Otsailak 17

Guaixe Irratia 2025ko ots. 17a, 11:51

Albisteak,

  • BSH, Sunsundegui, Nano Automotive, Siemens Gamesa, Tenerias Omega, Tasubinsa eta Volkswagen enpresetako langile batzordeek deituta, Nafarroako industriaren aldeko manifestazioa egin zuten milaka pertsonek atzo. Deitzaileek azaldu zutenez, industria sektorea “Nafarroako garapen eta ongizaterako gakoa da. Bere zenbakiak baino askoz ere gehiago da, beste jarduera sektoreetan ekonomia jarduera sustatzen duelako. Gogoratu zuten enpresek jasotzen dituzten dirulaguntzak “langileen ekarpenetatik dator. Beraz, logikoa da, gizartera bueltatzea, industria proiektuak mantenduz bizi proiektuak garatzeko”.  Horregatik, Nafarroako Gobernuari “bermek dituen lege on bat” garatzeko eskatu zioten, haren bidez “bizi proiektu horiek sendotu ahal izateko”. Industria Nafarroan Barne Produktu Gordinaren %31 dela eta industria sektorean 88.000 pertsonek lan egiten dutela gaztigatu zuten. Aldi berean, nabarmendu zuten Nafarroan 136 multinazional daudela, “hau da, beraien erabaki gunea Nafarroatik kanpo dago”. Haietako batzuk deslokalizatu eta “ekoizpena kostu gutxiago” duten herrialdeetara eraman dutela gogorarazi zuten, “ondorioz, irabazi izugarriak izanik”. Horregatik, deslokalizazioaren kontrako araudia hobetzea eskatu zuten. Manifestazio deialdia egin zuten enpresen egoera larria nabarmendu zuten. Zazpi kasuetan “zuzeneko eta zeharkako enpleguari eragiten” diola egoerak azpimarratu zuten. Gaineratu zutenez, “langileak dira enpresek duten baliorik handiena”. Enpresei eta gobernuari konpromisoa eskatu zieten, enpresek ez ditzaten ateak euren kasa itxi eta langileak kalean utzi.
  • Bi pertsona zauritu ziren ostiral eguerdian. Motor batek eta kamioi batek talka egin zuten Altsasuko Ondarria industrialearen parean, NA-2410 errepideko 30,2 kilometroan, izan zen zirkulazio istripuan. Ezbeharraren ondorioz, motoan zihoazen 61 urteko gizona eta 23 urteko emakumea kolpe ugari jasan zituzten eta Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zituzten. Istripuaren tokira, Altsasuko osasun etxeko medikua eta erizaina, Altsasuko suhiltzaileek, Oinarrizko Bizi Euskarriko anbulantzia eta foruzainak joan ziren. Azken horiek ikertu zuten ezbeharra. 

Kirolak,

  • Areto futbola, Anaitasunak Xotaren gotorleku izaten jarraitzen duela argi geratu zen, atzera ere, lehen mailako ligako hamazazpigarren jardunaldian. Osasuna Magna Xotak Industrias Santa Coloma taldea hartu zuen otsailaren 14an eta Miguel Hernandezen mutilek gol festa ederra ospatu zuten, 6-1 hartu baitzuten mendean arerio zuzena den talde kataluniarra. Hala ere, bukaera aldean Xotak partida hautsi arte, bi taldeen arteko parekotasuna izan zen nagusi. Hasieran indartsu hasi zen Industrias Santa Coloma, baina Asier Llamas atezainak eta Osasuna Magna Xotaren defentsak ongi eutsi zuten. Andres Geraghtyk zabaldu zuen golen kutxa, 12. minutuan. Gol horrek konfiantza handia eman zion talde irurtzundarrari. Atsedenaldia eta gero talde kataluniarra hasi zen arriskua sortzen, baina punteriak huts egin zien eta Asier Llamas ikusgarri aritu zen. Santa Coloma baloiak galtzen hasi zen, Xotaren mesederako. Pachuk bi gol jarraian sartu zituen, eta 3-0 aurreratuta, Xotak partida hautsi zuen. Dani Saldisek laugarrena sartu zuen, Juninhok bosgarrena, eta Tonik seigarrena. Anaitasuna festa handia zen. Santa Colomak ohorezko gola sartu zuen eta 6-1 irabazita hiru puntu oso garrantzitsu lortu zituen Xotak, Play-off postuetan jarraitzea ahalbideratzen diotenak. Miguel Hernandez entrenatzailea oso kontentu zegoen. “Partida markagailuak erakusten duena baino askoz ere paretsuagoa izan da, partida bukaeran hautsi baita. Hiru puntu hauek taldearen konfiantzarako eta etxean galdu gabe jarraitzeko oso onak dira. Eta baita Play-off postuei begira golaveragearendako”.
    Movistar Inter da liderra (41 puntu) eta Osasuna Magna Xota zazpigarren postura igo da (26 puntu), eta ligako titulua jokatzeko Play-off postuetan dago. Bihar, otsailaren 18an, hemezortzigarren jardunaldia dago jokoan eta talde irurtzundarrak sailkapenean hamahirugarren dean Cordoba Patrimonio Humanidad taldearen kontra jokatuko du Cordoban, 21:30ean. Ea garaipenaren bidean segitzen duen talde irurtzundarrak. 
  • Pilota, Binakako Txapelketako hamalau jardunaldietako hasierako ligaxka despeditu da. Soilik bi gauza geratzen ziren erabakitzeko: play-offetako laugarren postua nork lortuko zuen, Elordi-Zabaletak edo Jaka-Imazek, eta play-offetako seigarren postuan nor sartuko zen, Altuna-Bikuña edo Peña-Albisu. Otsailaren 14an Sestaoko Las Llanasen jokatutako partida estu-estuan Elordi-Zabaletak lortu zuten play-offetako laugarren postua, Jakari eta Imaz ordezkatu zuen Eskirozi 21-22 irabazi eta gero. Garaipenarekin despeditu zuten Elordik eta Zabaletak eta positiboa da play-offei begira, baina akats ugari egin zituzten, zuzendu beharrekoak. Bestalde, Peña eta Albisu Altunaren eta Bikuñaren gainetik pasa ziren eta 4 tantotan utzi zituzten, play-offetarako seigarren eta azken posturako sailkatuz. Gainontzeko partidei dagokienez, Peio Etxeberriak eta Martijak garaipenarekin esan diote agur Binakakoari, 22-17 irabazi baitzieten Laso ordezkatu zuen Senarri eta Iztuetari, eta Artola ordezkatu zuen Urrutikoetxeak eta Mariezkurrenak 22-11 hartu zituzten mendean Joseba Ezkurdiaren ordez aritu zen Salaberriari eta Rezustari. Horrela geratu da Binakako ligaxkako sailkapena: Ezkurdia-Rezusta izan dira liderrak (10 puntu), Laso-Iztuetaren eta Artola-Mariezkurrenaren aurretik, biak bederatzina punturekin. Elordi-Zabaletak 8 puntu bildu diztute, eta Jaka-Imazek eta Peña II.a-Albisuk seina puntu. Play-offetatik eta Binakakotik kanpo Aspeko bi bikote geratu dira: Altuna-Aranguren (5 puntu) eta P. Etxeberria-Martija (3 puntu).
    Play-offak, ate joka. Ezkurdia-Rezusta eta Laso-Iztueta zuzenean sailkatu dira finalerdietarako, eta beste bi bikoteak asteburuan jokatuko diren play-offetatik aterako dira. Otsailaren 20an, ostirala, hirugarrenen eta laugarrenen arteko lehia hartuko du Tolosako Beotibarrek: Artola-Mariezkurrena eta Elordi-Zabaleta. Irabazlea zuzenean finalerdietarako sailkatuko da, eta galtzaileak beste aukera bat izango du, otsailaren 21ean Amorebietan jokatuko duten Jaka-Imazen eta Peña-Albisuren irabazlearen kontra jokatuko baitu finalerdietako beste postua, otsailaren 23an, Eibarko Astelenan. 

 

 

 

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!