Albisteak,
- Joan zen urtean deialdia egin eta enpresarik aurkeztu ez zenez, Etxarri Aranazko Udalak berrido deialdia egin du. Izan ere, hiltegian ganadua garraiatzeko ibilgailuak desinfektatzeko gunea eraiki nahi du. Lanek 79.110,11 euroko (BEZik gabe) aurrekontua dute. Obra finantzatzeko Europako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planetik dirulaguntza jaso du Etxarri Aranazko Udalak, 62.216,88 euro (BEZik gabe) zehazki. Obra egiten interesa duen enpresak eskaintza martxoaren 7ra arte aurkez dezake. Lanak 90 egunetan despeditu beharko ditu kontratua bere gain hartu duen enpresak.
- Konpondu beharreko matxura bategatik Urdiaingo Udalak Interneteko ataririk gabe eman zuen aste eta erdi. Beharrezko konponketak egin ondoren, urdiain.eus webgunea, atzera ere, martxan zen joan zen astean. Itxura aldatu diote ere. Han sartzen denak herriari, udalari eta herriko zerbitzuei buruzko informazioa opatuko du, baita udal albisteak ere.
- Inauteriak direla eta, Olatzagutiko ihote batzordeak estreinakoz torrija edo ogi torrada txapelketa antolatu du. Parte hartu nahi duenak, lehenik ohiko tabernetan eman behar du izena. Torradak egin ondoren, frontoian aurkeztu beharko ditu martxoaren 1eko 13:00etan. Gutxienez 15 ogi torrada eraman beharko dira. Sariei dagokionez, aurrenekoa gazta oso bat da. Eta bigarrena eta hirugarrena gazta erdi bana. Bestalde, Ihote Batzordeak jakinarazi du herri bazkaria izanen dela martxoaren 1ean, larunbatarekin. Gaur da txartelak eskuratzeko azken eguna. Azkenik, aurreko urteetan bezala, Olatzagutiko ihote batzordeak olaztiarrak etxeetako balkoiak ihoteen inguruko gaiekin apaintzeko gonbidapena egin du. Batzordetik originalak izateko deia egin diete olaztiarrei.
Kirolak,
- Futbolean, Urte eta erdiko geldialdiaren ondoren Nafarroako gizonezko afizionatuen selekzioa martxan dago. Helburua bi urtetik behin jokatzen den UEFA-ko Eskualdeen Kopa prestatzea da. Jaime Sanchez hautatzaileak 25 jokalari deitu ditu, eta tartean bi sakandar daude: hirugarren mailako Bidezarra taldean jokatzen duen Unai Zubiria Gartziandia lakuntzarra, eta hirugarren mailako San Juan klubeko Xabier Goñi Gastesi irintarra. Gaur, otsailak 26, lehen entrenamendu saioa izango dute, 19:30ean, Larrabiden. UEFA-ko Eskualdeen Kopako egungo txapelduna Galizia da. Txapelketan futbolari amateur edo afizionatuz osatutako Europako eskualdeetako makina bat selekziok parte hartzen dute. Hasieran hiru fase ditu txapelketak, eta talde onenak bukaerako edo azkeneko fasera sailkatzen dira. Zalantzarik gabe, Nafarroako afizionatuen selekzioan parte hartzea primerako aukera da Unai Zubiriarendako eta Xabier Goñirendako. Unai Zubiriak eta Xabier Goñik hirugarren mailan jokatzen dute. Biak denboraldi bikaina egiten ari dira, San Juan bosgarren (40 puntu) baita sailkapenean, eta Bidezarra zazpigarren (38 puntu). Unai Zubiria lakuntzarrak, gainera, hirugarren mailako pitxitxi izaten jarraitzen du, 12 golekin (2 penaltiz), Valee de Egüeseko Xabier Goikoetxearen aurretik (11 gol, 1 penaltiz). Xabier Goñik 6 gol sartu ditu, momentuz, denboraldian (1 penaltiz).
- Areto futbolean, Nola aldatzen diren gauzak egun batetik bestera. Aurreko astean pozarren zeuden Osasuna Magna Xota taldeko jokalariak eta teknikariak: hiru garaipen jarraian, taldea lehen mailako ligako play-off postuetan sendotzen... sentsazioak oso onak ziren. Baina ostiralean Manzanaresen kontra galdu, eta bart Noian atzera ere galdu ondoren, jada guztia ez da ospakizuna eta festa. Oraindik play-off postuetan jarraitzen du Xotak, baina bertan mantentzeko bolada onera itzuli beharra du. Lehen mailako ligako 20. jardunaldian Galizian jokatu zuen Osasuna Magna Xotak, Noia taldearen kontra. Talde berdea indartsu atera zen kantxara eta gauzak ongi hasi ziren, Ion Cerviño irurtzundarrak 2. minuturako Xota aurreratu baitzuen, Toni Escribanok langara bidalitako baloi bat berreskuratu, eta Noiaren atean sartu eta gero. Baina Noiak berehala buelta eman zion partidari eta atsedenaldirako 2-1 aurreratu zen. Bigarren zatia hasi bezain pronto hirugarrena sartu zuten galiziarrek. Xota behin eta berriz saiatu zen, modu guztietara, baina talde irurtzundarrari ez zitzaion ezer ere ez atera. Partida bukatzeko 6 minuturen faltan, Miguel Hernandezek atezain-jokalariaren alde egin zuen, baina ez zen ongi atera, Xotak bi gol gehiago jaso zituelako. Beraz, berdeak 5-1 galduta itzuli dira Galiziatik, jota.
Miguel Hernandez entrenatzaileak argi eta garbi esan zuenez, “gaur Xota izatetik oso urruti egon gara. Akats potoloak izan ditugu kontzentrazioan, intentsitatean... ez gara ongi aritu”. Ardura guztia bere gain hartu zuen: “jokalariei ez diet behar bezala transmititu partida hau jokatzeak eskatzen zuen inplikazioa. Emaitza honek min handia egiten digu gertatu den formagatik. Orain, Xotaren ADN-a berreskuratu beharra dugu. Une gogorra da, baina badakigu zein den bidea”. Lehen mailako ligako 20. jardunaldia despeditzeko hiru partiden zain, momentuz Movistar Interrek jarraitzen du lider (45 puntu), Servigroup Peñiscolari puntu bat aterata (44 puntu). Osasuna Magna Xota zazpigarren da (29 puntu). 21. jardunaldian Osasuna Magna Xotak Viña Albali Valdepeñas taldea hartuko du, otsailaren 28an, 19:30ean, Anaitasunan. Ea Xotak ADN-a berreskuratu eta garaipenaren xendara itzultzen den. - Areto futbolean, Hirugarren mailako areto futboleko kopa ia despedituta –Kirol Sportek eta Gazte Berriak-ek final handia jokatuko dute–, bueltan da hirugarren mailako liga. Hamabigarren jardunaldia dago jokoan, eta Aralar Mendi taldeak Burlata Futbol Eskola taldea hartuko du Uharte Arakilgo Larrebieta kiroldegian. Partida martxoaren 1ean jokatuko da, 12:00etan.
- Areto futbolean, Asteburuan gizonezkoen lehen maila autonomikoko hemeretzigarren jardunaldia jokatu zen. Arbizu Kirol Taldeak Cascanteko Cantera taldea hartu zuen ostiralean Arbizuko kiroldegian, eta etxeko zaleen aurrean gozatu ederra hartu zuen liderrak, arbizuarrek 9-1 hartu baitzuten mendean Cantera. Beñat Jaka (3), Lander Bados, Andoni Goikoetxea (2), Julen Mayo (2) eta Mattin Petriati izan ziren golegileak. Altsasuk atseden jardunaldia zuen. Sailkapen orokorrean Arbizu Kirol Taldeak jarraitzen du lider (46 puntu), Altsasuren (41 puntu) aurretik. Asteburu honetan ez da jardunaldirik jokatuko, inauteriak direla eta. 20. jardunaldia martxoaren bigarren asteburuan jokatuko da. Arbizu Kirol Taldeak sailkapenean hamabigarren den Subiza Cendea de Galar izango du aurkari oraindik zehaztu ez den orduan. Altsasuk, martxoaren 6an, 20:30ean, sailkapenean seigarren den Vulcanizados Ruiz Tafa taldea hartuko du Zelandin.
- Areto futbolean, Emakumezkoen lehen senior mailan aurreko asteburuan ez zen jardunaldirik jokatu Nafarroako selekzioek Espainiako Txapelketan parte hartu zutelako. Beraz, asteburu honetan liga bueltan da eta bigarren faseko igoera fasean bosgarren jardunaldia dago jokoan. Martxoaren 1ean, larunbata, 10:00etan, Xotak Azkoien taldea hartuko du Atakondoan. Bigarren faseko bigarren garaipenaren bila aterako dira irurtzundarrak.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!