-2 gerturatu zen, baina markagailua ez zen gehiago mugitu. 

    Sailkapena eta datorrena
    Altsasuk jarraitzen du lider (55 puntu), hemezortzi partida irabazita eta bat berdinduta dituela. San Jorge da bigarrena (48 puntu) eta Etxarri Aranatz hirugarrena (45 puntu). Lagun Artea seigarren dago (32 puntu). 

    Hogeigarren jardunaldian Altsasuk sailkapenean hamabosgarren den Beti Kozkor B taldea hartuko du Dantzalekun otsailaren 16an, 17:45ean. Etxarri Aranatzek otsailaren 16an sailkapenean bederatzigarren den Lagunak B taldearen bisita izango du, 16:00etan. Eta Lagun Arteak egun berean hamalaugarren den Baztan B taldearen kontra jokatuko du, 15:30ean, Elizondoko Giltxaurdi zelaian.