Sakanerrian,
- Langile publikoak grebara deituak. LAB, AFAPNA, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek lanuztea deitu dute apirilaren 9rako. Nafarroako Gobernuari langile publikoen lan baldintzak hobetzea eskatzen dute. 30.000 langile inguru daude grebara deituta. Administrazio Publikoko Mahai Orokorreko sindikatuek (LAB, AFAPNA, CCOO, ELA eta UGT) greba deitu dute apirilaren 9rako, Nafarroako Gobernuari langile publikoen baldintzak hobetzea eta "benetako negoziazioa" eskatzeko. Sindikatu deitzaileek azaldu dutenez, langile publikoen estatutua 1999koa da eta "zaharkituta" dago. Estatutua berritzea da sindikatuen aldarrikapenetako bat. Horrekin batera, gaurko grebarekin sindikatuek eskatzen dute enpleguaren egonkortasuna eta behin-behinekotasuna %8tik behera murriztea eta "osasun sektoreko profesionalen arteko aldeak desagerraraztea". Era berean, langile kopurua handitzea, Nafarroako KPIa aplikatuz langile guztien soldata igotzea eta "erosteko ahalmena berreskuratzeko" neurriak ezartzea aldarrikatu dute sindikatuek. Ildo horretan, familia eta lan-bizitza uztartzeko neurriak ere eskatu dituzte, "sektore publikoan pribatizazio politika amaitzea eta orain arte pribatizatutakoa lehengoratzea", eta karrera profesionaletan "prestakuntza eta dedikazioa sustatu eta ordainduko duten irizpide objektiboak" aplikatzea.
- Olloren EBBko ardurak zehaztuta. Lau arlotan izanen du erantzukizuna. EAJko Euzkadi buru Batzarrak burutza jeltzalearen erantzukizun arloen banaketa berria onartu zuen astelehenean. Burukide bakoitzak bere erantzukizunen ardura eramango du egitura eguneratu baten barruan eta “Euskadiren eta euskal hiritarren mesedetan gure onena emateko” helburu partekatua dutela. Banaketa horren arabera, Javier Ollo Martinezek, Altsasuko alkate eta Nafarroako Ganberako parlamentariak, Lurraldearen Antolamendua, 2030 Agenda, Lehen Sektorea eta Ingurumenaren Jasangarritasuna eramango ditu.
- Palestinako genozidioa salatu dute. Gernika Palestina herri ekimenak deituta elkarretaratzeak egin dituzte Etxarri Aranatzen eta Bakaikun. Euskal Herriko makina bat herritan Lurra. Justizia. Bakea lelopean elkarretaratzeak egin zituzten atzo. Etxarri Aranatzen plazan bilkura egin zuten. Bakaikun, berriz, bilkura baliatu zuten errepidean Israelek hildako ume palestinarren izenak idazteko. Gernika Palestina herri ekimenak egin du deialdia, eta Palestinako herria sufritzen ari den genozidioa salatu nahi izan zuten bilkura horiekin. Ekimeneko kideek adierazi dutenez, "Palestinako herriaren eta gizateriaren kontrako azken erasoen aurrean gure salaketa ozena adierazteko eta nahikoa dela esateko batu gara, eta hemendik, Euskal Herria deritzon munduaren txoko honetatik Palestinako herriari gure maitasuna eta babesa helarazteko. Haritzaren herritik olibondoaren herrira. Gernikaren herritik Gazako herrira", azaldu zuten Gernika Palestina herri ekimeneko kideek.
Kiroletan,
- Txirrindularitzan, Itzulia, Lodosako lautadetatik Gipuzkoako mendietara. Itzuliko bigarren etapa esprintean erabaki zen eta Caleb Ewan (INEOS Grenadiers) gailendu zen, erraz. Hirugarren etapak, etapa erreginak, Zarautz eta Beasain batuko ditu, tartean zazpi portu daudela. Iruñeko udaletxe paretik abiatu eta Lodosan despeditu zen Itzuliko bigarren etapak, Itzuliko etaparik luzeenak (200 km) ez zuen sailkapen orokorrean eraginik izan. Etapa laua zen, eta eguzkipean, goxo-goxo jokatu zen, haizerik gabe. Haizea balego, etapa izugarri gogortuko litzateke, baina bare-bare zegoenez alde horretatik ez zen arazorik izan. Eguneko ihesaldiak, Iruñean proba hasi eta berehala sortu zenak, 180 km iraun zituen, eta Euskaltel Euskadiko Xabier Isasa izan zen protagonista nagusia, azkeneraino iraun baitzuen urretxuarrak, tropelak irentsi arte. Tropela batuta iritsi zen Lodosako helmugara, eta esprintean Cadel Ewan (INEOS Grenadiers) izan zen azkarrena, Luca van Bovenen (Intermache) eta Bastien Tronchonen (Decathlon) aurrean erraz nagusituz (4:13:50). Australiarrak aitortu zuen “oso pozik” zegoela, eta etapa “gogorra” egin zitzaiola. “Mendiko etapak iritsi aurretik irabaz nezakeen etapa bakarra zen Lodosakoa, eta presioarekin atera naiz. Taldeak oso ongi kontrolatu du etapa, eta, azkenean, eremu teknikoetan primeran gidatu naute”. Iker Mintegi 117. sailkatu zen, denbora berean, eta Igor Arrieta 128., denbora berean. Sailkapen orokorrean ez dago aldaketarik. Maximilian Schachmannek (Soudal-Quick Step) jarraitzen du lider, Joao Almeida (UAE Emirates) bigarrenak denbora bera duela. Igor Arrieta 30. postuan dago, 43 segundora, eta Iker Mintegi 150., 2:12ra. Gaurkoa, etapa nagusia. Gaurko etapak Zarautz eta Beasain batuko ditu (156,3 km), tartean zazpi portu daudela: hirugarren mailako Meaga, Andazarrate, Alkiza, bigarren mailako Santa Ageda eta Mandubia eta hirugarren mailako Gaintza eta Lazkaomendi. Ez dira mendate oso gogorrak, baina azken kilometroetan eragina izango dute.
- Pilotan, Irurtzun Pilota Txapelketan, hiru jardunaldiren atarian. Final hamaseirenetan, asteazkenean, ostiralean eta larunbatean kanporaketak daude jokoan. Aurreko astean hasi zen XXXIII. Irurtzungo Pilota Txapelketa. Lehen mailan 24 bikotek hartuko dute parte, eta bigarren mailan 18 bikotek, afizionatuen mailako onena. Irurtzungo Pilota Txapelketan ez da ligaxkarik jokatzen, partida guztiak kanporaketa zuzenak dira. Une honetan lehen mailan final hamaseirenak jokatzen ari dira eta bigarren mailan final zortzirenak, Irurtzungo Biaizpe pilotalekuan. Aurreko asteko emaitzak:
Apirilaren 2koak:
-Lehen maila: Iriarte-Garaño (Buruzgain) 22-0 Ibarluzea-Oliden (Lapke) (Olidenen baja sukarrarengatik)
-Lehen maila: Arribillaga-Peñalver (Lagunak Barañain) 22-18 Etxaniz-Uriondo (Soraluze-Lea Ibarra)
Apirilaren 4koak:
-Lehen maila: Apaolaza-M.Balerdi (Hernani-Soraluze) 20-22 Anso-Alduntzin (Zugarralde)
-Lehen maila: O.Etxeberria-Leonet (Oiarpe) 22-2 Okamika-Albizu (Lea Ibarra)
Astean jokoan dauden hiru jardunaldiak:
Apirilak 9, asteazkena, 18:45ean:
-Bigarren maila: Armaolea-Goiburu (Lapke) vs Iriarte-Galartza (Larraun)
-Lehen maila: Cestau-Urruzola (Behar Zana) vs Txoperena-Santamaria (Aurrera Leiza)
Apirilak 11, ostirala
-Bigarren maila: I.Garcia-De la Torre (Lagunak Barañain) vs Salaberria-G.Agirre (Irurtzun-Oberena)
-Lehen maila: Elizalde-Garatea (Beti Onak) vs Olaizola-Odriozola (Eple)
Apirilak 12 abril, 11:00
Bigarren maila: Olasagasti-? (Behar Zana-) vs Eguskiza-Maiza (Larraun-Zugarralde)
Bigarren maila: Ruiz-Arriolabengoa (Txukun Lakua) vs Bidezabal-Saralegi (Tolosa)
- Areto futbolean, Tuteratik punturik gabe itzuli zen Aralar Mendi. Hirugarren mailako hamazazpigarren jardunaldian jipoi ederra jaso zuten uhartearrek. Uharte Arakilgo Aralar Mendik Ribera de Navarra izan zuen aurkari hirugarren mailako hamazazpigarren jardunaldian Tuteran. Ribera de Navarrak goitik behera kontrolatu zuen partida eta gutxika baina pausorik galdu gabe bost gol sartu zituen bata bestearen atzetik, Aralar Mendi mendean hartuz. Ibai Martiarenak 5-1ekoa sartu zuen, baina Ribera de Navarra ez zen erlaxatu eta seigarrena sartu zuen segidan. Ibai Martiarenak partida bukatzear zela bigarren gola sartu zuen eta 6-2 galduta itzuli ziren sakandarrak Tuteratik. Kirol Sport da hirugarren mailako liderra (32 puntu), Betelu Futbol Taldea Grupo Wisco-ren aurretik (29 puntu). Aralar Mendi hamargarren da (11 puntu). Apirilaren 13an, igandea, 12:00etan sailkapenean zortzigarren den San Juan izango du arerio Aralar Mendik, Iruñeko San Juan pabilioian.
- Areto futbolean, Altsasuren atzaparkada. Altsasuk lidergoa lapurtu dio Arbizuri derbi ikusgarrian. Lehen maila autonomikoan Altsasuren eta Arbizu Kirol Taldearen arteko partida derbia baino askoz ere gehiago izan zen. Izan ere, bi punturen arteko distantzia zuten sailkapenaren gorenean dauden bi taldeek, eta, hortaz, lehen maila autonomikoko lidergoa zegoen jokoan. Bi taldeek harreman handia dute, eta festa polita sortu zen goraino bete zen Zelandin. Partida oso estua izan zen hasieratik. Hala ere, Altsasu aurreratu zen, 7. minutuan, Asier Salgadori esker. Salgado bera izan zen 11 minutu beranduago Altsasuren bigarren gola sartu zuena, areto futbol zaleen gozamenerako. Arbizuko Urtzi Nazabalek, ordea, 2-1 gerturatu zuen Arbizu, eta liderrak erremontatuko ote zuen, hori zen zaleen zalantza. Baina Altsasuk lidergoa lortzeko gosea zuen, eta erasoan jarraitu zuen, eta bukaera aldera Aritz Sevillak eta Denis Javier Ordoñezek sartutako golei esker, 4-1 irabazi zuen Altsasuk. Beraz, Altsasu da lehen maila autonomikoko lider berria (56 puntu), Arbizu Kirol Taldea puntu batera duela (55 puntu). Asteburuan 25. jardunaldia jokatuko da. Altsasuk sailkapenean bederatzigarren den Olite izango du aurkari apirilaren 10ean, osteguna, 20:30ean Erriberrin jokatuko den partidan. Arbizuri, aldiz, atsegin jardunaldia dagokio. Hortaz, Altsasuk urrezko aukera du puntuatu eta Arbizuri sailkapenean alde gehiago ateratzeko.
- Areto futbolean, Xotak liderraren kontra galdu zuen. Apirilaren 11n Murchante hartuko dute, Irurtzunen. Emakumezkoen lehen senior mailako igoera faseko hamargarren jardunaldian Xotak Ezkaba kiroldegian jokatu zuen, Lacturale Orvina A liderraren kontra. Liderrak hasieratik kontrolatu zuen partida, eta 17. minuturako 3-0 aurreratu zen. Xota saiatzen zen, baina ezin. 27. minutuan Orvinak laugarren gola sartu zuen, baina berehala Ekiñe Aguirrek gola sartu zuen, eta 4-1 galduta, markagailua pixka bat makillatu zuen Xotak. Lacturale Orvina da liderra (30 puntu) eta Xota zortzigarrena da, azkena (4 puntu). Hamaikagarren jardunaldian Xotak Murchante taldea hartuko du apirilaren 11n, ostirala, 20:15ean, Irurtzungo Atakondoa kiroldegian.