Otsailak 18

Guaixe Irratia 2025ko ots. 18a, 10:38

Albisteak,

  • Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen (UEMA) Egin nirekin ere euskaraz! kanpainaren protagonistak dozena bat pertsona dira. Haien artean daude Maurizio Faedda arbizuarra eta Marcos Rocha etxarriarra. Kanpainako gainontzeko protagonisten modura, atzerrian jaio dira (Sardinia eta Brasil), baina euskaldunak dira. Beste herrialdeetatik Euskal Herrira etorri, euskara ikasi, eta jendaurrean aritzen diren tabernari, zerbitzari eta dendariekin erdaraz hasten diren euskaldunen aurreiritziak gainditzea du helburu UEMAk. Kanpainaren abiapuntuan dago UEMAko herrietako eskarmentua. “Lanketa handia egin arren aurreiritziek indar handia dute oraindik, eta beste herrialdeetatik etorritakoei askotan erdaraz egiten diete herritarrek, haiek euskaraz jakin arren. Horren aurrean, euskarak kolore asko dituela, eta azalaren kolorea edo bizilagunen jatorria askotarikoa izan arren herritar horiek ere euskaldunak direla nabarmendu nahi dugu”. 
  • Nafarroako Txistorra, Reyno Gourmet-en zigiluak babestutako kalitate bereiziko marketako bat, Europar Batasuneko erregistroan Adierazpen Geografiko Babestu (AGB) berri gisa inskribatu dute. INTIA sozietate publikoa, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuari atxikia, enpresa egileen elkartearekin eta harategien gremioarekin batera eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak egindako azterlanen ekarpenarekin, duela bost urte hasi ziren Nafarroako Txistorra AGBren inskripzio ofiziala lortzeko izapideak eta prozesua. EBko erregistroan sartzeak, orain, kalitate handiko eta tradizio historikoko produktu baten eragile sektorialek egindako lanaren eta irmotasunaren aitorpena ekarri du. Produktu horren ekoizpena Nafarroako Foru Komunitatera mugatuta dago. Nafarroako Txistorra AGBak hamahiru enpresa ditu atxikita gaur egun eta haien artean dago Arbizuko Embutidos Arbizu.
  • Iturmendiko Udalak herriarenak diren larreak zuzenean adjudikatzeko espedientea onartu du. Ondorioz, udalak hamabost eguneko epea ireki du. Denbora tarte horretan eskubidea dutela uste dutenek eska dezakete herri larre baten aprobetxamendua. Iturmendiko Udalak jakinarazi duenez, espedientea Udal Idazkaritzan dago interesdunen eskura, eskubidea dutela uste dutenek azter dezaten eta behar diren eskabideak aurkez ditzaten, betiere epearen barrenean.

Kirolak, 

  • Txirrindularitzan, Igor Arrieta uharte arakildarrak (UAE Emirates) otsailaren 15ean hasi zuen aurtengo denboraldia, Murtziako Itzulian. Proba horretan ere Iker Mintegi altsasuarrak (Euskaltel Euskadi) parte hartu zuen Jumilla eta Murcia artean jokatutako 199,6 kilometroko proba esprintean erabaki zen, eta Fabio Christen (Q36.5 Pro Cycling) gailendu zen. Igor Arrieta Top 15ean sailkatu zen, hamabosgarren, 33 segundora. Iker Mintegik ezin izan zuen proba bukatu. Atzo, otsailaren 17an, Jaengo Klasikoa jokatu zen eta bertan lehiatu ziren Igor Arrieta eta Iker Mintegi. 169 kilometroko proba gogorrak Ubeda izan zuen irteera eta helmuga, eta tartean 33 km-ko sterratoa gainditu behar izan zuten. Michal Kwiatkowskik (Ineos Grenadiers) sekulako erakustaldia eman zuen eta merezimendu osoz gailendu zen (4:00:25), Isaac del Torori (UAE Emirates) 31 segundo aterata. Igor Arrieta hamalaugarren sartu zen, 2:32ra, eta Iker Mintegi 66., 14:43ra. Otsailaren 19tik 23ra Andaluziako Itzulian lehiatuko dira Igor Arrieta eta Iker Mintegi. Igor Arrieta Del Toro, Macnulty eta Solarrekin batera arituko da. Iker Mintegi Jorge Azanza eta Pablo Urtasun zuzendari dituela lehiatuko da, eta talde laranjaren helburua argia da: Iker Mintegi eta Victor de la Parte sailkapen orokorrean ahalik eta hobekien kokatzea, esprinteko hirugarren eta laugarren etapetan Dekker aurrean egotea, eta etapa nahasietan Gotzon Martin eta Jordi Lopez Top10ean sartzeagatik borrokatzea. 
  • Txirrindularitzan, Denboraldia eta kategoria mustu berri, Iker Gomez Lopez de Goikoetxeak (Finisher) jada bere lehen garaipena lortu du. Ciudad Realen jokatutako afizionatuen mailako Manuel Sanroma Memorialeko lehen etapak, otsailaren 15ean jokatutakoak, bi sektore zituen. Lehen sektorea Virgen de los Santos Ermitako etapa izan zen, 80 kilometrokoa. Hasieratik eraso ugari izan ziren lasterketan, baina helmugarako 30 kilometroren faltan hamaika txirrindularik aurrera egin zuten eta euren artean erabaki zen etapa. Tartean sartu zen aurten afizionatuen mailan debutatu duen Iker Gomezek. Etapako azken 500 metrotan indartsuena izan zen altsasuarra, eta afizionatuetan bere lehen etapa garaipena lortu zuen (1:47:38), aldi berean Finisher bere taldearen denboraldiko lehen garaipena izan dena. “Igoeran erasoa jotzeko puntu erabakigarriena zein zen bagenekien, hala egin dugu eta ongi atera da. Taldea oso ongi aritu da, beti aurrean, adi, eta mozketa guztietan presente. Taldearen lan onari esker horietako batean sartu ahal izan naiz, eta garaipena lortu” azaldu zuen Iker Gomezek, eta memorialen lider jarri zen. Lehen etapako bigarren sektorea 7 km-ko erlojupekoa izan zen. Hor lidergoa galdu zuen altsasuarrak, 35. sailkatu baitzen, Sergio Geerlings (Rural Kutxa-Alea) irabazletik 45 segundora. Talde gehienek “cabra” delako erlojupeko bizikletak erabili izan zituzten, Finisher taldekoek izan ezik. Otsailaren 16an, bigarren etapa jokatu zen, Almagron hasi eta despeditu zen 163 kilometroko proba. Jordi Artigues (Equipo Cortizo) izan zen azkarrena, eta Iker Gomez 28. sailkatu zen, 47 segundora. Beraz, sailkapen orokorra kontuan hartuta Daniil Kazakov (PC Baix Ebre) izan da txapelduna (5:43:40) eta Iker Gomez zazpigarren sailkatu da, 59 segundora. Denboraldia hasteko, bikain. 
  • Futbolean, Elomendiko Futbol Txapelketako hamazazpigarren jardunaldian Arakilgo Zalduak 3-5 hartu zuen mendean Basati taldea, partida borrokatuan. Azken jardunaldietan galdu eta gero, gol festa ederra ospatu zuten arakildarrek. Bar Olmok jarraitzen du lider (43 puntu), atzetik segika Salinas duela (42 puntu). Zaldua seigarren da (30 puntu). Asteburuan Zalduak sailkapenean hamaikgarren den Izalsa taldea hartuko du Larrabiden. 
  • Futbolean, Emakumezkoen preferente mailako hamazazpigarren jardunaldian Altsasu liderrak Valle de Egües taldea hartu zuen Dantzalakun. Bi taldeak nor baino nor lehiatu ziren, baina atsedenaldira gol bateko errentarekin joan zen Altsasu, 23. minutuan Nerea Arellanok sartutakoa. Bigarren zatian bide beretik jo zuen partidak. Alicia Elizaldek Altsasuren bigarrena sartu zuen, baina berehala 2-1 hurbildu zen Valle de Egües. Altsasuk garaipena ziurtatu nahi zuen, eta lasaitasuna hartu zuen 78. minutuan Sonia Alonsoren hirugarren gola iritsi zenean. 3-1 irabazita, preferente mailako lidergoa sendotu du Altsasuk (41 puntu), partida bat gutxiagorekin, Santa Agedan atzeratutakoa, hain zuzen. Bigarrena Gazte Berriak da (36 puntu). Hemezortzigarren jardunaldian atseden hartzea dagokio Altsasuri. Futbolean, Asteburuan erregional mailako hogeigarren jardunaldia jokatu zen. Altsasuk Lekunberriko Beti Kozkor B taldea hartu zuen Dantzalekun. Liderrak hasieratik erakutsi zuen bere nagusitasuna, 4. minuturako Gorka Martinezek Altsasu aurreratu baitzuen. Beranduago Unai Calvo izan zen Lekunberrikoen atea zulatu zuena, eta lehen zatiko luzapenean Altsasuren hirugarren gola sartu zuen Mikel Rodriguezek, partida ia erabakita utziz. Bigarren zatian bide beretik jarraitu zuen partidak, eta bukaera aldera, 82. minutuan, Eneko Verak laugarren eta azken gola sartu zuen. 4-0 irabazita, 3 puntuak Altsasun geratu ziren. 
  • Etxarri Aranatzek Barañaingo Lagunak B taldea hartu zuen San Donato zelaian. Bi taldeak fin ibili ziren, eta lehia borrokatua izan zuten. 23. minutuan iritsi zen Mattin Altzelaik sartutako gola, etxarriarrek gustura ospatu zutena. Etxarri garaipena sendotzen saiatu zen, Lagunak partidari buelta ematen, baina markagailuan ez zen mugimendu gehiago egon eta 1-0 irabazita, 3 puntuak Etxarrin geratu ziren. Tamalez, Lagun Arteak ez zuen Elizondotik saririk ekarri. Baztan B taldea izan zuten aurkari lakuntzarrek, eta nahiz eta partida alde jarri, Mikel Agirrek Lagun Artea aurreratu baitzuen, bigarren zatian Baztanek buelta eman zion partidari. 50. minutuan bana berdintzea lortu zuten baztandarrek, eta ia berehala 2-1 aurreratzea. 73. minutuan Baztangoen hirugarren gola iritsi zen. Lagun Arteak, hala ere, ez zuen etsi eta 78. minutuan Gorka Egurzaren golak Lagun Artea partidan sartu zuen, 3-2 hurbildu baitziren lakuntzarrak. Bukaerara arte borrokatu zuten, baina ezinezkoa izan zen, eta 3-2 galduta itzuli ziren Baztandik.

    Altsasuk galtzea zen den jakin gabe jarraitzen du, lider sendoa (58 puntu), 7 puntura San Jorge duela (51 puntu). Etxarri Aranatz hirugarren da (48 puntu), eta Lagun Artea zazpigarren (32 puntu). Erregional mailako 21. jardunaldiak derbi sakandarra dakar. Otsailaren 22an, larunbata, 16:00etan Lagun Arteak Altsasu liderra hartuko du. Etxarri Aranatzek egun eta ordu berean sailkapenean bosgarren den Rotxapea B taldearen kontra jokatuko du, El Iratin. 

     

 

 

 

 

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!