Apirileko lehen astea, aste mugitua izan zenuten.
Mugitua eta haserrez betea. Hezkuntza Departamenduak era bidegabe eta zital batean gurekin jokatu du. Ez dugu ulertzen herritarrak horrela zaintzeko moduak egotea. Egunetik gauera, inolako arrazoirik, inolako testuingururik, inolako zergatirik eman gabe atzera bota zizkiguten seme-alaben matrikulak apirilaren 1ean. Beraiek aurrematrikularako markatutako prozedura bete zuten hainbat familiari jakinarazpen soil bat bidalita jakinarazi ziguten seme-alaben matrikula baliogabetu zela. Bestelako azalpenik eman gabe.
Nola bizi izan duzu?
Guraso elkarteko presidentea naiz, baina kaltetu zuzena ere banaiz, alaba egoera horretan dut. Aurrematrikula bat betetzen da unean-uneko eskaintza zein den jakinda. Guk Urdiainen eskolaren eta herriaren aldeko defentsa egiten dugu eta aurrematrikula bete genuen. Etxe barruan 2025-2026 ikasturterako plangintza egin genuen, jardunaldi murrizketekin eta halakoekin. Azkenean, eredu bat defendatzen duzulako. Eta bat-batean halako jakinarazpen batek haserrez betetzen zaitu, kale gorrian uzten zaituelako eskolaratze maila horretan.
Gelaren itxierak iturmendiarrei eraginen lieke?
Bai. Hainbat urtez haur iturmendiarrek eskolako lehen esperientzia Urdiainen bizi izan dute.
Kaltetu gehiago zeuden.
Etxarri Aranatzen gure egoera bera bizi izan zuten familiak zeuden, eta borroka bakarra sortu genuen. Kaltetu zuzenak eta ez zuzenak. Ez da heldu den ikasturtean zer seme-alaba ez diren eskolaratuak izanen, baizik eta hezkuntza publikoaren herri proiektuaren flotazio marraren kontrako sekulako harrikada da, hankaz gora jartzen duelako.
Departamentuaren oharrak dio Etxarriko gela "legeztatuko" duela.
Etxarri Aranazko eta Urdiaingo eskoletan 30 urtez Hezkuntza Departamentuak markatutako araudia bete dute. Akaso, bete ez duena Hezkuntza Departamentua da. Bera delako araudia betetzearen arduradun. Bi eskolek baldintzak bete izan dituzte. Ez badituzte bete, inork ez die ezer jakinarazi. Bi ikastetxeetako bi urteko ikasgelak mantentzea da helburua. Honek Etxarri Aranatzen 0-3aren aldeko dinamikari heltzeko eta, sinergia horietatik, elkarrekin lan egiteko bidea eman digu.