Otsailak 20

Guaixe Irratia 2025ko ots. 20a, 10:40

Albisteak,

  • Urdiaingo udaletxeko erabilera anitzeko gelak digitalizazioarekin lotutako bi ikastaro hartuko ditu hurrengo astetan. Aurrena, adinekoei zuzenduta dago eta Indartu digitalizazioari buruz dituzun ezagutzak izenburua du. Heldu den astean eginen da, otsailaren 24tik 28ra, astelehenetik ostiralera, 09:30etik 11:30etara izanen da, guztira hamar ordu. Izena eman nahi duenak 948 012 012 telefono zenbakira hots egin edo acercanavarra.es webgunea erabil dezake. Atzeneko ikastaroa herritar guztiei zuzenduta dago eta Kudeaketa elektronikoak: online erosketak eta banka digitala izena du. Martxoaren 3tik 7ra, astelehenetik ostiralera izanen da, 09:30etik 11:30era, herriaren etxeko erabilera anitzeko gelan. Hamar orduko iraupena du. Izena emateko 948 012 012 telefono zenbakira hots egin edo aventuradigital.navarra.es webgunearen bidez egin. 
  • Altsasuko Udalak Construcciones Mariezcurrena enpresari eman dio  ur biltegitik herri gunera arteko ur hodia berritzeko lanak. Guztira 998 metrotan berrituko da ur hornidurako hoditeria. Obra egitearen truke enpresak 789.782,45 euro (BEZ barne) jasoko ditu. Enpresak lanak despeditzeko sei hilabete izanen ditu. Hala ere, obrak, beranduenez, 2025eko lastailaren 31n amaitu beharko dira. 
  • Inauteriak direla eta, Olatzagutiko ihote batzordeak estreinakoz torrija edo ogi torrada txapelketa antolatu du. Parte hartu nahi duenak, lehenik ohiko tabernetan eman behar du izena. Torradak egin ondoren, frontoian aurkeztu beharko ditu martxoaren 1eko 13:00etan. Gutxienez 15 ogi torrada eraman beharko dira. Sariei dagokionez, aurrenekoa gazta oso bat da. Eta bigarrena eta hirugarrena gazta erdi bana. Bestalde, Ihote Batzordeak jakinarazi du herri bazkaria izanen dela martxoaren 1ean, larunbatarekin. Honakoa izanen da menua: babarrunak sakramentuekin, mamia edo izozkia eta kafea eta kopa. Helduek 20 euro ordaindu beharko dituzte, haurrek (12 urtera arte) 15. Txartelak dagoeneko salgai daude Ogi berri, Clinker, Barandi, Aixeleku eta Eguzkilore tabernetan, otsailaren 26ra arte. Azkenik, aurreko urteetan bezala, Olatzagutiko ihote batzordeak olaztiarrak etxeetako balkoiak ihoteen inguruko gaiekin apaintzeko gonbidapena egin du. Batzordetik originalak izateko deia egin diete olaztiarrei.

Kirolak,

  • Saskibaloian, Mutilen bigarren maila autonomikoan hamazazpigarren jardunaldia jokatu berri da. CBASK Narum Fisioterapia taldeak Universidad de Navarraren kontra jokatu zuen, OPUS-eko unibertsitateko instalazioetan. Partida parez pare hasi zuten bi taldeek, baina talde altsasuarra berehala aldea ateratzen hasi zen eta bukaeraraino aurretik joan zen markagailuan. Aimar Azpirozek 15 puntu egin zituen. Sailkapen orokorrean Castillo de Gorraiz Valle de Egüesek berreskuratu du lidergoa (29 puntu), puntu berberekin Noain eta Nasabi San Ignacio segika dituela. CBASK Narum Fisioterapia seigarren da (26 puntu). Hemezortzigarren jardunaldian talde altsasuarrak sailkapenean hamargarren den Larrona Claret taldea hartuko du otsailaren 26an, asteazkenarekin, 20:00etan Zelandi kiroldegian. Nesken lehen senior mailako CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak 1-8 postuen sailkapen faseko bigarren jardunaldia jokatu zuen. Lehen jardunaldian galdu eta gero, bigarrenean gailentzea lortu zuten, Lizarran jokatutako partidan Ega Perfil Oncineda taldeari 35-44 irabazita.  Partida hasieratik aldea hartu zuten altsasuarrek –18 tantoko aldea izatera iritsi ziren–, eta garaipena ongi kudeatu zuten. Sailkapenean Larraona Claretek segitzen du buruan (16 puntu) eta CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak seigarren postuan jarraitzen du (11 puntu). Bigarren faseko hirugarren jardunaldian talde altsasuarrak sailkapenean hirugarren den San Ignacio hartuko du Altsasun, otsailaren 21ean, larunbata, 20:00etan, Zelandi kiroldegian. 

 



 

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!