Emakumezkoen Altsasu futbol talde nagusia sortu zenetik bertako futbolaria izan da Maalen Beraza Etxarri irintarra, eta kapitaina. Martxoaren 29an, emakumeen preferenteko ligako azken jardunaldian bere azken partida jokatu zuen, futbola utziko baitu, Altsasu ligako txapeldun utzita. Merezitako omenaldi xume bezain sentitua jaso zuen taldekideen partetik.
Altsasuko futbolaria, hasieratik.
Bederatzi urte, 2016an emakumezkoen Altsasu talde erregionala sortu zenetik. 2015ean nesken talde txikia sortu zen, futbol 8koa, eta hurrengoan talde nagusia.
Aurretik beste futbol talderen batean aritzen al zinen?
Ez, aurretik areto futbolean aritzen nintzen, Sakanan ez zegoelako futbolean aritzeko aukerarik. Xotan hasi nintzen, eta Xotako nesken taldea desagertu zenean Arbizuko Aldabidera joan nintzen. Gorka Pascuak deitu zidan, Altsasun futbol taldea sortu nahi zutela, eta jendea behar zutela. Erantzun nion nahi izanez gero jokalari moduan jokatuko nuela, atezain moduan ez nuela nahi. Izan ere, inork ez zuelako nahi nintzen atezaina areto futbolean. Jokalari izatea gehiago gustuko dut, eta futbolean ez nuen atezain izan nahi.
Nolakoak izan ziren hasierak?
Gehienak areto futboletik gentozen, eta nabaritzen zen. Areto futbola azkarragoa da, teknika gehiago behar da. Beraz, hasieran egokitu, eta ahal zen moduan taldea aurrera ateratzea zen helburua. Korrika egitea gustuko dugunondako areto futbola motz geratzen da, eta futbolera gustura egokitu nintzen. Gainera, futbolean kalean gaude, naturan. Dantzalekun, are gehiago.
Zein postutan jokatzen zenuen?
Zentral moduan hasi nintzen. Altuenetarikoa nintzen, eta defentsan hasi nintzen. Zentrala, hegalekoa, erdian, pibote... denetarik aritu naiz, atzealdean.
Bederatzi urte hauetan makina bat jokalari eta entrenatzaile ezagutuko zenituen.
(Kar-kar) Asko, gazte guztiak! Endika, Asier, Alfonso, Ivan, Joseba... izan ditut entrenatzaile. Azkenak, aurtengoak, Gorka Chamorro eta Adrian Claver.
Altsasun denetatik izan duzue, bolada oso txarrak, partidak galdu eta galdu, eta tarteka sasoi hobeagoak. Baina zer gertatu da aurten? Ikusgarri aritu zarete, Preferente mailako liga irabazi duzue!
Faktore asko elkartu dira. Jokalari asko itzuli dira taldera, jokalari berriak hasi dira, entrenatzaile berriak izan ditugu... Horrek guztiak eragina izan du. Gogoan dut 2019/2020 denboraldian oso ongi ibili ginela, baina pandemia iritsi, eta guztia geratu zen. Jokalari gehienak beste talde batzuetara joan ziren, edo futbola utzi zuten, eta berriro martxan jartzea asko kostatu zen. Ia zerotik hasi behar izan ginen. Eta hara orain, txapeldunak! Uste dut oraindik ezin sinetsi gabiltzala.
"Une txarretan elkar animatzen eta pazientzia izaten jakin genuen eta, hara! orain txapeldunak gara"
Taldean harreman handia duzuela agerikoa da.
Bai, oso ona. Gustura ibili gara.
Ligako azken jardunaldia, martxoaren 29an Dantzalekun Burladesen kontra jokatu zenutena, futbolari gisa zure azken partida izan zen. Zergatik erabaki duzu futbola uztea?
Preferente mailako liga irabazi dugunez, mailaz igo eta datorren urtean hirugarren mailan jokatuko du Altsasuk. Horrek konpromiso gehiago eskatzen du, eta entrenamendu ordu gehiago. Arratsaldez lan egiten dudanez, ezin dut behar bezala entrenatu. Ordu gehiago beharko dira futbolerako, eta egunerokotasun horretan ez dut nire burua ikusten.
Asteburuan hasiko den kopan ez duzu Altsasurekin jokatuko?
Ez. Oposizioak ditut ekainean, eta ikasi beharra dut. Sekulako pena ematen dit.
Nolakoa izan zen azken partida? Jokatzen ari zinela, zer sentitzen zenuen?
Pena handia.
Taldekideek egindako omenaldiarekin poztuko zinen.
Sorpresa izan zen, guztiz. Pankarta bat atera genuen taldeko bi jokalari, Leire eta Mireia, lesionatu direlako, eta haiek animatzearren. Eta bat-batean niregana etorri ziren, argazkiz jositako koadro batekin. Guztiz hunkitu nintzen. Oso eskertuta nago. Izan ere, momentu on asko bizi izan ditugu. Txarrak baita ere, galdu eta galdu egiten genuenean... baina gure artean animatzen eta pazientzia izaten jakin genuen, eta hara orain, txapeldunak.
Emakumezkoen futbolaren gorakada ikaragarria izan da.
Bai, klubek geroz eta emakume talde gehiago dituzte. Altsasuk hiru talde ditu, baina taldeak ateratzea asko kostatu zen; hor ibiltzen ginen, jendearen atzetik.
Zure taldekide izandako Irati Igoa Osasuna talde nagusiko jokalaria da orain.
Irati txikitatik etortzen zen ona. Onenen artean egoteko ezaugarriak izan ditu beti. Abuztuan fitxatu zuen Osasunan, eta abenduan lehen taldean zegoen. Osasunarekin jokatzen ikusi diot, eta asko pozten naiz.
Kirol monitorea zara, Sakanako Emakumeen Atletismo Eskolako monitorea, behar berezien igerilari monitorea, udako futbol eta triatloi campusetako monitorea...
Bai, urteak daramatzat, eta oso gustura. Kirolari lotuta beti. Futbola utzita, orain atletismo lasterketetan hasi naiz.
Zer opa diozu Altsasu Kirol Elkarteari?
Onena. Berdin jarraitu dezala, eta jendeak Altsasu futbol taldean segi dezala. Kluba momentu onean dago: emakumeek liga irabazi dugu, mutilen talde nagusia lider da, kategoria txikiak ere oso ongi... Nik gazteei beti esaten diet, jarraitu dezatela futbolean, ez dezatela utzi.