Albisteak,
- Irurtzungo Udalak aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren bidez hutsik zegoen lanpostu bat betetzeko merezimendu lehiaketa deitu zuen, zehazki, udal Garbiketa Zerbitzuan. Prozesua despedituta, Irurtzungo Udalak erabaki du Isabel Blanco Alvarez lan kontratudun finko gisa kontratatzea. Bere egitekoa izanen da instalazio eta eraikin publikoak edota udal eraikinak garbitzea.
- Urdiaingo udaletxeko erabilera anitzeko gelak digitalizazioarekin lotutako bi ikastaro hartuko ditu hurrengo astetan. Aurrena, adinekoei zuzenduta dago eta Indartu digitalizazioari buruz dituzun ezagutzak izenburua du. Heldu den astean izanen da, otsailaren 24tik 28ra, astelehenetik ostiralera, 09:30etik 11:30etara izanen da, guztira hamar ordu. Izena eman nahi duenak 948 012 012 telefono zenbakira hots egin edo acercanavarra.es webgunea erabil dezake. Atzeneko ikastaroa herritar guztiei zuzenduta dago eta Kudeaketa elektronikoak: online erosketak eta banka digitala izena du. Martxoaren 3tik 7ra, astelehenetik ostiralera izanen da, 09:30etik 11:30era, herriaren etxeko erabilera anitzeko gelan. Hamar orduko iraupena du. Izena emateko 948 012 012 telefono zenbakira hots egin edo aventuradigital.navarra.es webgunearen bidez egin.
- Ziordiko Udalak herriko hirigintza planeko eraikitze ordenantzaren zazpi artikulu aldatzea onartu du. Aldaketa horiek lau arlori eragiten die. Alde batetik, ostalaritzako establezimenduetan sexu bakoitzeko bi komun independente egoteko betebeharra kendu da, lokal txikien kasuan araudiak proiektu osoa arriskuan jartzen baitu. Hala ere, irisgarritasun-baldintzak errespetatu beharko dira. Bestetik, teilatuen ingurukoa araudia zehaztu da. Teilatu gainean argizuloak, tximiniak, antenak, eguzki energiako panel kaptatzaileak (katalogatutako eraikuntzetan izan ezik) eta igogailu kutxak baino ez dira onartuko. Eguzki plakek teilatuaren %30 hartu dezakete gehienez. Aldi berean, hirigune historiko tradizionala sektorearen barruan itxitura metalikoak egiteko aukera izanen da, beti ere, Ziordiko arkitekturarekin bat etorriz. Udalak lurzoru libre pribatuko eraikuntzetarako ezarritako araudia egokitu du han zer jarri edo eraiki daitekeen zehazteko.
Kirolak,
- Areto Futbolean, Osasuna Magna Xotak lehen mailako ligako hemezortzigarren jardunaldia jokatu zuen bart Cordoba Patrimonio Humanidad taldearen kontra, Andaluzian. Talde irurtzundarra bikain aritu zen eta hirugarren garaipena lortu zuen jarraian, sailkapeneko seigarren postura igotzea ahalbideratu diona. Cordoba eta Xotaren arteko partida oso borrokatua izan zen. Erasoan ederki aritu ziren nafarrak, eta Asier Llamas atezain irurtzundarraren lana goraipatzekoa da: atezainak geldialdi ikusgarriak egin zituen, eta Cordobako inork ezin izan zuen bere atea gainditu. Baloi bat lapurtuta iritsi zen Xotaren lehen gola, 6. minituan, Juninhok sartutakoa. Cordobak erasoan jarraitu zuen, baina Llamasek bikain zaindu zuen atea. Bigarren zatian Osasuna Magna Xotak ongi defendatu zuen. Trantsizio jokaldi baten ostean iritsi sen Geraghtyk sartu zuen gola, eta 0-2 aurreratuta, Xotak airea hartu zuen. Cordoak atezain-jokalari formularen alde egin zuen azken minutuetan, baina ez zitzaion ongi atera, Ion Cerviño irurtzundarrak Xotaren hirugarren eta azken gola sartu zuelako. 0-3 irabazita, ospakizun ederra izan zuten irurtzundarrek, jarraian lortutako hiru garaipenengatik lehen mailako sailkapenean gora egin dutelako: seigarrenak dira, play-off postuetan.
Lehen mailako hemezortzigarren jardunaldia despeditzeko bi partiden faltan, momentuz Movistar Inter da liderra (41 puntu) eta Osasuna Magna Xota seigarren postura igo da (29 puntu), titulua erabakitzeko play-off postuetan. Otsailaren 21ean, ostirala, Osasuna Magna Xotak Quesos Hidalgo Manzanares taldea hartuko du Anaitasunan, 20:00etan. Ea Anaitasunak gotorleku jarraitzen duen eta Xotak laugarren garaipena jarraian lortzen duen.
- Areto Futbolean, Asteburuan hirugarren mailako kopako multzoen faseko seigarren eta azken jardunaldia jokatu zen. Kirol Sport liderra zuen aurkari Aralar Mendik, Orkoienen, eta kopako hurrengo fasera sailkatu ahal izateko garaipena lortzea ezinbestekoa zuen Uharte Arakilgo taldeak. Lortzear egon zen, 12. minuturako 0-4 aurreratu baitzen Aralar Mendi, Jon Iribarrenek (2), Eneko Cruzek eta Aimar Igoak sartutako golei esker. 2-4 hurbildu zen Kirol Sport, baina Eneko Cruzek Aralar Mendiren bosgarren gola sartu zuen, eta lasai zegoen talde berdea. Partida bukaerak, ordea, guztia aldatu zuen. Ia konturatu gabe, 4 minutuan bosna berdindu zuen Kirol Sportek. 38. minutuan Jon Iribarrenek 5-6 aurreratu zuen Aralar Mendi, baina minutu bat beranduago seinako berdinketa lortu zuen Kirol Sportek eta horrela bukatu zen partida, uhartearren zoritxarrerako. Sailkapenean Kirol Sport izan da lehena (13 puntu), Aralar Mendi bigarren (10 puntu), Betelu hirugarren (9 puntu) eta Universidad de Navarra azkena (3 puntu). Beraz, Aralar Mendirendako kopako abentura bukatu da, alde oso gutxiagatik bada ere, soilik lehenak, Kirol Sportek, egin duelako aurrera kopan, gainontzeko multzoetako lehenekin batera: Garbayo Chivite Cintruenigo, Gazte Berriak Antsoain eta Zubiriko Ibararte. Finalerdien txanda dute orain.
- Areto Futbolean, Areto futboleko lehen maila autonomikoan hemezortzigarren jardunaldia jokatu zen. Arbizu Kirol Taldeak Erriberrin jokatu zuen, Oliteren kontra. Aurreko jardunaldian estropezu egin eta galtzetik zetorren Arbizu, eta liderrak berehala lotuta utzi nahi izan zuen partida. Hasieratik erasora atera zen, eta golak bata bestearen atzetik iritsi ziren, azkenean 0-8 gailendu arte. Julen Luis (2), Yosu Reparaz (3), Urtzi Nazabal (2) eta Mattin Petriati izan ziren golegileak. Altsasuk, bestalde, Berriozarren jokatu zuen, Mendialdea taldearen kontra. Bi taldeen arteko partida oso borrokatua izan zen. Mendialdea aurreratu zen, eta Aritz Sevillaren golari esker bana berdindu zuen Altsasuk. Bi taldeen arteko lehiak bizi-bizi jarraitu zuen, 36. minutuan Jonathan Medinak Altsasu 1-2 aurreratu arte. Tamalez, partida bukatzear zela binakako berdinketa lortu zuen Mendialdeak eta 2-2, puntu banaketarekin despeditu zen lehia. Arbizuk jarraitzen du lehen maila autonomikoko lider (43 puntu). Altsasu da bigarrena (41 puntu). Hemeretzigarren jardunaldian, Arbizuk Cantera taldea hartuko du otsailaren 21ean, ostirala, 19:30ean Arbizun. Altsasuri atseden jardunaldia dagokio.
- Areto Futbolean, Emakumezkoen lehen senior mailan, igoera faseko laugarren jardunaldia jokatu zen. Erriberan jokatu zuen Xotak, Murchante taldearen kontra. Lehen zatian nor baino nor aritu zen bi taldeak, baina baloiak ez zuen kontrako atean sartu nahi izan, eta guztia partida amaieran erabaki zen. 37. minutuan Xotak golen kutxa zabaldu zuen, Nahia Moranek Xota aurreratu baitzuen. Gutxi iraun zuen pozak, 38. minutuan berdintzea eta 40. minutuan 2-1 aurreratzea lortu baitzuen Murchantek. Xotak ez zuen etsi eta azken unean binakako berdinketaren gola sartu zuen Naia Lizarragak. Sailkapenean Lacturale Orvina A taldeak jarraitzen du lider (12 puntu) eta Xota zazpigarren da (puntu 1). Asteburuan ez dago jardunaldirik. Bosgarren jardunaldian Xotak Azkoien taldea hartuko du martxoaren 2an, Irurtzunen.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!