Albisteak,
- Olatzagutiko Udalak udako opor garaian haurrei zuzendutako aisialdia eskaintza da Udan Euskaraz. Hartan parte har dezakete Haur Hezkuntzako bigarren zikloko 2. mailatik (2020. urtean jaiotakoak)
Lehen Hezkuntzako 6 mailara arte ikasten ari direnak, biak barne. Aurtengo Udan Euskaraz kanpaina garagarrilaren 23an hasi eta garilaren 18an despedituko da. Astegunetan, 10:00etatik 13:00etara, izanen da. Izena emateko 948 012 012 doako telefonora hots egin behar da astegunetan 08:00etatik 18:00etara. Izen emateak 35 euro balio du, baina bi anai-arreba edo gehiagok izena ematen badute, 58 euro ordaindu beharko da guztiengatik. Deialdiari buruzko informazioa olazti.eus webgunean dago. - Nafarroako erradioterapia aurreratuko taldea, terapia eta eraginkortasuna, Granate gaztelaniazko laburduran, proiektuan parte hartu du Altsasuko Aldakin enpresak. Proiektu estrategiko horrek erradioterapiaren eragina hobetzea, bigarren mailako ondorioak eta toxikotasuna murrizteko, eta tumore pazienteengan erantzun terapeutikoa areagotzea izan du helburu nagusia. Proiektua 2022an hasi zen eta orain aurkeztu dituzte ondorioak. Industria eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak finantzatu zuten 1,5 milioi eurorekin. Aldakinekin batera proiektuan parte hartu dute Nafarroako Unibertsitate Klinikak, Ikerketa Mediko Aplikaturako fundazioak (FIMA), Miguel Servet-Navarrabiomed fundazioak eta Nafarroako Unibertsitate Ospitaleak. Guztiek partzuergoa osatu dute proiektua garatzeko, eta Industria Departamentuak finantzatu du 1,5 milioirekin.
- Abiadura Handiko Treneko (AHT) Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Nafarroako korridoreak Gasteizen lotu behar direla esan zuen atzo Ramon Alzorriz Goñik, PSNren Nafarroako Parlamentuko bozeramaileak. Alzorrizek azpimarratu zuenez Ezkio-Itsasoko aukera ez da "bideragarria ez fisikoki, ez ingurugiro aldetik, ez ekonomikoki". Gaineratu zuenez, "errealistak izan behar dugu. Ezkio-Itsasokoa ezin liteke egin. Bide posible bakarra Gasteizkoa da. Ez dugu Nafarroako mendilerro bat zulatu nahi 20 kilometro alde batera eta beste 20 bestera. Akuiferoak suntsitzea eta ingurumenari eraso egitea da". PSNk halakorik ez duela onartuko gaztigatu zuen. Bozeramaile sozialistak gogorarazi zuen Ministerioa bi aukeren ingurugiro azterketak egiten ari dela, baina bere taldearen iritzia argia dela, Espainiako Gobernuak "bere lana" egin behar duen arren. EAEko sozialisten artean Arabakoak Gasteizko loturaren alde egiten dute, Gipuzkoakoak, berriz, Ezkio-Itxasokoaren alde. Geroa Baik Aralartik igarotzeak zer suposatuko lukeen kalteak argitzea eskatu du eta EH Bilduk aldiz, dagoena moldatzea, hobetzea eskatu du.
- Sakanako belenzaleen elkarteak jaiotzak egiteko ikastaroa antolatu du. Hastapen ikastaroa da eta 16 urtetik gorakoek eman dezake izena. Jaiotzak egiteko artean hasi nahi dutenek honako telefono zenbakietan eman dezakete izena: 696 920 512, 647 705 833 eta 606 227 612. Izena emateko epea martxoaren 7an despedituko da.
Kirolak,
- Futbola, Elomendiko Futbol Txapelketan hemezortzigarren jardunaldia jokatu zen. Arakilgo Zaldua taldeak Izalsa hartu zuen, eta partida bizian 4-2 gailendu ziren Arakilgoak, animoarendako primeran etorri zaien garaipena. Sailkapenean Bar Olmok segitzen du lider (46 puntu), puntu bakarrera Salinas duela. Zalduak seigarren postuan jarraitzen du (33 puntu). Asteburuan ez da jardunaldirik jokatuko, inauteriak direla eta.
- Futbola, Gizonezkoen erregional mailako 21. jardunaldiak derbi sakandarra zekarren. Lagun Arteak Altsasu liderra hartu zuen larunbatean Lakuntzako Zelai Berri futbol zelaian. Derbiak pizten duen arretari Altsasu lider sendoa dela gehitu behar zaio, eta ikusmina handia zen. Lehen zatia oso borrokatua izan zen; bi taldeek itxura oso ona erakutsi zuten, eta atsedenaldira husnako berdinketarekin joan ziren. 58. minutuan Gorka Egurzak Lagun Arteako harmailak altxarazi zituen sartutako gol ederrarekin. 1-0 aurreratu zen Lagun, eta ordura arte ligan galdu ez zuen Altsasuk nola erantzungo zuen zen zaleen zalantza. Partida are borrokatuagoa bilakatu zen, eta tentsioa zen nagusi Zelai Berrin. Jokaldi baten ondoren Adur Kanpo Lagun Arteako atezaina kexatzen hasi zen. Ogibidez fisioterapeuta da Kanpo, eta bera kexatzea ez zen batere seinale ona izan. Arbitroak Altsasuren aldeko penaltia agindu, eta bana berdindu zuen Javier Guisadok. Partidak bizi-bizi jarraitu zuen, eta jokaldi korapilotsuan, Jon Lopez de Goikoetxeak Altsasuren bigarren gola sartu zuen, eta Adur Kanpo atezaina lurrean geratu zen, minduta. Arbitroak lau txartel atera zizkion Lagun Arteari: txartel bikoitza Jon Arraizari, kexatzeagatik; txartel horia Asier Artasori, kexatzeagatik; eta Santiago Suarez Lagun Arteako entrenatzaileak txartel gorria ikusi zuen. Lagun Arteak galera handia jaso zuen: jokalari bat gutxiagorekin geratzeaz gain, Adur Kanpo atezaina lesionatu zenez, Jose David Ramos sartu zen bere ordez. Jokoak aurrera segitu zuen eta bi taldeek aukerak izan zituzten. Lagun Arteak ez zuen etsi, baina partida bukatzear zela, 89. minutuan Eneko Verak gola sartu zuen, eta 1-3 irabazita, oraindik ligan galdu gabe segitzen du Altsasuk. Etxarri Aranatzek, bere aldetik, jipoi gogorra jaso zuen Arrotxapean. Ioseba Bakaikoaren mutilak ez daude galtzera batere ohituta, baina larunbatean ezer gutxi egin ahal izan zuten Rotxapea B taldearen kontra. Iruñeko taldeak lehen gola sartu zuen 12. minuturako, eta bigarrena 10 minutu beranduago. Etxarri Aranazko jokalariak saiatu ziren, baina ezin. Bigarren zatian partidari buelta emateko asmoz atera ziren El Irati zelaira etxarriarrak, baina Rotxapeak ongi eutsi zien, eta eurak izan ziren beste bi gol sartu zituztenak, 65. eta 75. minutuetan. Horrela, 4-0 galduta itzuli ziren etxarriarrak. Altsasuk lider sendo jarraitzen du, partidarik galdu gabe (61 puntu), San Jorgeren (54 puntu) eta Etxarri Aranatzen (48 puntu) aurretik. Lagun Arteak zazpigarren postuan jarraitzen du (32 puntu). 22. jardunaldian Altsasuk sailkapenean hamahirugarren den Beti Onak B taldea hartuko du martxoaren 1ean, larunbata, 17:00etan. Etxarri Aranatzek martxoaren 2an laugarren eta arerio zuzena den Amaya taldea hartuko du San Donato zelaian. Bukatzeko, Lagun Arteak sailkapenean hamargarren den Universidad de Navarra B taldea du aurkari, martxoaren 1ean, larunbata, 15:30ean Iruñean.
- Futbola, Asteburuan emakumeen preferente mailako hemezortzigarren jardunaldia jokatu zen. Altsasuri atseden jardunaldia zegokion, baina lider jarraitzen dute (41 puntu), Gazte Berriak taldeari 2 puntu aterata (39 puntu). Asteburu honetan ez da jardunaldirik jokatuko, inauteriak direla eta; hemeretzigarren jardunaldia martxoaren bigarren asteburuan jokatuko da, martxoaren 8ko asteburuan. Altsasuk sailkapenean zazpigarren den Peña Sport izango du aurkari, Tafallan.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!