Eguneko albisteak

Apirilak 10

Guaixe Irratia 2025eko apirilaren 10a

Sakanerrian,

  • Altsasun, Ondasun higiezinen enkantea eginen da. Pisu bat eta trasteleku bat eta bi partzela salduko dira horrela. Nafarroako Foru Ogasunak jakinarazi duenez, Altsasun dauden ondasun higiezin enbargatuak enkante bidez salduko ditu. Eskaintzak egiteko epea apirilaren 24ra artekoa da. Bi lote dira salduko direnak. Alde batetik, Zelai kaleko 52. zenbakian dagoen 68 m2-ko pisu bat eta 15,3 m2-ko trastelekua. Haiengatik 77.455,94 euro eskatzen dituzte. Enkante bidez salduko den bigarren lotea bi lursailez osatuta daude, Uberaga eta Arrurdintzulo dermioetan daude eta haiengatik 3.251,02 euro eskatzen dira. Nafarroako Aldizkari Ofizialaren apirilaren 4ko zenbakian dago enkante deialdiari buruzko informazioa.
  • Olatzagutian, Ibilgailuen gaineko zerga ordaintzeko deialdia. Garaiz ordaintzen ez duenari errekargua jarriko diote. Olatzagutiko Udalak jakinarazi du aurtengo trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren ordainagiriak borondatez ordaintzeko epea maiatzaren 5ean despedituko dela. Helbideratutako ordainagiriak apirilaren 15ean kargatuko dira kontuetan, eta helbideratu gabekoak, berriz, udalaren banku-kontuetan edo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez (https://sedeelectronica.olazti.es) ordaindu beharko dira.
  • Gizonezkoa hil da trafiko istripu baten ondorioz. Ezbeharra Hiriberri Arakilgo bidegurutzean gertatu zen hilaren batean. Traktore batek eta auto batek talka egin zuten Hiriberri Arakilgo bidegurutzean. Traktore batek eta auto batek talka egin zuten trenbide azpiko pasabidearen parean apirilaren 1ean, 12:16an. Istripuaren ondorioz, autoan kopilotuaren aulkian eserita joaten zen gizonezkoa larri zauritu zen eta Nafarroako Ospitale Gunera eraman zuten eta asteartean hil zen. 80 urteko gizonezkoaren aldeko hileta elizkizunak Satrustegin gaur arratsaldean eginen dituzte. Aurten trafiko istripuan hil den bigarren sakandarra da. Dagoeneko hamabost pertsona hil dira aurten Nafarroako errepideetan, 2024ko aldi berean baino zortzi gehiago.
  • Bakaikun, Suhiltzaileek sutea itzali zuten. Landaretza erre zen trenbide bazterrean. Altsasuko parkeko suhiltzaileek Bakaikun piztu zen sute bat itzali zuten atzo arratsaldean. Trenbide bazterrean sua landaretza erretzen hasi zen. Suhiltzaileak gaztigatu zituzten eta haiek izan ziren ura erabiliz itzali zutenak.
  • Altsasun, Sunsudegiko langileek eta batzordeak, elkarretaratzea egin zuten Udaletxe aurrean eta bertan David Trevejok adierazpenak egin zituen, hemen entzungai.

Kirolak, 

  • Txirrindularitzan, Itzuliko hirugarren etapa sakandarrendako ez zen ona izan. Arrietak ia 14 minutu utzi zituen, eta Mintegik ia 19 minutu. Gaur Beasainen hasi eta Markina Xemeinen despedituko da Itzuliko laugarren etapa, 7 porturekin. Itzuliko lehen etapa menditsuak aldeak sortu ditu sailkapenean. Zarautzen hasi eta Beasainen despeditu zen etapak 7 portu zituen, ez oso gogorrak, baina tropela zatikatzeko modukoak. Azken txanpan, Lazkaomendiren jaitsieran, Almeida portugaldarrak (UAE Emirates) erasoa jotzeko keinua egin zuen, baina Alex Aranburuk (Cofidis) ez zion utzi. Azkenean, Aranburuk irabazi zuen etapa (3:45:21), faborito nagusiei, Schachmann liderrari barne, hiru segundo aterata. Hikamika egon zen, errotonda bat ez zuela ongi hartu eta aldea atera zuela azaldu baitzuen epaile batek, eta tarte batean garaipena kendu zioten, baina etapako road booka aztertuta, errotonda ongi hartu zuela ondorioztatu zuen antolakuntzak eta garaipena Aranbururi eman zioten. Sakandarrendako ez zen egun gozoa izan. Igor Arrieta (UAE Emirates) 80. iritsi zen, 13:49ra, eta Iker Mintegi (Euskaltel Euskadi) 124., 18:50ra. Sailkapen orokorrean Maximilian Schachmannek jarraitzen du lider, 4 segundora Florian Lipowitz eta Joao Gonçalves (UAE Emirates) dituela. Igor Arrieta 61. postuan dago, 14:31ra, eta Iker Mintegi 151. postuan, 21:03ra. Gaurkoa: Beasaindik abiatuko da tropela, Zumarraga aldera. Oñati gainditu ondoren hasiko dira portuak. Hirugarren mailako Asentzio gaindituta, Berrizen sartuko da proba, Bizkaian. Hirugarren mailako Muniketagane, Bizkaiko Begiratokia, Gontzagaraigana, Lekoitzegane eta Milloi gaindituta, lehen mailako Izua gainditu beharko dute txirrindulariek Markina Xemeingo helmugarako 10 kilometroren faltan.
  • Saskibaloian, CBASK, play-offetako sailkapen fasean. Mutilen bigarren autonomikoan CBASK Narum Fisioterapiak Noainen kontrako joanekoa galdu zuen eta bueltakoa du jokoan. Nesken lehen senior mailako CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak bukaera fasean San Ignacio du aurkari. Mutilen bigarren maila autonomikoan, CBASK Narum Fisioterapiak bigarren faseari ekin dio, 1 eta 8 postuen arteko ligaxkari, hain zuzen ere. Helburua lehen lau postuetan sartzea da, play-off postuetan, ligako tituluaren borrokan sartzeko. 1-8 postuen arteko sailkapen faseko lehen jardunaldian CBASK Narum Fisioterapiak CB Noain taldea hartu zuen Zelandin, eta partida borrokatuan, azkenean Noain gailendu zen 10 punturen aldearekin, 79-89. Partidaren lehen zatian parez pare aritu ziren bi taldeak, baina erdialdean Noainek abantaila txikia hartu zuen, bukaerara arte mantendu zuena. Gauzak horrela, itzuliko partida jokatuko dute Noainek eta CBASK Narum Fisioterapiak apirilaren 12an, 18:30ean, Noainen. Altsasuk irabazi beharra du, bi taldeek elkarren kontra jokatuko duten hirugarren jardunaldirako parean jartzeko. Neskak, bukaera fasean. Nesken lehen senior mailan, CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak final laurdenetako bukaerako fasean San Ignacio izango du aurkari. Joaneko partida apirilaren 11n jokatuko da, ostirala, 20:00etan, Zelandin. Ea altsasuarrek ongi ekiten dioten fase erabakigarriari.