Autobusetik jaitsi berritan eta lanerako bidean aletu dizkigu garraio publikoa erabiltzeko bere arrazoiak.
Zergatik erabiltzen duzu garraio publikoa?
Batez ere, gidatzen ez dudalako. Beraz, dudan alternatiba da. Gidatuko banu ere, kostua ere kontuan hartzekoa da. Eta garraio publikoa erabiliz ingurumenaren jasangarritasunaren aldeko ekarpena egiten duzu.
Lanera etortzeko erabiltzen duzu bakarrik? Edo denerako?
Niretako munduko gauzarik normalena da garraio publikoa hartzea. Autoa duen jendeak garraio publikoa hartzeko nagikeria handia du, ez zaie ezta burutik pasatzen batzuetan garraio publikoa erabiltzea. Autoa hartzera hain ohituta daude! Niretako ohiko aukera da, baita beste bidaia, oporretara joan edo bestelakoetarako ere.
Zer ematen du garraio publikoan bidaiatzeak?
Ziurtasuna. Garraio publikoa erabiltzea zuretako denbora ere bada. Lasai asko joan zaitezke musika entzunez, liburua irakurriz, lo kuluxka eginez edo paisaiari begira. Buelta eman eta bidaiako denbora zuretako dela pentsatzen dut. Denborarekin jendea ere ezagutzen duzu, eta hizketan egin dezakezu bidaia. Egunerokoan halako denbora tarteak opatzea zaila izaten da.
"Azken urtetan, gobernuak hartutako neurriekin, autobus eta tren abonamenduekin garraioan gutxien gastatzen ari naizen garaia da"
Trabaren bat badu garraio publikoak?
Jakina. Auto batek ematen dizun askatasuna ez dizu ematen, zuk erabakitzea noiz eta nora. Ordutegi egokiak ez egotea; bat-batean ordutegiak aldatzea eta ez harako ez honako gelditzea; atzerapenak daudenean... Zer pentsa ematen duten egunak daude, bai. Bestalde, garraio publikoan mugitzean denbora gehiago behar da. Baina ez duzu aparkatu beharrik.
Bestetik, tren geltoki batzuk herrigunetik urrun daude. Nik Altsasuko tren geralekua erabiltzen dut. Geltokiak, orduaren arabera, gauez edo ilun dagoenean, erreparoa ematen dit. Hara iritsi eta inor ez dago. Maiz erabili beharko banu, pentsatuko nuke, ez baitzait atsegina. Haraino joan eta bakarrik egon... Baina sustatu nahi badute, esandako gutxienekoak kontuan hartu behar dituzte. Egia da ere Gasteiz eta Altsasu artean populazio dentsitatea ez dela oso handia garraio publikoa errentagarria izateko.
Maiz bidaiatzen duzuenok abantailarik baduzue?
Hogei urte daramat joan-etorri hori egiten eta hori aldatzen joan da. Renfen maiztasunagatik beti izan da deskonturen bat. Baina autobusean tarte horren zatirik handienean ez dugu deskonturik izan. Azken urtetan, gobernuak hartutako neurriekin, autobus eta tren abonamenduekin garraioan gutxien gastatzen ari naizen garaia da.
Zer nahiago autobusa edo trena?
Argi eta garbi, trena. Asko gustatzen zait. Askoz erosoago joaten zara, lasaiagoa da.
"Probatu ere egin beharra dago, badagoelako jendea burutik ere pasa ez zaiona garraio publikoa erabiltzea"
Tren zerbitzuaren eskaintza zabalduko dute aurten. Zer espero duzu?
Ez dakit. Garraio publikoa sustatu nahi badute, ingurumen jasangarritasunaren aldeko neurriak hartu nahi badituzte, jendea landa eremuko herrietan bizitzen jarraitzeko, gutxieneko tren maiztasuna egon behar du, eta egunean zehar banatutako zentzuzko ordutegiak. Eta kostuak erakargarria izan behar du. Bestela, sorgin gurpila da: joateko ordutegia duzu, baina bueltatzeko ez, edo alderantziz. Hala bada, ez duzu erabiliko. Goizeko lehen orduko ordutegiak funtsezkoak dira, lanera, ikastera, gestioak egin edo medikura joan ahal izateko. Gero bakoitzak bueltarako bere ordutegia du, baina lehen ordukoak ezinbestekoak dira.
Urtetan Gasteiztik lanera etortzeko trena lehen orduan hartzen genuen. Tren hura 10:00etara aldatu zuten. Zer zentzu du horrek? Ez harako ez honako utzi gintuzten. Urtetan tren hura erabili genuen askok nola edo hala moldatu behar izan genuen, autobus alternatiba onik ere ez genuelako. 06:00etan ateratzen zen bat zegoen. Hartu izan genuen, baina, azkenean, autora pasa ginen: auto partikularrak, partekatutako autoak, blablacar... denetarik konponbidea bilatzeko.
Irakurleak zergatik egin beharko luke garraio publikoaren alde?
Probatu ere egin beharra dago, badagoelako jendea burutik ere pasa ez zaiona garraio publikoa erabiltzea. Bestetik, erosoa da. Jasangarritasunari eta gainerakoari ekarpena egin nahi badiogu, gutxienez aukera gisa izan behar da. Erabiltzen ez badugu, ez dugu zerbitzu gehiago eskatuko.