BSHko langileek lantegiko sarrera blokatu zuten

Guaixe 2025ko mar. 20a, 11:10

BSHko langileek protestan eta foruzain taldea. @LABNafarroa

Kamioien sarrera eta irteera galarazi zuten. Langileek negoziazioetan parte hartu nahi dutela adierazi zuten.

Eskirozko lantegira ekoizpenerako lehengaiak eramaten zituzten kamioien sarrera eta enpresatik egindako produktua atera behar zuten kamioien irteera galarazi zuten BSHko langileek atzo goizean. Alemaniako multinazionalak lantegia garagarrilean itxiko duela jakinarazi zuen. Iragarpen horren ondoren Ezkirozko plantaren etorkizunaz aritzeko Madrilen negoziazio mahaia eratu dute multinazionalak, Industria Ministerioak eta Nafarroako Gobernuak. 

Negoziazio mahai horretan langileen ordezkariak ere egon behar dutela uste dute lantegian, eta hori eskatzeko protesta egin zuten atzo, 08:00etatik 10:30era. Lantegiko sarrera blokatu zuten eta Foruzaingoa agertu zenean lurrean eseri eta erresistentzia pasiboko jarrera hartu zuten. Foruzainek langileak banaka kendu behar izan zituzten lantegiko atetik. 

Enpresa batzordeko kideek adierazi dutenez, enpresako zuzendaritzak negoziazioetan langileen presentziari betoa jarri dio. Esan zutenez, “ez dugu haien negoziazioen martxaren inguruko jakinarazpenik jaso nahi. Guk erabakiak hartzen diren tokian parte hartzea exijitzen dugu. Gu han egotea ezinbestekoa da. Lantegiaren etorkizunaren inguruan zuzendaritzak erantzun nahi ez dituen galderak daude, BSHren jardunaren jarraipenaren ingurukoak”. Eta albisterik ez dutenez, protesta egutegi bati ekin diote. Lantegiko zuzendaritzak enpresa batzordea informazio bilera batera deitu du martxoaren 31ean.