Eguneko albisteak

Apirilaren 8ko albisteak

Guaixe Irratia 2025eko apirilaren 8a
Sakanerria:

Etxarri Aranatzen, Herri barruan oinezkoendako eta bizikletendako bide seguruak sortu nahi ditu udalak. Hiru adar proposatu ditu plaza, Donejakue bidea eta Sakanako Bizikleta Bidea Sarea oinarri hartuta. Udalak bide sare bat sortu nahi du herri barruan oinezkoak eta txirrindulariak seguru ibil daitezen. Alde Zaharra futbol zelaia, Zugarreta eta Aldapasororekin lotu nahi ditu udalak. Proposamenak ontzeko kontuan izan ditu plaza oinezkoendako dela eta herria zeharkatzen duen Donejakue bidea eta Sakanako Bizikleta Bide Sarea. Proposamenen informazio panelak apirilaren 7tik 10era liburutegian ikusgai izanen dira eta apirilaren 11n eta 12an, eguraldiaren arabera, plazan edo estalopean. Panel horietan proposatutakoaren mapa eta egin beharreko lanen zehaztapenak egonen dira. Ibilbide proposamen horien inguruko etxarriarren ekarpenak jaso nahi ditu udalak: adostasuna, desadostasuna, aldaketak, hobekuntza posibleak eta bestelako bideak diseinatzeko proposamenak. Hiru proposamenak: Futbol zelaiko bidea: Eragatik eskolarantz jotzen du Donejakue bideak, udaletxeraino joan eta Ugalde eta Sagarmiñeta kaleetatik eta Kanpozelaitik pasatzeko. Aurki eskola eta herriaren arteko bizikletendako eta oinezkoendako hiru metroko bidegorria eginen du. Proposamena da bide hori eskolatik futbol zelairaino luzatzea. Eskolako aparkaleku paretik abiatuko litzateke, bidearen ezkerraldetik ikastolaraino. Hango zebrabidean eskuin aldera pasako litzateke, futbol zelaiko aldagelaraino iristeko. Hiru metroko zabalerabide mistoa litzateke. Bidea bertikalean eta horizontalean seinaleztatu eta 15 km orduko abiadura muga luke. Bide hori egiteko dagoen zoladura berrituko litzateke, gainera, bi aldeetan segurtasun baranda jartzea aurreikusi da. Zugarretako bidea: Seinaleztapenaren bidez plazaren oinezkoen eta bizikleten erabilera partekatua zehaztuko litzateke. Plazatik 2,2 metro zabaleko bizikletendako bi norabideko bidegorri batek Larrañeta kalea zeharkatuko luke autobus geltoki ondoko zebrabidera. Burundabide kalea zeharkatu ondoren, Lurloi eta Arkuetabide kaleak hartuko lituzke Zugarretako ermitaraino iristeko. Azken bi kale horiek ziklo-kaleak lirateke. Hau da, bizikletek lehentasuna izanen lukete, nahiz eta motordun ibilgailuekin elkarbizi 30 km orduko abiaduran. Ez da obrarik beharko. Zebrabidearen ondoan bizikletak aparkatzeko gune bat izanen da. Aldapasoroko bidea: Larreñondo kalean, autokarabanen gunearen ondotik abiatuko litzateke bide hori, Sakanako bizikleta bide sarearekin bat egiten duen tokian. Malkorramendi kalearen iparraldean dagoen Kattubidetik pasa eta Malkorramendi kalera aterako da, handik asfaltatu gabeko bidetik Aldapasoro auzora joateko. Kattubide bizikletendako bi norabideko zoru berrituko bidegorria litzateke. Malkorramendin lurra trinko eta bidearen bi aldetan segurtasun barandak leudeke. Aldapasorora arteko bidea ere txukunduko litzateke. 

Kirolak:

Txirrindularitzan, Erlojupekoaren atzetik, Iruñea-Lodosa etapa. Igor Arrietak eta Iker Mintegik ongi hasi dute Itzulia. Gaur tropela Nafarroako Erdialdean eta Erribera Garaian ibiliko da. Igor Arrietak eta Iker Mintegik ongi hasi dute Itzulia. Gaur tropela Nafarroako Erdialdean eta Erribera Garaian ibiliko da. Atzo abiatu zen Itzulia, Buesa Arenan hasi eta despeditu zen 16,5 km-ko erlojupekoarekin. Max Schachmann alemaniarra (Soudal-Quick Step) izan zen azkarrena, Joao Almeida portugaldarrari (UAE Emirates) ehuneneko txiki batzuk aterata (18:37). Sei urteren ostean, maillot horia jantzi du berriz Schachmannek. Atzo abiatu zen Itzulia, Buesa Arenan hasi eta despeditu zen 16,5 km-ko erlojupekoarekin. Max Schachmann alemaniarra (Soudal-Quick Step) izan zen azkarrena, Joao Almeida portugaldarrari (UAE Emirates) ehuneneko txiki batzuk aterata (18:37). Sei urteren ostean, maillot horia jantzi du berriz Schachmannek. Sakandarrei dagokienez, Igor Arrietak (UAE Emirates) erlojupeko ona egin zuen. 30. postuan sailkatu zen, hirugarren euskalduna (19:20), Schachmannetik 43 segundora. Iker Mintegi (Euskaltel Euskadi) 159. sailkatu zen (20:49). Gaur Itzuliko bigarren etapa dago jokoan, Iruñean hasi eta Lodosan despedituko dena (200 km), Itzuliko etaparik luzeena. 11:00etan firmen kontrola egingo da Runa parkean eta neutralizatutako irteera 12:30ean abiatuko da udaletxe paretik. Iruñetik Noainera joko du tropelak, Artaxoa, Tafalla, Uxue, Zarrakaztelu, Caparroso, Azkoienen eta San Adrianen aurrera egin, eta Sesma Allo eta Lerin gainditu eta gero, San Adrianetik barna Lodosara heltzeko, 17:15ak aldera. Oso etapa gorabeheratsua da, baina soilik portu puntuagarri bat du, Uxue pareko hirugarren mailako Olivako Gaina.

Txirrindularitzan, Ekai Erdozia bigarren, eta Sakana Group-Alea talde onena Altsasuko XXXVII. Burunda Trofeoan. 121 txirrindularik osatu zuten Burunda taldeak antolatutako lasterketa. Kadete mailako tropela Altsasun bildu zen igandean, Burunda Txirrindularitza Taldeak antolatutako XXXVII. Burunda Trofeoan. 51 km-ko proba zen, Altsasu, Ziordia eta Etxarri Aranatz artean jokatutakoa, eta txirrindulariek behin gainditu behar izan zuten Altamirako portua. Aitor Matak (Rotxabikes) eraso garrantzitsua jota lortu zuen gailentzea (1:13:30), atzetik bi txirrindulari segika zituela. 40 segundora sartu ziren Ekai Erdozia etxarriarra (Sakana Group-Alea) eta Unai Aranburu (Inoxcra-Beasain). Sakana Group-Alea izan zen probako talderik onena. Mendiko sailkapena Imanol Irazabalek (Baque) irabazi zuen, eta tartekako helmugena Oier Martinek (Aranako). Lasterketako Top20a kontuan hartuz gero, Ekai Erdozia bigarren sailkatu zen, Ion Unai Gonzalez (Sakana Group-Alea) hamaseigarren eta Xabier Curiel (Quesos Albeniz) hamazazpigarren. Gainontzekoei dagokienez, Unax Etxeberria (Sakana Group-Alea) 22. iritsi zen helmugara, Urko Oiarbide (Sakana Group-Alea) 24., Ibai Galarza (Quesos Albeniz) 39., Ekaitz Zufiaurre (Quesos Albeniz)40., Asier Flores (Quesos Albeniz) 41., Xabier Gorriti (Sakana Group-Alea) 60., Oier Olaberria (Quesos Albeniz) 61., Alex Gonzalez Sakana Group-Alea) 62., Juan Carlos Gil de Gomez (Quesos Albeniz)76., Gabriel Gonzalez (Sakana Group-Alea) 85., Egoi Urtasun (Quesos Albeniz) 87. eta Ezkai Lakuntza (Quesos Albeniz) 120. Emakumezkoetan, Ainhoa Lara (Izozmendi Team) izan zen azkarrena (1:18:12). Enara Perez (Timac Agro-Ermitagaña) laugarren sailkatu zen. 

Txirrindularitzan, Luca Martinezen bigarrena, Beran. Txirrindulari lakuntzarrak Berako XLV. Felix Errandonea Memoriala irabazi zuen, helmugara bakar-bakarrik helduta. Luca Martinez Los Santos lakuntzarrak (Tolosa / Danena) Pandoraren kutxa ireki du. Martxoaren 30ean junior mailako lehen garaipena lortu zuen Lizarran, eta astebete beranduago, apirilaren 6an bigarren garaipena lortu zuen, Berako XLV. Felix Errandonea Memoriala irabazita. Lasterketa ezin hobe irakurri zuen lakuntzarrak, behar zuen tokian jo zuen erasoa eta helmugara bakar-bakarrik iritsi zen (1:43:18), atzetik segika zituenei 2 minutu pasa ateraz. Aiur Ugartemandia (Ipar Maquina-Dimaq) izan zen bigarrena (1:45:10).  Ekaitz Perez (Zu eta Biok) zortzigarren sailkatu zen, Ekain Imaz (Tolosa / Danena) 25. eta Manex Huarte (Sumelec Ermitagaña) 30.

Futbola, Naroa Razkin, Nafarroako selekzioarekin Errealaren kontra. Lagunarteko partida gaur jokatuko da, apirilaren 8an, Zubietan. Nafarroako 16 urtez azpiko futbol selekzioak lagunarteko partida jokatuko du gaur, apirilaren 8an, 18:00etan, Errealaren kontra. Nafarroako selekzioak maiatzaren 2an jokatuko duen Espainiako Txapelketako zilarrezko finalerdia prestatzeko antolatu da partida. Las Rozasen jokatuko den finalerdian Nafarroako selekzioaren lehendabiziko aurkaria Galiziako selekzioa izango da. Jose Luis Satrustegik Errealaren kontrako partida prestatzeko 22 jokalari deitu ditu, tartean Kirol Sport taldeko jokalari Naroa Razkin etxarriarra. 

Futbolean, Zalduaren gol festa. Arakilgo taldeak Apolo mendean hartu zuen Elomendiko Futbol Txapelketako 23. jardunaldian. Asteburuan Elomendiko Futbol Txapelketako 23. jardunaldia jokatu zen. Arakilgo Zalduak Apolo zuen aurkari, eta partida guztian barna arakildarrak nagusi izan ziren: 0-8 hartu zuten mendean Apolo. Bar Olmok segitzen du lider (61 puntu), Salinasen (58 puntu) aurretik. Zalduak bosgarren postuan jarraitzen du (46 puntu). Hain zuzen ere, larunbatean Zalduak sailkapenean bigarren den Salinasen kontra jokatuko du, Larrabiden. 

Futbolean, Altsasu, emakumezkoen Kopan. Laugarren multzoko ligaxkan Altsasuko taldeak Cantolagua, Ardoi eta Lagunak izango ditu aurkari. Emakumezkoen preferente mailako liga irabazi ondoren, Altsasuk Nafarroako Kopari ekingo dio asteburuan. Hasieran multzokako fasea jokatuko da, eta Altsasu laugarren multzoan dago, Cantolagua, Ardoi eta Lagunak taldeekin batera. Hiru jardunaldiko ligaxka izango da. Lehendabiziko jardunaldian, Altsasuk Cantolagua izango du aurkari apirilaren 13an, 18:15ean, Dantzalekun. 

Futbolean, Altsasuk eta Etxarrik irabazi, eta Lagun Arteak estropezu. Erregional mailako 27. jardunaldiak sei puntu utzi ditu Sakanan. Erregional mailako 27. jardunaldia jokatuta, Altsasuk jarraitzen du lider sendo, Berriozar taldeari 1-3 irabazi eta gero. Bi taldeek lehia bizia izan zuten, baina atsedenaldira 0-1 aurreratuta joan zen Altsasuk, Joaquin Angelek sartutako golari esker. Bigarren zatian bana berdindu zuen Berriozarrek, eta lehia areagotu zen. 73.- minutuan Aitor Augustok 1-2 aurreratu zuen Altsasu, eta Imanol Lobok hirugarrena sartu zuen 81. minutuan. 1-3 irabazita, pozik itzuli ziren altsasuarrak. Leitzan 0-2 irabazi zion Etxarrik Aurrera taldeari. Bi taldeek partida bizia eta borrokatua jokatu zuten. 34. minutuan Adrian Jakak Etxarri aurreratu zuen. Nahiz eta Aurrera saiatu, ezin izan zion partidari buelta eman eta 51. minutuan Adrian Jakak sartutako Etxarriren bigarren golak partida erabakita utzi zuen. Lagun Arteak Atarrabian jokatu zuen Beti Onak B taldearen kontra. Bi taldeak nor baino nor borrokatu ziren. Lehen zatiko luzapenean aurreratu zen Beti Onak. Lagun Artea behin eta berriz saiatu zen, eta partida bukaera aldera, 87. minutuan, Gaizka Sagarzazuk banakako berdinketa lortu zuen. Tamalez, pozak gutxi iraun zuen, minutu eskas batera Beti Onak-ek garaipenaren gola sartu zuelako, 2-1 irabaziz. Datorrena:  Erregional mailako laugarren multzoko lider Altsasu da (77 puntu) jokatutako 27 jardunaldietatik 25 irabazita eta bi berdinduta. Bigarrena San Jorge da (62 puntu), eta hirugarrena Etxarri Aranatz (61 puntu). Lagun Artea zazpigarren da (43 puntu). 28. jardunaldian Altsasuk sailkapenean hamazazpigarren den Asdefor hartuko du apirilaren 13an, igandea, 16:00etan, Dantzalekun. Etxarri Aranatzek sailkapenean azkena den Alde Zaharreko Klubaren kontra jokatuko du apirilaren 13an, Amayan. Azkenik, Lagun Arteak sailkapenean bederatzigarren den Barañaingo Lagunak B taldea hartuko du apirilaren 13an, igandea, 16:30ean Zelai Berrin.