Egun On Sakana

Otsailak 13

Guaixe Irratia 2025eko otsailaren 13a

Albisteak,

  • Arruazuko Udalak herriko ostatua alokatzeko deialdia egin zuen. Eskaerak aurkezteko epean bat bera ere jaso gabe despeditu da. Hala ere, bi pertsonek ostatuaren ardura bere gain hartzeko interesa azaldu dute. Udalak haien eskaintzak entzun eta pleguaren arabera baloratuko ditu. 
  • Lakuntzako Udalak jakinarazi du 2025eko zirkulazio zerga ordaintzeko borondatezko epea martxoaren 4an despedituko dela. Udal ordainketak kontu korronteetan helbideratuta dituztenei udalak dagokien kargua epea despeditu aurretik kargatuko die. Ordainketak helbideratu gabe dutenek Lakuntzako banku edo kutxatik pasa beharko dute pagatzera. Aipatu epea pasata, ordaindu ez diren ordainagiriak Agentzia Exekutibora bidaliko ditu udalak, kobratzea premiamendu bidetik egiteko, eta legediak ezarritako errekargua gehituta. Udalak gaineratu duenez, helbideraketa berriak edo aldaketak eskatzeko azkeneko eguna martxoaren 3a izanen da. 

Kirolak, 

  • Saskibaloian, Mutilen bigarren autonomikoan CBASK Narum Fisioterapiak Universidad de Navarra izango du  aurkari eta nesken lehen senior mailakoi CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak Ega Perfil Oncineda. Mutilen bigarren maila autonomikoan hamaseigarren jardunaldia jokatu zen. Santa Ageda ospakizunengatik CBASK Narum Fisioterapiak partida aurretik jokatu zuen, eta 55-78 galdu zuen Castillo de Gorraiz Valle de Egüesen kontra. Sailkapen orokorrean Nasabi San Ignacio da liderra (28 puntu) puntu batera Castillo de Gorraiz Valle de Egües duela (27 puntu). CBASK zazpigarren da (24 puntu). Hamazazpigarren jardunaldiko partida otsailaren 18an, asteartearekin jokatuko du CBASK Narum Fisioterapiak. Sailkapenean bederatzigarren den Universidad de Navarra izango du aurkari, 20:30ean, Iruñean. Nesken lehen senior mailako CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak bigarren faseari ekin zion asteburuan. 1-8 postuen sailkapen faserako sailkatu zen talde altsasuarra, eta lehen jardunaldian Navasket SF´Old taldea izan zuen aurkari aurreko ostiralean Zelandin. Lehen zatia oso borrokatua izan zen eta markagailuan Altsasu aurretik egon zen tarte batean, baina partida erdialde aldera Navasket SF´Old aurreratu zen, aldea ateratzen hasi zen, eta, azkenean, 32-50 irabazi zien altsasuarrei. Sailkapenean Larraona Claret dago buruan (14 puntu) eta CBASK Xabi Gorriz Tattoos seigarren da (9 puntu). Bigarren jardunaldian talde altsasuarrak Lizarran jokatuko du, sailkapenean azkena den Ega Perfil Oncinedaren kontra. Partida otsailaren 15ean, larunbata, 19:00etan jokatuko da, Lizarreria kiroldegian. 
  • Eskian, XII. Bandres-Karolo Memoriala jokatuko da larunbatean, otsailak 15, Belagoako mendietan. Banakako mendiko eskiko proba da, eta Euskal Herriko eskiatzaileendako proba kuttuna, mendiko eskian Euskal Herrian jokatzen den proba nagusia baita, euskal Pirinioetan. Antolakuntzatik azaldu dutenez, aurten lineako proba bakarrik jokatuko da eta 200 eskiatzaile ariko dira lehian, antolakuntzak zehaztutako topea. Aurtengo berrikuntza nagusia da bi egunekoa izan beharrean, egun batekoa izango dela proba. Lineako lasterketa egingo da. Elur baldintzak egokiak dira. A ibilbidea 15-16 km ingurukoa izango da, eta B ibilbidea 9-10 km ingurukoa. Goizean goiz jokatuko da proba, eta dortsalak bezperan, ostiralean, jasoko dira, 17:00etatik 21:00ak arte, Izabako zineman. Antxon Bandres Euskal Mendizale Federazioaren presidente izandakoa da, eta Carlos Imirizaldu, Karolo, mendizalea eta mendiko eskiatzailea. Euren omenez sortu zen proba. Antolakuntzan Irurtzungo jendea dago, Karoloren lagunak, eta eskiatzaile sakandarrek ere parte hartu izan dute proban.