Albisteak,
- Altsasuko Udalak jakinarazi duenez, Zubeztia plazan ibilgailuek ezin izanen dute aparkatu asteartetik aurrera. Udalak azaldu duenez, inauteriak direla eta plazan haurrendako atrakzioak jarriko dituzte.
- Sakanako Mankomunitateak 2025erako lan eskaintza publikoa onartu du. Horren arabera gaur egun aldi baterako langileek betetzen dituzten lanpostuak langile finkoekin bete nahi ditu ibarreko erakundeak. Ur Zerbitzuan ofizial lanpostua da. Horretaz aparte, garbitzaile lanposturako deialdia ere eginen du Mank-ek. Bestetik, bere garaian langileei eskatu zitzaien maila eskaera aurrera eramateko eta eguneratzeko bi lanposturen kasuan lehiaketa mugatuak eginen ditu. Gaur egun Anitzartean Zerbitzuko teknikariak, gizarte hezitzaileak, C maila du eta lehiaketa mugatua deituko da B maila lortzeko. Gauza bera eginen da Ur Zerbitzuko administrazioko laguntzaile ardura duen langilearen kasuan, ofiziala izan beharko lukeela onartua baitzaio.
- Basoetako Suteen arriskuaren aurreko Udal Jarduera Plana egina eta homologatua du Arakilek. Horren arabera ibarrean baso suteak izateko arriskua udan dago. Arakilen plana indarrean jartzeko bilera izan zen otsailaren 20an, ostegunean. Arakilgo Udaleko eta kontzejuetako ordezkariak Babes Zibileko teknikariekin bilera egin zuten.
- Sakanako Autobian (A-10), Urdiaingo irteeraren ondoan, autoak ezbeharra izan zuen igandean 08:15ean. Altsasuko noranzkoan zihoan autoa bidetik irten eta ondoren bost itzulipurdi eman zituen. Autoa kontrako norabidera begira eta iraulita gelditu zen. Gidaria, 36 urteko gizonezkoa, arin zauritu zen. Gizonezkoa ospitalera eraman zuten. Foruzaingoak jakinarazi duenez, gidariari egindako drogen kontrako testean alkoholemia maila penala eta speedaren zantzu positiboa atzeman zuten. Gizonezkoari aste honetan epaitegira joateko hitzordua jarri diote.
- Olatzagutiko herri ihotean zamar handiak ardi narrua izaten dute soinean. Narrurik ez izan eta ihotean parte hartu nahi dutenei laguntzeko, udalak bereak banatuko ditu. Banaketa udaletxean eginen da gaurtik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara. Parte hartzea handiagoa izateko, larru bakarra banatuko da pertsona eta familia bakoitzeko, eta, beti ere, lehentasuna emango zaie 13 urtetik gorakoei eta helduei. Udalaren narrua hartzen duenak 20 euroko fidantza jarri beharko du.
Kirolak,
- Txirrindularitzan, Andaluziako Itzulia zapore gazi-gozoarekin despeditu da Iker Mintegirendako. Euskaltel Euskadiko txirrindulari altsasuarra azken etapako ihesaldi onean sartu zen, baina helmugatik 6 kilometroren faltan erorikoa izan zuen. Zorionez, ez zuen min larririk izan, baina etapa garaipenaren borrokatik kanpo geratu zen. Jon Barrenetxeak (Movistar) irabazitako etapan 61. sailkatu zen altsasuarra, 4:45era. Igor Arrieta uharte arakildarra (UAE Emirates) 57. sartu zen, 1:52ra. Sailkapen orokorrari dagokionez, Arrietaren taldekide Pavel Sivakov-ek lortu du Andaluziako Itzulian gailentzea, Thomas Pidcock bretainiarrari 23 segundo aterata. Igor Arrieta Top20an sailkatu da, hemeretzigarren, 9:45era, eta Iker Mintegi 27. postuan, 21:06ra. Andaluziako Itzuli bikaina egin dute bi sakandarrek. Euskaltel Euskadi taldea pozik dago talde laranjak Andaluziako Itzulian emandako mailarengatik, baina gehiago merezi dutela uste du: “Egunez egun irudi hobeagoa eman du taldeak Andaluziako Itzulian eta azkeneko etapan Iker Mintegi ihesaldian bikain aritu da. Talde honek gehiago merezi du” azaldu du talde laranjak Sare Sozialetan. Igor Arrieta ere pozik dago denboraldi hasierarekin. “Denboraldi hasiera ona Andaluzian” idatzi du Sare Sozialetan. Egun berean Tadej Pogacar bere taldekideak UAE Tourra irabazi zuen hirugarrenez, eta bere taldekide Joao Almeida bigarren sailkatu zen Volta ao Algarven, Jonas Vingegaard (Visma) txapeldunetik 15 segundora. UAE Emirates-ek talde onena jarraitzen du izaten. Ailetz Lasa ziordiarrak (Tavira) profesional mailan bere lehen proba garrantzitsua jokatu zuen, Volta ao Algarve. Ziordiarra txukun hasi zen eta lehen hiru etapak jokatu zituen, baina gero lasterketa utzi zuen. Jonas Vingegaard-ek (Visma) irabazi du, Joao Almeidari (UAE Emirates) 15 segundo aterata.
- Areto Futbolean, Osasuna Magna Xotak Quesos Hidalgo Manzanares hartu zuen ostiralean Anaitasunan. Hiru jardunaldi jarraian irabazi ondoren eta etxean jokatuta, konfiantza handiz atera zen talde irurtzundarra kantxara. Jokaldi ederrak sortu zituen, baina ez zituen behar bezala aprobetxatu, eta gehiegi barkatzeagatik oso garesti ordaindu zuen, hiru puntuak Ciudad Realera joan zirelako. Manzanares izan zen markagailuan aurreratu zena. Osasuna Magna Xotak denetariko aukerak sortu zituen, baina zurtoina, atezaina eta punteria falta zela... baloia ez zen sartzen, Juninhok banakako berdinketa lortu arte. Bigarren zatian partida orekatu egin zen. Manzanaresek defentsan hobetu zuen, eta ongi eutsi zion Irurtzungo taldeari. Bi taldeek aukerak sortu zituen, baina berriro esango dugu, Xotak gehiegi barkatu zuen. Azkeneko minutuetan Manzanaresek gola sartu zuen eta 1-2 aurreratu zen. Atezain-jokalariarekin jokatu zuen Xotak, baina nahiz eta berdintzeko aukerak sortu, baloiak ez zuen sartu nahi izan, eta talde irurtzundarrak denboraldian lehenengoz galdu egin zuen. Miguel Hernandez entrenatzailea penaz zegoen. “Ez dugu galtzeko moduko partida egin, baina gaur ez dugu asmatu, lehen zatian batez ere”. Lehen mailako lider Movistar Interrek jarraitzen du (44 puntu). Osasuna Magna Xota zazpigarren postuan dago (29 puntu). Bihar, otsailaren 25ean, asteartea, Galizian jokatuko du talde irurtzundarrak, Noia Portus Apostoli taldearen kontra, 20:30ean.
- Pilotan, Elordi eta Zabaleta Binakako txapelketatik kanpo geratu dira. Play-offetako lehen partidan Artolaren eta Mariezkurraren kontra galdu zuten, baina okerrena izan zen eskuko arazoak izan zituztela eta play-offetako bigarren aukerarik gabe geratu zirela. Zabalak eta Eskuzak ederki ordezkatu zituzten atzo Astelenan. Peña II.aren eta Albisuren kontra partida oso gogorra jokatu zuten, baina azkenean erori egin ziren eta 22-18 galdu zuten. Hortaz, Elordi eta Zabaleta Binakako txapelketatik kanpo geratu dira, modu ezin tristeagoan. Ezkurdia-Rezustak, Laso-Iztuetak, Artola-Mariezkurrenak eta Peña-Albisuk jokatuko dituzte Binakako finalerdiak. Aspeko bikote bakarra, Ezkurdia-Rezusta, Baikoko hiru bikoteren kontra.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!