Etxarri Aranazko eta Urdiaingo eskola komunitateetan alarmak piztu ziren apirilaren 1ean. Hezkuntza Departamentuak bi urteko haurren geletarako egindako aurrematrikulak ezeztatu zituen. Etxarri Aranatzen hamar ziren eta Urdiainen bi. Hamabi familia alternatibarik gabe utzi zituen bat-batean Hezkuntza Departamentuak. Gainera, inolako azalpenik eman gabe. Etxarri Aranazko gelak 30 urte pasa zeramatzan.
Bi eskola komunitateak antolatu eta ibarreko gainerako eskola publikoen eta bi herrietako alkateen babesa zutela prentsaurrekoan azaldu zuten zergatik ez zeuden erabakiarekin ados. Hasteko, "gelen itxiera prozesua modu desegokian" egin zelako. "Jakinarazpena matrikulazio epea pasata egin zen. Matrikulak behar bezala eginda zeuden eta deuseztatu dira". Kexu ziren Hezkuntza Departamentuaren plataforman jarritako mezu huts baten bidez egin zela jakinarazpena eta, gainera, "alternatiba bilatzeko oso denbora gutxi" eman zuen. Zeren departamentutik ez zieten familiei alternatiba bat bera ere proposatu. Jakinarazpena apirilaren 1ean egin zen eta haur eskoletako aurrematrikula epea 4an bukatu zen.
Bi eskola komunitateetako ordezkariak kexu ziren bi urteko gelak kentzeak Ergoiena eta Urdiain bitarteko familiei galera eta kaltea eragiten zielako. Gela horiek landa eremuan "familien kontziliazioa eta inklusioa ahalbidetzen" dituztela gaztigatu zuten. Gelok kentzeak eta "ibarrean nahikoa haur eskola zerbitzurik ez egoteak familia askok ikastetxe kontzertatuetara jo behar izanen dute, hezkuntza sistema publikoaren kalterako".
Urdiain
Urdiaingo eskolako ordezkariak Hezkuntza Departamentukoekin astelehenean bilera izan zuten. Legediaren irakurketa kontrajarriak egin zituzten aldeek. Urdiaindarrek 2 urteko gela izateko araudi batean oinarritu ziren eta departamentukoak lehen bi zikloetako ikasleak nahastu ezin direla dioen beste bat erabili zuten kontrako argudio gisa. Gauzak horrela Urdiaingo Eskola Kontseiluak asteartean bilera egin zuen eta erabaki zuen departamentuari beste bilera bat eskatzea. Ahal dela udaberriko oporren aurretik izatea nahi lukete.
Bilera hori iritsi bitartean urdindarrek legedia xehe aztertuko dute. Aldi berean, Eskola Kontseiluak erabaki du Hezkuntza Departamentuari eskatzea orain arte bezala segitzea 2 urteko gelarekin, gutxienez beste ikasturte batez. Ikastetxeak eta gurasoek gauzak ongi egin dituztela eta departamentuak ezetz argudiatu dute.
Departamentua
Etxarri Aranazko eta Urdiaingo eskola komunitateak prentsaurrekoa ematen zuten bitartean, Hezkuntza Departamenduak jakinarazi zuen San Donato eskolan 2 urteko ikasgela irekiko zuela heldu den ikasturtean, eta gehienez 16 ikasle eskolatu ahal izanen zirela.
Carlos Gimeno Gurpegik zuzentzen duen departamentutik azaldu zutenez, "2 urteko gela berri hori irekitzeko erabakia adin horretako ikasleen hezkuntza arreta erregularizatzeko beharrari erantzuten dio; izan ere, duela urte batzuetatik Etxarri Aranatz eta Urdiaingo ikastetxe publikoetan modu irregularrean eskolatzen zen, ikasle horiek hartzen diren espazioek errespetatu behar dituzten azpiegituren arloko araudia bete gabe". Departamentuko arduradunen iritziz, "2 urteko ikasgela horren ezarpenak Sakanako ikasleen hezkuntza arreta egokia ahalbidetuko du, indarrean dagoen araudian ezarritako baldintza guztiak beteko dituen hezkuntza espazio batekin, hemendik aurrera 2 urteko haurrei arreta pedagogiko egokia bermatuz, beren adinari dagokion hezkuntza-zerbitzu berezi eta berezituarekin".
Haur eskolak
Etxarri Aranazko prentsaurrekoan Sakanan dagoen gabezia bat nabarmendu zuten: ez dago nahikoa haur eskola. Uharte Arakilen, Arbizun eta Altsasun daude 0-3 publikoak, eta Altsasun ere ikastolakoa dago. Gaztigatu zutenez, ez daude nahikoa plaza ibarreko haur eskoletan. Horretaz jabetuta, ikasturte hasieran Etxarri Aranatzen talde bat sortu zen gaia herrian lantzeko. Gimenok sorrarazitako "arazoak" ikuspegia zabaltzea ekarri du. Sakanarako haur eskola publikoa, doakoa eta unibertsala eskatzen dute. Prentsaurrekoan 2026-207rako 0 eta 3 urte bitarteko haur eskola bermatzea eskatu zuten.